Joan den irailaren 10ean, Palmera Montero Gunean, 2027ko Aurrekontu Parte-hartzaileen aurrez aurreko saioa egin zen. Bertan, lantaldeek 16 proposamen eztabaidatu zituzten, eta bertaratutakoen bozketari esker, azken fasera igaroko den lehen hiru proiektuko lotea aukeratu zen. Jon Ugarte Gobernu Irekia eta Herritarrentzako Arretako ordezkariak ireki zuen saioa, hirian ekimen honek duen garrantzia, filosofia eta ibilbidea azpimarratuz.
Hiru proiektu bozkatuenak honako hauek izan dira: auzoetan emozioen kudeaketarako jarduerak garatzeko espazioak egokitzea gazte zein helduentzat; hiriko espaloietan zuhaitzen sustraiek sortutako altxamenduak konpontzea, mugikortasun arazoak dituzten pertsonen erorketak saihesteko; eta zakurren gorozkiak biltzeko zakarrontziak indartzea, kaleen garbitasuna errazteko. Udaleko zerbitzu teknikoek bideragarritasuna aztertu ondoren, hiru proposamenok azken bozketara igaroko dira zuzenean.
226 proposamen digital
Bestalde, Udalaren webgunearen bidez 226 proposamen jaso dira guztira (193 prozesu orokorrean eta 33 gazteen atalean). Prozesu orokorreko online proposamenen aurre-bozketa irailaren 28an eta 29an egingo da, eta balorazio onena jasotzen duten 13 proiektuak azken fasera pasako dira. Haiei Auzo Elkarteen Federazioaren hiru proposamen eta Herritarren Foroaren bat gehituta, 20 proiektu finalista osatuko dira (gazteen prozesuak ere bere 20 proiektu finalistak izango ditu). Erabakigarria izango den azken bozketa urriaren 2tik 6ra bitartean egingo da udal webgunean, Irun Txartelarekin. Era berean, online bozkatzen laguntzeko karpa berezi bat jarriko da Zabalgune plazan urriaren 2an, 18:00etatik 20:00etara.



