Hueccoren doako kontzertuak eremu egokitua izango du San Juan plazan larunbatean

Irungo Udaleko Kultura Zerbitzuak jakinarazi duenez, San Juan plazan egokitutako plataforma bat instalatuko da mugikortasun urria duten herritarrek Huecco abeslariaren kontzertuaz erraztasun osoz gozatzeko aukera izan dezaten. Ikuskizuna datorren larunbatean, urriak 3, egingo da gaueko 22:00etan, Irun Zuzenean Zikloaren bederatzigarren edizioaren barruan, eta sarrera erabat doakoa izango da.

Egitura berriak 20 pertsonarentzako tokia eskainiko du, eta itxarote-zerrendan gehienez beste sei plaza gehitzeko aukera ere egongo da. Sarbide-arrapala batez hornituta eta behar bezala seinaleztatuta egongo da gunea, eta bertako sarbidea kudeatzeko zein kontrolatzeko langileak egongo dira. Egokitutako leku hau erabili nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute Udalaren webgunean dagoen inprimakiaren bidez, datorren ostiraleko (urriak 2) 12:00ak baino lehen.

Ekimen honen bidez, Udalak kultur programazio inklusiboa eta pertsona guztientzat irisgarria bermatzeko konpromisoa berretsi du. Aurtengo Irun Zuzenean Zikloak bederatzi kontzertu bilduko ditu urriko bost larunbatetan zehar. Huecco zein Carlos Sadness abeslariez gain, Jimena Amarillo, Biznaga, Pipiolas, La Paloma, La Habitación Roja, Garazi Esnaola eta Amaia Miranda bezalako talde nahiz bakarlariak igoko dira ohaltzara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude