FICABek 26. edizioko kartela aurkeztu da, azaroaren 16tik 21era 24 film proiektatuko direla iragartzeko

Irungo Udaleko Kulturako Zerbitzuak Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren (FICAB) 26. edizioa jarri du martxan, eta horren atariko gisa, aurtengo irudia izango den kartela aurkeztu du. Aurreko urteetan bezala, irudia Juantxo Tolosa diseinatzaile grafiko irundarraren eta Soroxarta estudioko kidearen sorkuntza izan da. Aurkezpenean Nuria Alzaga Kultura ordezkaria, Mélanie Doré FICABeko zuzendaria eta Ander Arrese Oiasso Museoko zuzendaria izan dira.

Alzagak azpimarratu duenez, jaialdia hiriko kultura-programazioaren hitzordu ezinbestekoa bilakatu da: “FICABek balio berezia du, historia eta ikerketa arkeologikoa herritarrei hurbiltzen baitizkie zinemaren bidez. Gainera, ez da espezialistentzako hitzordua, historiarekiko edota zinemarekiko jakin-mina duten pertsona guztiei irekitako zinemaldia baizik”. Aurten 60 zinta aurkeztu dira guztira, eta horietatik 24 film hautatu dira sail ofizialerako eta hezkuntza-sailerako; tartean, Frantzia, Italia eta Txileko ekoizpen nabarmenak.

Proiekzioak eta sarrerak

Proiekzio nagusiak Amaia KZn egingo dira: goizetan hezkuntza-sailari zuzendutako saioak izango dira (publiko osoari irekiak), eta arratsaldeko 17:00etan eta 19:00etan sail ofizialeko lanak emango dituzte. Horrez gain, Donostiako Aquariumean urpeko arkeologiari buruzko saio berezia egingo da beste behin, eta film guztiak online ikusteko aukera egongo da Festhome plataformaren bitartez, zinemaldiak irauten duen astean zehar. Saioetarako gonbidapenak azaroaren 6ko 10:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dira udal webgunean, Luis Marianoko Turismo Bulegoan edo, saioak hasi aurretik, Amaia KZko txarteldegian.

Azkenik, zinemaldiko epaimahaia ikus-entzunezkoen eta arkeologiaren munduko adituez osatuta egongo da. Lourdes Herrasti (Cuelgamuros haraneko hondakinak berreskuratzeko proiektuko arkeologia-taldearen zuzendaria) izango da epaimahaiburu, Beatriz Agramonte, Valentina Porcheddu, Giorgio Studer eta Mertxe Urteagarekin batera. Haiek erabakiko dute 2.000 euroko Zinemaldiko Sari Nagusia nork jasoko duen. Horrez gain, Ikusleen Sari Berezia (1.000 euro), Genero-ikuspegiko EITB Saria (1.000 euro), Hezkuntza-saileko Saria (750 euro) eta Dibulgazio Zientifikoko Arkeolan Saria ere banatuko dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude