Atzo, ekainaren 17an, ikasturte honetan Irungo Dunboa eta Toki Alai ikastetxeetan Familia Laguna akonpainamendu-programan parte hartu duten familiei eskerrak emateko ekitaldi berezia egin zen Plaiaundiko Ekoetxean. Ekimen honetan, amaitu berri den ikasturtean parte hartu duten 29 familietako hainbat kide elkartu ziren. Haiekin batera, programaren parte diren bi ikastetxeetako zuzendaritza-taldeetako ordezkariak eta Irungo Udaleko Ongizate eta Berdintasun Arloko arduradunak ere bertaratu ziren, elkarlana eta lortutako emaitzak babesteko.
Ekitaldian zehar, familiek hilabete hauetan guztietan egindako borondatezko lan bikaina eta programari esker eskoletan sortu dituzten kulturarteko harreman sendoak balioetsi nahi izan ziren jendaurrean. Prozesu honetan guztian bidelagun eta parte aktibo izan diren familia horiei guztiei omenaldi ederra egin zitzaien, euren inplikazioak ikasleen eta gurasoen arteko integrazioan duen balio handia aitortuz.
Belaskoenea ere batuko da
Aurten hiru urte bete dira Familia Laguna programa Irunen martxan jarri zenetik, eta urtez urte modu oso positiboan sendotzen ari den ekimena dela erakutsi du. Proiektu honek familien arteko kulturarteko harremanak eta elkar ezagutza sustatzen ditu, betiere hirian komunitate kohesionatuago eta inklusiboago bat eraikitzearen alde. Harrera on horri esker, datorren ikasturtean Belaskoenea ikastetxea ere proiektura batuko da, ekimena hiriko hirugarren ikastetxe batera zabalduz eta babes sare hau guraso gehiagorengana hurbilduz.



