Joan den ostiralean, irailaren 18an, BAT Kirol eta Osasun Zentroaren zabalpena inauguratu zuten ofizialki Irungo Lope de Irigoyen kaleko 8an. Ekitaldiak 100 pertsona baino gehiago bildu zituen, tartean Irungo Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta klubaren babesle nagusietako ordezkariak. Ibon Muñoz kudeatzaileak azaldu zuenez, orain dela bi urte irekitako espazioak harrera bikaina izan du: arratsaldeko ordutegiak erabat bete dira eta itxaron-zerrendak sortu dira, herritarrek osasuna, mantentze-lanak eta errehabilitazioa zaintzeko erakutsi duten interes handiaren ondorioz. Zabalpen honekin batera, klubaren bulegoak ere gune berean kokatu dituzte sinergiak sortzeko.
Fisikoki handitzeaz gain, giza baliabideak ere indartu ditu zentroak. Orain arteko taldeari hiru prestatzaile pertsonal berri batu zaizkio (Mikel Larra, Beñat Iturrioz eta Alazne Garrido). Eneko Albisu zentroko arduradunak langileen inplikazioa eta bezeroen leialtasuna azpimarratu zituen arrakastaren gako gisa, prestatzaile gehienak txikitatik klubari lotuta egon direla gogoraraziz. Horrez gain, erabiltzaileen jarraipena zein arretaren kudeaketa hobetzeko aplikazio propio bat garatu dutela iragarri zuen. Zentroak fisioterapia (Aitor Aldaya) eta psikologia (Sara Mariezkurrena) zerbitzuak eskaintzen jarraitzen du, eta nutrizioan ere berritasunak izango dituzte laster.
Doako autodefentsa ikastaroak
Inaugurazioan nabarmendu zen beste berrikuntzetako bat emakumeei zuzendutako eskaintza izan zen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Emakumeok Mugimenduan programari esker, urrian eta azaroan autodefentsa ikastaroak emango dira doan larunbat goizetan Geaxi Moredaren eskutik. Saio horiek psikologiari buruzko hitzaldi laburrekin eta hamaiketako batekin osatuko dira.



