IRUDEK Bidasoa Irunek Europako erronka berri bati helduko dio gaur Artalekun

Argazkiaren egilea: Alejandro Bermudez

IRUDEK Bidasoa Irunek txipa aldatu eta Europako lehiaketan jarri du arreta osoa, Ligan beste garaipen bat eskuratu eta klubaren historiako denboraldi-hasierarik onena sinatu ostean. Lehen bederatzi jardunaldietan bederatzi garaipen jarraian pilatu ditu taldeak, eta marka historiko hori pozik baloratu badu ere, Álex Mozas entrenatzaileak argi utzi du dagoeneko hurrengo helburuetan dutela burua: «Hori hor geratuko da. Bidasoa bezalako klub handi batean, hainbeste titulu dituen klub batean, historia egitea zaila da, eta guk lortu egin dugu. Guretzat oso helburu garrantzitsua zen, baina behin hori lortuta, datorrenari begiratu behar diogu».

Gaur bertan, 20:45ean, Artalekun hartuko duten Limoges  taldeari dagokionez, Bidasoako zaleentzat oso ezagunak diren hiru izen nabarmendu behar dira: Jon Azkue eta Piotr Mielczarski jokalariak, eta bigarren entrenatzaile lanetan ari den José Manuel Sierra. Mozasek azaldu duenez, aurkariak bolada irregularra izan zuen aurretik, baina azken neurketa nahiko erraz irabazi zuen etxetik kanpo sailkapeneko beheko postuetan dagoen talde baten aurka. Entrenatzaile madrildarrak gogora ekarri du bien arteko aurreko lehia: «Uste dut han sekulako partida egin genuela. Denboraldi honetan gehien gustatu zaidan partidetako bat da, nola lehiatu ginen ikusita; hala ere, aurkariaren atezainaren jarduna erabakigarria izan zen, hamazazpi geldiketa egin baitzituen. Gure aldetik, jokoari dagokionez, nahiko parekatuta gaudela uste dut».

Bestalde, Niko Mindegia jokalariak azpimarratu du Ligako bederatzi garaipen jarraian lortzeak konfiantza handia ematen diola taldeari, gauzak ondo egiten ari diren seinale baita, eta une zailenetan ere «lehiatzen jarraitzeko eta besoak ez jaisteko» gai direla nabarmendu du. Era berean, Doneztebeko jokalariak Artalekuko harmailen bultzada ezinbestekotzat jo du Europako bidean beste urrats bat emateko: «Artaleku leku berezia da, eta dena eman behar dugu kantxan. Beti sentitu izan dut etxean jokatzen dugunean indar eta energia gehigarri bat dugula, harmailetatik jendearen bidez iristen zaiguna. Haien babesak behar dugun bultzada ematen digu eta, zalantzarik gabe, gure motorra da».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude