EKOLOGIN proiektuak tokiko merkataritza eta banaketa jasangarria indartu ditu Irunen

EKOLOGIN proiektuak aurrerapen garrantzitsuak lortu ditu Irunen bi urteko lanaren ostean, tokiko merkataritza, digitalizazioa, jasangarritasuna eta inklusio soziala uztartuz. Ekimen honen emaitza nagusien artean dago irun.market online salmenta-plataformaren hazkunde nabarmena: 2025eko urtarriletik hona saltoki aktiboak 22tik 33ra igaro dira (% 50 gehiago) eta erregistratutako herritarren kopurua ia zazpibikoiztu da, 110etik 755era iritsiz. Horrez gain, plataformaren ordainketa-sistema zein intranetearen interfazea hobetu dira, eta eskaera guztiak Badoa tokiko bizikleta bidezko enpresaren bidez banatzen dira hiri-ingurumenaren inpaktua gutxitzeko.

EKOLOGIN proiektua Kutxa Fundazioaren erronka ekosozialetarako laguntza-deialdiaren babesarekin garatu da 2025 eta 2026 artean. Partzuergo zabal batek bideratu du lana —besteak beste, Bidasoa bizirik, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra, Basque Food Cluster, Badoa, DFG eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoa bilduz—, eta Irungo Udalaren zein Bidasoa ESIaren laguntza izan du, hiri hurbilago, irisgarriago eta jasangarriago bat eraikitzeko helburuarekin.

Etxez etxeko arreta farmazeutikoa

Gainera, proiektuaren lorpen nagusietako bat izan da Irungo pertsona zaurgarrientzako etxez etxeko arreta farmazeutikoko egitasmo pilotua. Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialak bultzatuta, Osakidetzako Bidasoa ESIarekin eta Udaleko Gizarte Zerbitzuekin lankidetzan, zerbitzu hau ez da sendagaiak entregatzera mugatzen: farmaziako langilea bera joaten da etxera medikazioa berrikusteko eta mugikortasun zein laguntza faltarekin lotutako zailtasunei modu indibidualizatuan erantzuteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude