Isa Muguruzak ipuinetako etxe bihurtu du Ikust Alaia Eguberrietako kartelean

Irungo Udalak gaur, astelehena, azaroak 23, aurkeztu du 2026ko Eguberrietako kartela, Isa Muguruza artista eta ilustratzaile irundarrak sortutako obra. Aurten, Ikust Alaia eraikina da irudiaren protagonista nagusia, datozen asteetan Gabonetako Etxea bilakatuko baita —hain zuzen ere, aurtengo Gabonetako programazioaren berritasun nagusia—.

Muguruzak xehetasun txikiz betetako estetika koloretsuarekin irudikatu du eraikina, ipuinetakoen moduko etxe bihurtuz eta apaingarriz, izarrez zein eszenari bizitasuna ematen dioten pertsonaiez josiz. Horrela, kartelak eguberrietako berezko elementuak eta egilearen begirada original eta hurbila uztartzen ditu, Ikust Alaia eraikinean izango den giroa iragarriz eta herritarrak txoko bakoitza deskubritzera gonbidatuz.

Lankidetza honen bidez, Irungo Udalak bertako sortzaileen talentua nabarmendu nahi izan du beste urte batez, hiriko egutegiko hitzordu nagusietako bat irudiztatzeko ardura profesional irundar bati emanez. Udaletik azpimarratu dutenez, kartelak Irun jai hauetarako prestatzen ari den ilusioa islatzen du, eta urtez urte nortasun eta izaera propioko eguberriak antolatzeko apustuari erantzuten dio. Diseinua 2026ko Eguberrietako kanpainaren irudi nagusia izango da, eta publiko guztientzako askotariko jarduera eta proposamenek osatuko duten programazioa lagunduko du.

Irundik kanpo ere ibilbide oparoa duen sortzailea da Isa Muguruza. Ilustrazio digitalean, pinturan, diseinu grafikoan, modan eta zuzendaritza artistikoan dihardu, eta kolorez betetako estetika pertsonalari esker marka zein argitalpen ugarirekin egin du lan. Gainera, bere obrak hainbat hiritako erakusketetan izan dira ikusgai, besteak beste Madrilen, Bartzelonan, Milanen eta Sevillan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude