Adinekoen Asteko jarduerek belaunaldi ezberdinak hurbilduko dituzte aurten

Urriaren 1etik 4era, adinekoentzako lokalek eta gizarte zentroek programazioa indartuko dute hainbat jardueren bitartez. Aurtengo nobedade nagusia “Ezagutu Irun eta Irungo auzoen historia bizia” lehiaketa da, hirian zehar egingo den tren ibilaldi batekin osatuko dena. Aurtengo jardunaldien helburua, bereziki, herritarrak belaunaldi arteko harremanen onurez sentsibilizatzea izango da, hau da, belaunaldien arteko harremana eta elkartasuna sustatzea.

“Ezagutu Irun eta Irungo auzoen historia bizia” lehiaketan belaunaldi ezberdinetako lau kidek osatutako taldeak (nahikoa da adin desberdinekoak izatea) hirian eta hiriko auzoetan barrena ibiliko dira, trenez, lokaletako adinekoek kontatzen dizkieten datu eta bitxikeriak entzuten. Saria, hiriko jatetxe batean, lau lagunentzako bazkari bat izango da.

Urriaren 1ean trena 17:00etan aterako da San Juanetik eta adinekoentzako lokaletan geldituko da: Behobia, Palmera Montero, Belasko, Anaka eta San Miguel. Toki bakoitzean talde bakoitzak test moduko galdetegi bati erantzun beharko die. Une horretan dauden auzoarekin zerikusia izango dute galderek. Ibilaldia amaitzen denean, erantzun gehien asmatu duen taldea izango da irabazlea. Trena 20:00 aldera iritsiko da San Juanera. Parte hartzeko, aurretik egin behar dira  www.irun.org webean. Nahikoa da lagun bakarra inskribatzea, taldeko bozeramaile gisa.

Zazpi erreferentzia-toki
Jardueren programa Anaka-Puiana, Belaskoenea, Luis Mariano, San Migel gizarte zentro, Lekaenea apartamentu, Palmera Montero, Iraso eta Behobiako gizarte zentroetan egingo diren jarduera bereziekin osatuko da. Horien artean dantza eta musika emanaldiak, dokumentalen proiekzioak, omenaldiak eta erakusketak izango dira, besteak beste, Adinekoen Astearen barneko jardunaldietan antolatuko diren ekintza nagusiak.

Ekintza guztiak zehazten dituen programa udal webgunean (www.irun.org) kontsultatu ahalko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude