Hizkuntza gutxituak biziberritzeko kontakizunak eta elkartasuna izan ditu ardatz BIHAR kongresuak

Irailaren 24an eta 25ean, Irun eta Hendaia mundu osoko hizkuntza gutxituen elkargune bihurtu dira BIHAR nazioarteko kongresuan. Euskararen eremu desberdinetako lau erakundek antolatuta (Garabide, Plazara, Soziolinguistika Klusterra eta Taupa), topaketak 40 hizkuntza-komunitatetako 200 ordezkari bildu ditu Bidasoako muga sinbolikoki gainditzeko eta elkarrengandik ikasteko asmoz. Gorane Ayesta Maidagan kongresuko koordinatzaileak jardunaldiek utzitako hausnarketak jakinarazteaz gain, abiatu berri den mundu mailako hizkuntzen federazioaren berri ere eman digu elkarrizketan.

Zein da kongresu honen helburu nagusia?

BIHAR izena jarri diogun nazioarteko kongresu hau, BIHAR izeneko egitasmo baten barnean kokatu dugu. Egitasmo hau duela bi urte abiatu genuen helburu jakin batekin: hizkuntzak biziberritzeko kontakizunak eta argumentuak erdigunera ekartzea. Egoera gutxituan edo minorizatuta dauden hizkuntzek, badute edo eduki beharko lukete barne kontakizun bat hizkuntza horiek zergatik biziberritu behar diren argudiatzeko. Horietaz hitz egiteko egitasmo hau sortu genuen eta kongresu hau izan da azken emaitza.

Nolako parte–hartzea izan du kongresuak?

Ba egitasmoak oso harrera ona izan du, bai nazioartean eta baita Euskal Herrian bertan ere. Harrera horren erakusle da, adibidez, egun hauetan zehar kongresuan biltzea lortu dugun nazioarteko komunitate kopurua. Izan ere, euren hizkuntza biziberritzen ari diren 40 bat hizkuntza komunitate bildu gara hizlari, gonbidatu eta publikoaren artean. Guztira, 200 pertsonak parte hartu dugu; batzuek kongresuak Bilbon izandako abiapuntuan eta beste batzuek Irunen.

“Egitasmo hau duela bi urte abiatu genuen helburu batekin: hizkuntzak biziberritzeko kontakizunak eta argumentuak erdigunera ekartzea”

Gorane Ayesta Maidagan, BIHAR kongresuko koordinatzailea

Nori zuzenduta dago?

Bilatu nahi izan duguna da kongresuek izan ohi duten kutsu akademikotik urruntzea eta  ez izatea soilik akademiari zuzendutako egitasmo bat. Horretarako, aniztasuna bilatu dugu eskaintzan. Bilbon abiatu ginen eta lehenengo jardunaldia arratsaldez egin genuen, goizeko jardunaldietara etorri ezin daitekeen jendeari parte hartzeko aukera eskaintzeko. Irunen goiz eta arratsaldez eraman dugu aurrera kongresuaren muina esan dezakeguna, kutsu akademikoagoa duena. Kasu honetan hizkuntzen biziberritze prozesuarekin zerikusia duen jendea izan da interpelatu nahi izan dugun publikoa. Hor sartzen dira komunitateetan beraien hizkuntza biziberritzen ari diren aktibistak, militanteak, elkarteetako kideak, akademikoak, instituzioetako ordezkariak eta artistak. Gure iritziz herri kulturak eta arteak beren garrantzi berezia dute hizkuntzen eta komunitateen garapenean. Iluntzeetan, eskaintza artistiko soziokulturala eskaini dugu Borderline Fabrikan, Hendaian. Bertan, jolasaren bidez edo beste modu bereziren batean, gazteak, familiak edo nahi duen herritar oro gure espaziora hurbilarazten saiatu gara, proiektu honekin harremanetan jar zitezen.

Zergatik aukeratu duzue Irun kongresuaren egoitzetako bat izateko?

Guretzat hau oso leku berezia da. Proiektu honen antolakuntzan lau erakundek parte hartu dugu: Garabidek, Plazarak, Soziolinguistika Klusterrak eta Taupak. Euskararen biziberritzetik gertu gauden erakundeak gara eta gu geu ere, batzuk hegoaldekoak gara eta beste batzuk aldiz, iparraldekoak. Beraz, kongresua hemen kokatu nahi izan dugu, euskal hiztun komunitatea bereizten duen muga bertan baitago eta horrek ere euskararen egoeran eragin nabarmena duelako. Guretzat oso garrantzitsua izan da Irun eta Hendaiaren arteko lerro honetara gerturatzea, nolabait muga hori apurtzen saiatzeko eta gure kongresua euskararen herri osoan garatzeko.

Nolako hizkuntzek izan dute ordezkaritza bertan?

Erronka bat geneukan: Ahal dela munduko hizkuntza komunitate ezberdin gehienetako jendea erakartzea. Adibidez, guk Garabideren bidez badugu harremana hego-ertamerikarekin eta afrika iparraldeko komunitateekin, baina egitasmo hau mundu osora zabaldu nahi genuen, kontinente guztietako komunitateak ekartzeko. Gure artean izan ditugu Ipar Afrikako amazighak, Zimbabweko komunitate bateko kide bat, Kurdistango bi pertsona kurdu, Zeelanda Berriko maoria den emakume bat, Australiako aborigenak, Kanadako British Columbia zonaldeko hainbat herrietako biztanleak, Haitiko kreoleak, Maputxeak, Ketxuak, Europatik galesak, okzitaniarrak eta katalanak; beraz, bai, mundu osoko komunitateen lagin bat bildu nahi izan dugu.

Hizkuntza gutxitu bakoitzaren ezaugarriak ezberdinak izan arren, erronka partekatu asko aurkitu dituzue?

Bai, kongresua antolatzerakoan buruan eduki dugun ideietako bat izan da hori, eta ostean, kongresuan zehar ere, baieztatu dugun zerbait da. Horrelako egoera batean aurkitzen garen hizkuntza komunitateek badugu erronka partekatu bat: gure hizkuntza eta kulturei lekua eta arnasa emateko nahia. Gero bakoitzak bere historia eta egoera sozioekonomikoa eta politikoa dauka eta erronkak ere ezberdinak dira. Batzuk gainera indarkeria handiko testuinguruetan bizi dira edo ez dute ofizialtasunik estatuaren partetik. Baina badago batasun hori gutxitutako hizkuntza biziberritzeko prozesu batean dauden hizkuntzen artean. Dena den, kontakizun negatiboa irauli nahi dugu, galeraren zentzu negatibotik aldendu eta biziberritzen ari diren hizkuntza bezala ikusteko. Hemen bildu garen hizkuntza guztien atzean badago horiengatik lanean ari den komunitate bat, hizkuntza berreskuratzeko.

Biziberritze hori bermatzeko belaunaldien arteko transmisioa funtsezkoa izango da, ezta?

Bai, belaunaldien arteko transmisioa etorkizuneko gakoetako bat da. Kongresuko kide batzuekin aipatzen genuen hizkuntza transmititzeaz gain, horien memoria zabaltzearen beharra. Horrela, belaunaldi berriek hizkuntza komunitate horiek bizitako egoerak ezagutu behar dituzte, zapalkuntza uneak tarteko, berriro errepikatu ez daitezen; horrelako gauzak ez baitira egun batetik bestera gertatzen. Garrantzitsua da horiek identifikatzea, ez ahazteko.

“Badugu erronka partekatu bat: gure hizkuntza eta kulturei lekua eta arnasa emateko nahia”

Gorane Ayesta Maidagan, BIHAR kongresuko koordinatzailea

Kongresu honetan euskarak zer eman eta zer jaso du?

Euskal hiztun komunitateak erakusteko eta partekatzeko garaian, Euskal Herriak   biziberritze prozesu propioa duela konturatu gara. Azkenean, frankismoaren ostean loraldi bat gertatu zen eta biziberritze prozesu hori oso emankorra izan zen, eremu askotara iritsiz. Guk gure kontakizun propioak dauzkagu eta erakusteko modukoak, baina ezin dugu espero gainontzekoek gure urrats berberak egitea. Guk gurea erakutsi dugu, beste komunitate batzuek eurena erakutsi diguten bezala, elkarrengandik ikasteko. Hala ere, bakoitzak bere testuinguruan eta errealitatean eman beharko ditu pausuak.

Behin BIHAR kongresua amaituta, zein izango da proiektu honen emaitza?

BIHAR kongresua amaitu da eta dagoeneko eman ditu bere fruituak, nahiz eta oraindik ez dakigun bertatik zer jaioko den. Kongresuan hizkuntzen federazioa aurkeztu dugu, euren hizkuntza biziberritzen ari diren komunitateen bilgunea izateko. Bertatik haztea da gure helburua, sare bat osatuz elkarrekin lan eginez eta etorkizun baterantz proiektatzeko, mundu mailan jarduteko eta eragiteko gaitasuna izanez.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude