Irungo Udalak Eguberriei ongietorria emateko ekitaldi nagusiaren xehetasunak aurkeztu ditu gaur goizean San Vicente de Paul ikastetxean. Cristina Laborda alkateak eta Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Hiri Bultzada eta Sustapen Ekonomikoko ordezkariak jakinarazi dutenez, Eguberrietako argien piztera datorren azaroaren 28an izango da, larunbatarekin, eta ikastetxe horretako ikasleak izango dira protagonista nagusiak, alkatearekin batera hiria argiztatuko duen botoia sakatzeko ardura izango baitute.
Aurkezpenean ikastetxeko ikasle eta irakasleek zein Ikust Alaiako ‘Gabonetako Etxea‘ proiektuaren jabe den Gabon pertsonaiak parte hartu dute. Cristina Labordak nabarmendu duenez, argien piztuera urteko hitzordurik berezienetako bat da, bereziki txikienentzat, eta Udalak «nortasun propioko eguberriak» eraikitzen jarraitu nahi du, familiei zuzendutako kalitatezko programazio batekin, herritarrak zein bisitariak hiriko kale eta plazez gozatzera gonbidatuz.
Ekitaldiaren xehetasunak
Azaroaren 28ko ospakizun-egitaraua arratsaldeko 18:15ean abiatuko da; ordu horretan, Gabon ‘Gabonetako Etxetik’ (Ikust Alaia) irtengo da eta Kale Nagusia zeharkatuko du San Juan plazaraino, bidean topatzen dituen herritarrak agurtuz. Ondoren, Izaro Andrés abeslari mallabitarraren txanda izango da: Izaro Gabonetan diskoko hainbat abesti eskainiko ditu zuzenean, egilearen kantu propioak, nazioarteko eguberri-poparen eraginak eta euskal iruditeria zein tradizioak uztartzen dituen lana, hain zuzen.
Musika-emanaldiaren ostean, Gabonek bere abenturan lagunduko dioten lau pertsonaiak aurkeztuko dizkie bertaratutakoei: Mister Jolas, Galtzagorri, Izartxo eta Amets. Arratsaldeko unerik hunkigarriena argien pizterarekin iritsiko da. Aurten San Vicente de Paul ikastetxeko 5. mailako 6 ikaslek piztuko dituzte alkatearekin batera Irungo Gabonetako apaingarriak. Eskolan zozketa bidez aukeratuak izan diren 6 ikasleen izenean, María José ikasleak azaldu du oso pozik eta urduri daudela egokitu zaien ardurarekin, “inoiz ez dugu hau egiteko aukerarik izan” azalduz. Ospakizunari amaiera emateko, Gabonek eta bere lau lagunek kalejira bat egingo dute San Juan plazatik Zabaltza plazaraino, hiria apainduko duten argi-elementuak ikusteko ibilbidean.
Tokiko ekonomian eragiteko
Aisialdiaz eta ikuskizunaz harago, Eguberrietako kanpainak hiriko jarduera ekonomikoa suspertzeko helburu estrategikoa duela azpimarratu dute udal-arduradunek. Ildo horretan, Nuria Alzaga lehen alkateordeak adierazi du eguberrietako programazio erakargarri baten aldeko apustuak eragin zuzena izan behar duela tokiko ekonomian: «Jarduera horrek guztiak inpaktu positiboa izatea nahi dugu tokiko ekonomian, kontsumo-aukera berriak sortuz eta gure merkataritza zein ostalaritza babestuz, funtsezko bi sektore baitira Irungo bizitzarako eta dinamismorako».



