Zelaian utzitako izerdiak, erakutsitako grinak eta urratutako bide bakoitzak oihartzun sakona dute oraindik ere emakumeen futbolean. Leire Landa (Irun, 1986) euskal emakume futbolaren historia hurbilaren erakusgarri bizia da. Oiartzungo harrobian baloiaren atzetik bere lehen urratsak egin ostean, hainbat taldetan aritu da, hala nola Realean, Athleticen, Athletico Madriden eta Barçan, baita Espainiako Selekzioan ere, Munduko Txapelketan parte hartuz. 2017an hartu zuen erretiroa, baina berriki omenaldia egin diote Stadium Galen Emakumezkoen Euskal Herria Kopako finalaren atarian.
Landaren futbolarekiko maitasuna ez zen etxe barruko tradizio edo zaletasun baten ondorioz jaio, auzoko kaleetan jolastuz eta Txingudi Ikastolako Eskola Kiroleko taldean baizik. Eskolako jarduera horretan saskibaloia eta eskubaloia probatu zituen arren, futboleko baloiak berehala erakarri zuen bere interesa. Garai hartan, Irunen neskentzako futbol aukerak oso mugatuak zirenez —Dunboa eta Nire Ametsa bezalako talde xumeek egindako ahalegin bakartiei esker eta oso baliabide gutxirekin—, Oiartzungo taldearen deia jaso zuen. Bertan egin zituen bere lehen urrats nagusiak, garai hartan emakumeen futbolean erreferente eredugarria zen klubean. Egungo egoerarekin alderatuta, Leire Landak azaldu digunez, “zorionez geroz eta talde gehiagok ikusten dute egun neskentzako futbol taldeak sortzeko beharra eta garrantzia”.
“Zorionez geroz eta talde gehiagok ikusten dute egun neskentzako futbol taldeak sortzeko beharra eta garrantzia”
Leire Landa, futbolari profesional ohia
Garai hartan futbolari profesionala izatea ez zen amets bideragarria neska gazte batentzat; oraindik bidea ez zegoen egun bezain urratua, ezta erreferente publiko handirik ere komunikabideetan. Landak, ordea, ez zuen etorkizuneko profesionalizazioan edo futboletik bizitzean pentsatzen; jokatzeko gogo hutsak, pasioak eta bidean sentitzen zuen pozak mugitzen zuten orduan. Landaren hitzetan: “futbola nire bizipoza zen orduan, behar nuen zerbait”. Erreferente maskulino zein femenino zehatzik gabe hazi zen. Hala ere, haurtzaroan gainditutako minbizi baten ostean, Iván de la Peña futbolaria bihurtu zen bere babesleku, bere burua islatuta ikusteko modua aurkitu baitzuen beregan. Une zail horretan, De la Peñak zeraman 23 zenbakiak barne indar berezia eman zion, eta zenbaki hura bizitzako eta kirol karrerako ikur nagusi bilakatu zen Landarentzat.
Bide propioa urratzen
Kirol ibilbideak urrats sendoak eta ausartak eskatzen zizkion pixkanaka. Oiartzundik Realera igaro zen, Donostian lehen emakumezkoen taldea osatzeko egitasmo garrantzitsu hartan parte hartuz. Baina hobetzen jarraitzeko goseak eta gauza desberdinak ezagutzeko gogoak etxetik urrun gogor saiatzera eraman zuten. Madrilera joan zenean, futbolak bizibide osorik ematen ez zionez, beste lan bat bilatu behar izan zuen kirolarekin batera uztartzeko. Halako batean, Athleticen deia iritsi zen, eta bilbotarrek, Madrilen ez bezala, futboletik bakarrik bizitzeko benetako aukera eskaini zioten. Leire Landak azpimarratu duenez, “pausu garrantzitsua izan zen hainbeste urteren ostean horrelako aukera bat edukitzea”.
Ordutik aurrera, Landaren garapena geldiezina izan zen zelai barruan. Baina bere helburu nagusia ez zen inoiz izan garaikur handiak biltzea edo Munduko Txapelketa bat jokatzea; bere amets bakarra Bartzelonako elastikoarekin eta atzean 23 zenbakia erabiliz lehiatzea zen. Eta, esfortzuaren bidez, lortu egin zuen. Barçan jokatu zituen urteak gailurra izan ziren bere kirol karreran, nahiz eta bide horretan sakrifizio itzelak egin behar izan zituen, lagunarteko festak, asteburuetako aisialdia eta beste hainbat kontu atzean utziz. Dena den, Leire Landak onartu duenez, “besteek ez bezala, nik, ordea, beste gauza batzuk bizi izan nituen eta ni zoriontsu nintzen”.
Futbol profesionalean aritzeak orduko eta egungo errealitateen arteko alde handia ikusteko balio izan dio. Gaur egungo jokalariek baliabide tekniko, mediko eta ekonomiko askoz hobeak dituzte. Landak harrotasunez begiratzen dio egoera berri honi, beraiek, garai hartako emakume jokalariek, ondorengoentzat ateak ireki zituztela jakinda. Urrutiko partiduetara joateko autobus bidaia amaigabeetan autobusaren atzeko aldea “ikasketa gela” gisa antolatzen zutela gogoratzen du, unibertsitateko liburuak lehiaketarekin uztartuz. Leire Landak azaldu duenez, “orain jendeak ikasten jarraitzen du futbolean ari den bitartean, baina behintzat hortaz bizitzeko aukera du jokatzen duen bitartean, beste lanik bilatu gabe”. Zelaian irekitako ate horiei esker, egungo gazteek etorkizun egokiago bat daukate bermatuta. Landak gaineratu duenez, “nik uste guk ateak ireki genituela ondoren etorri direnentzat eta hori lortzeagatik oso pozik nago”. Dena den, jokalari profesionala izandakoak onartu du, beraien aurretik futbolean aritzeko zailtasun are handiagoak izan zituzten emakumeak ere izan zirela.
Kirol profesionalari agurra
Espainiako Selekzioarekin Kanadako Munduko Txapelketan parte hartzea mugarria izan zen. Munduko jokalaririk onenen aurka lehiatzeak esperientzia ahaztezina utzi zion. Baina kirolak bere alde ilunena ere erakutsi zion berehala: lesioak. Hiru aldiz hautsi zuen belauna, eta horrek bakardade sentsazioarekin igarotako hilabete zail eta luzeak ekarri zizkion. “Lesioaren momentuan gaziki pasatzen duzu, batez ere lehenengo aldia ez denean, badakizulako zer datorren horren atzetik”. Garai hartan, gaur egun ez bezala, osasun mentala ez zen kluben egituran lantzen, eta jokalari bakoitzak zelaitik kanpo eta bere kabuz egin behar zien aurre buruan sortutako erronka eta iluntasunei.
“Nik uste guk ateak ireki genituela ondoren etorri direnentzat eta hori lortzeagatik oso pozik nago”
Leire Landa, futbolari profesional ohia
2017an iritsi zen erretiroa hartzeko unea, Barçarekin izandako tentsio eta arazo batzuen ondorioz. Bukaera garratza eta desatsegina izan bazen ere, erretiratzeak askatasun sentsazio handia eman zion, bizitzako beste aro bati ekiteko aukera zabalduz: Gizarte Hezkuntzaren bidetik lan egitea eta futbolaz kanpoko mundua ezagutzea. Gaur egun, futbolarekiko lotura nahiko urruna du, oraindik itxi gabeko “zauri txiki” baten ondorioz, baina horrek ez dio eragozten bere egungo bizitzaz erabat gozatzea.
Aitortza etxeko zelaian

Azkenik, iragan hurbilean, Stadium Galen jasotako omenaldi publikoak biribildu egin du bere ibilbide osoaren balorazioa. Pertsona lotsatia izanik eta ospearen mundua gogoko ez badu ere, koadrilaren eta familiaren aurrean jasotako keinuak sakonki hunkitu zuen irundarra: “Oso polita izan zen eta asko eskertu nien horrelako aukera izatea”.
Landak bi une berezi gordetzen ditu bere bihotzean futbolari bezala bizitako oroitzapenen artean: lehenengoa, Barçako kamiseta 23 zenbakiarekin janzteko unea bera; bigarrena, berriz, askoz xumeagoa baina maila berean zirraragarria: Oiartzunekin mailaz igotzeko fasea jokatzen ari zirela, helburua lortu ez arren, Oiartzungo herri osoak zelaian emandako bultzada eta bero ahaztezina. “Gerora futbolean gauza handiagoak egin ditudan arren, badira berezi bihurtzen diren momentu txikiak”, adierazi du jokalari ohi irundarrak. Momentu txiki baina handi horiek erakusten dute nor den benetan Leire Landa: ahaleginari esker futbolaren maila gorenaz gozatzera iritsi den emakume irundarra.
Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



