Osasun Sailak eta Osakidetzak beste urrats bat eman dute Irungo Lehen Mailako Arreta indartzeko, Oinaurreko Osasun Zentro berria eraikitzeko proiektua BELDARRAIN SLP arkitektura-estudio gipuzkoarrari esleituta. Guztira 11,2 milioi euroko inbertsioa egingo da 7.200 metro koadroko lursail batean eraikiko den azpiegitura honetan (Arrabatenea kalean), eta eraikitako 3.500 metro koadro inguru izango ditu. Zentro berri honek Belaskoenea, Elitxu-Lapitze, Urdanibia, Anaka eta Ventas auzoetako 25.000 pertsona ingururi emango die zerbitzua, hiriaren biztanleria-hazkundeari erantzunez eta zerbitzu sanitarioen irisgarritasuna hobetuz.
Eraikin berriak gaitasuna eta zerbitzu-eskaintza nabarmen handituko ditu. Horrela, familiako medikuntzako eta erizaintzako 27 kontsulta, ama-haurren arretarako 10 kontsulta, erabilera anitzeko 4 kontsulta (proba funtzionalak, sendaketak, larrialdiak eta odola ateratzeko) eta kanpo-kontsultako 4 gune (optometriarako egokituak barne) izango ditu. Horrez gain, Lehen Mailako Arreta indartzeko estrategiaren barruan, profil profesional berriak sartuko dira, hala nola psikologoak, fisioterapeutak, optometristak eta kronikotasuneko praktika aurreratuko erizainak (kPAE).
Egitarauaren arabera, proiektua 2026ko azken hiruhileko honetan idatziko da eta eraikuntza-lanak 2027an zehar abiaraziko dira, osasun-zentroa 2030ean martxan jartzeko helburuarekin. Ekimen hau Bidasoko ESIaren 2025-2035 aldiko Plan Zuzentzailearen barruan kokatzen da; plan horrek, Irun Berria zentroarekin, Alarde kaleko errefortzu-gunearekin eta Bidasoko Ospitaleko bloke kirurgiko berriarekin batera, 51 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa dakar eskualdeko osasungintza modernizatzeko.



