Bidasoa ibaiak ez ditu soilik lurraldeak bereizten, herritarren arteko lankidetzarako eta bizikidetzarako eremu aberats bat ere osatzen du. Testuinguru honetan jaio da Mugaz Muga 2026, azaroaren 22an Hendaia, Irun eta Hondarribia lotuko dituen triatloi solidario eta feminista. Txingudiko Elkarte Feministak, Emeki Elkarteak eta Hendaia Uretan elkarteak elkarlanean antolatutako proiektu hau 16 urtetik gorako emakumeei zuzendutako kirol ekimen ez-lehiakorra da, eta proba guztiak errelebo bidez egiteko aukera eskaintzen du.
Ekimen honen helburu nagusia kirola sentsibilizaziorako eta eraldaketa sozialerako tresna bihurtzea da indarkeria matxista bistaratuz eta gaitzetsiz, eta, aldi berean, berdintasuna, emakumeen ahalduntzea zein adin eta kultura ezberdinetako pertsonen arteko bizikidetza sustatuz. “Emakumeak eta hiru hiriak batzeko ekitaldi bat egin nahi izan dugu, kirolarekin lotura duena”, azaldu du Miren Eizaguirrek Hendaia Uretan elkartearen izenean. Izan ere, azaroaren 25aren inguruan, Emakumeen Kontrako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunean, gizarte osoa sentsibilizatu nahi dute. “Ohikoa izaten da emakumeak, beren zereginen ondorioz, beren buruaz ahaztea, beraz, garrantzitsua da kirolarekin ere hori ez gertatzeko inguruan kirol talderen bat edukitzea edo ekintzak izatea” aipatu du Txingudiko Elkarte Feministako Elena Serranok. Tamara Sastre, Hondarribiko Emeki elkarteko kideak gaineratu duenez, Txingudiko Elkarte Feminista izan zen egitasmo hori antolatzeko urratsa egiten lehena eta gainontzekoak xaxatzen aurrena.
“Emakumeak eta hiru hiriak batzeko ekitaldi bat egin nahi izan dugu, kirolarekin lotura duena”
Miren Eizaguirre, Hendaia Uretan elkarteko kidea
Ibilbideari eta antolaketari dagokienez, parte-hartzaile bakoitzak hiru modalitate hauetatik bat, bi edo hirurak egin ditzake: lehenik, 2 kilometroko uretako senderismoa edo ibilbidea Hendaiako hondartzan; ondoren, 15 kilometroko txirrindularitza saioa Hendaiatik Hondarribiraino; eta, azkenik, 5 kilometroko korrika saioa Hondarribian. “Hasiera batean taldeka edo soilik bakarka egiteko aukera aztertu genuen, baina konturatu ginen parte-hartzaile bakoitzak zenbat proba egin nahi dituen aukeratuz gero, parte hartzeko aukerak askoz gehiago zabaltzen zirela”, adierazi du Emeki elkarteko Tamara Sastrek. Horrela, bakoitzak erabaki ahal izango du triatloian zenbat proba egin nahi dituen; denak edo batzuk soilik.
Mugaren bi aldeetako hiru elkarteek euren gaitasunak bateratu dituzte: Hendaia Uretan elkarteak uretako zatia koordinatzen du, Txingudiko Elkarte Feministak lasterketa eta sentsibilizazio ekintzak kudeatzen ditu, eta Emeki Elkarteak helmugan eta amaierako jardueretan hartzen du parte bereziki. Hau da, laburbilduz, bakoitza bere hirian arduratuko da triatloiaren antolaketaz. “Udaltzainen aholkularitza izan dugu froga prestatzeko, eskualdean hainbeste kirol proba egiten direnez, ibilbidea prestatzen eskarmentu handia baitute”, erantsi du Tamara Sastrek. Izan ere, boluntarioek ere, paper garrantzitsua izango dute probaren egunean, ekitaldiaren antolaketa egokia bermatu eta aldarrikapena behar beste zabaldu dadin.
Horretaz gain, egitasmoaren lehen edizioa izanik, biziki eskertu dute babesle aldetik ere jaso duten laguntza, esaterako, Eroskiren, Pasquierren, Kaikuren eta Egarri Edarien babesletza jaso dute, baita eskualdeko hiru udalen laguntza ere. Esker hitzak izan dituzte Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoarentzat ere, bertatik emandako diru laguntza bati esker aterako baita aurrera proiektu hau. Orokorrean, antolatzaileak pozik azaldu dira bidean ukitutako ateak zabalik aurkitu izanagatik.
Kiroletik indarkeria matxistaren aurka
Antolakuntzakoek azaldu digutenez, proba ez lehiakor bezala prestatzea erabaki dute, helburua ez baita kirol lehiaketa bat antolatzea; jada kirol proba asko egiten baitira eskualdean. “Gure nahia aldarrikapena egitea da, kirola egiten dugun bitartean”, aipatu du Elena Serranok. Gainera, izen-emate, kamiseta salmenta eta dohaintzen bidez lortutako irabaziak osorik bideratuko dira Irungo Bizibidean Elkartera eta Hendaiako Bagerara, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei laguntza eta babesa emateko egiten duten lana sustatzeko. Beraz, proban bildutako diru guztiak helburu solidarioa izango du, indarrak batu eta aldarrikapena egiten den bitartean.
“Gure nahia aldarrikapena egitea da, kirola egiten dugun bitartean”
Elena Serrano, Txingudiko Elkarte Feministako kidea
Proiektu honek erantzuna ematen dio Bidasoaren bi aldeak zeharkatzen dituen errealitate sozial gogor bati: indarkeria matxistari. Izan ere, 2026ko datu ofizialek erakusten dute egiturazko arazo honek ez duela muga administratiborik ezagutzen. Mugaz Muga, izenak berak adierazten duen bezala, mugak gainditu nahi dituen proiektua da. “Indarkeria matxista eta emakumeen aurkako indarkeria hiru hirietan gertatzen da eta Emakundek urtero argitaratzen dituen datuek erakusten dute halako erasoak egunero izaten direla, nahiz eta soilik larrienak iritsi komunikabideetara”, aipatu du Emeki elkarteko Tamara Sastrek. Portzentaje horiek handitzen doazen bitartean, eskualdeko hiru elkarte hauentzat oso garrantzitsua da elkarrekin egoera hau sozialki salatzeko zerbait egitea. Hendaia Uretan elkarteko Miren Eizaguirre ordezkariak azaldu duenez, “Mugaz Muga azaroaren 25aren inguruan antolatutako ekimen feminista, solidario eta parte-hartzaile batetik jaiotzen da”.
Erantzun kolektiboa
Gizarte eta komunitate mailan, Mugaz Muga 2026 ekimenak herritarren parte-hartzea eta gune publikoa erantzun kolektibo zein ikusgarri bihurtu nahi ditu. Bertan parte hartu nahi dutenek hainbat bide izango dituzte aukeran izen-ematea egiteko. Elena Serranok aipatu duenez, elkarteen sare sozialetan eta kaleetan proba iragartzeko sortu eta itsatsi diren karteletan aurkitu daiteke izen-ematea egiteko esteka, QR formatuan: “izen-ematea egitea oso erraza da, zure datuak bete eta zein probetan parte hartuko duzun zehaztu behar duzu soilik. Horrela beraz, jende askok parte hartzea espero dugu”.
Ondorioz, Mugaz Muga ez da kirol jarduera huts batera mugatzen; gizarte mobilizazio feministako tresna indartsua da. “Momentu honetan garrantzitsua da emakumeek kirola eroso eta segurtasunez egiteko espazioa sortzea, eta beraz, probak hiru kirol barne-hartzen dituenez, uste dugu harrera ona izango duela”, gaineratu du Miren Eizaguirrek. Indarkeria matxistaren aurrean, gizarte antolatu, plural eta berdintasunarekin konprometitu bat badagoela erakutsi nahi du.
“Aurrerantzean elkarlanean horrelako proiektu gehiago ateratzea espero dugu, elkarrekin gauza politak egin daitezkeelako”
Tamara Sastre, Emeki elkarteko kidea
Bidasoa eskualdeko kaleak aldarrikapengune bihurtuko dira, parte-hartzaile bakoitzak emakumeen aurkako indarkeria mota guztien kontrako mezu bateratua zabalduz eta berdintasunean nahiz errespetuan oinarritutako gizarte baten eraikuntzan lagunduz. Probaren egunari begira, Miren Eizaguirrek aipatu du hiru hirietako emakume asko elkartzea gustatuko litzaiokeela, “elkarrekin kirola egiteko egun ona partekatzeaz gainera, eguraldia lagun izanda, denok ekitaldiaz batera gozatzeko”. Tamara Sastrek berriz, lehen urrats gisa ikusten du Mugaz Mugaren lehen edizio hau, “aurrerantzean elkarlanean horrelako proiektu gehiago ateratzea espero dugu, elkarrekin gauza politak egin daitezkeelako”. Elena Serranok ere partekatzen ditu gainontzeko antolatzaileen nahiak, “aurten jende asko erakarri eta hurrengo urteetara begira zerbait handiagoa egin ahal izateko”. Hain zuzen ere, Serranok azpimarratu duenez, “elkarrekin gehiago gara eta indar handiagoa egin ahal izango dugu”.
Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



