Osasun Bidasoa plataformaren mobilizazioak inoiz baino babes handiagoa jaso du

Osasun Bidasoa plataformak mobilizazioa antolatu zuen otsailaren 19an. San Juan plazatik abiatuta eta Kaldereroek inauteriei hasiera eman aurretik, milaka hiritarrek Irungo kaleak hartu zituzten. Mobilizazioan 4.000 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten.

Manifestazioa Colón pasealekua mutur batetik bestera betetzera iritsi zen. Manifestazioari bidea ireki zion pankartak honakoa zioen: “Gure osasunaren alde, SOS kirofanoak. Handitu, berritu, hobetu”. Leloak larunbat arratsaldean irun erdialdeko kaleetan bildutakoen kezka eta eskakizunak laburbiltzen zituen. Bidasoarentzako errespetua eskatzen zuen beste pankarta batek jarraitzen zion.

Osasun Bidasoa plataformatik larunbateko manifestazioan parte hartu zuten milaka pertsonen parte-hartzea eskertu dute. “Zorionak eman nahi dizkiegu herritarrei ere, gai honetan parte hartzeagatik”, adierazi dute Bidasoa plataformatik. Bidasoa plataformako kideek azaldu dutenez, “herritarrengandik jasotako babes handiak indar handiagoa ematen digu borrokan jarraitzeko, eta zilegitasuna ematen digu Bidasoako Ospitalerako onena lortzeko, hau da, gure eskualdeko osasun publikoarentzat onena lortzeko”.

Manifestazioan agertutako herritarren eta erakundeen aldarriaren ondoren, Irungo, Berako, Lesakako, Arantzako, Igantziko eta Etxalarko udalek, eta Hondarribiko talde politiko guztiek -EAJk izan ezik-, publikoki adierazi dute Osasun Bidasoa plataformaren aldarrikapenen alde daudela. Plataformatik exijitu dute Osasun Bidasoaren eskakizunak entzutea eta, batez ere, Bidasoa eskualdeko udalerriak errespeta ditzatela.

Eskualdeari entzuteko eta eskualdea errespetatzeko modu bakarra bloke kirurgikoa berritzeko egungo proiektua geldiaraztea dela azaldu dute, horiek egin bitartean eskualdea ebakuntza gelarik ez uzteko. Osasun Bidasoa plataformatik osasun ordezkariei prestutasuna eskatu diete udal ordezkariekin, osasun langileekin, elkarteekin, gizarte mugimenduekin eta abarrekin hitz egiteko. Azken batean, negoziazio mahai bat abian jartzea eskatzen dute, plataformako ordezkariaren hitzetan “gure eskualdeko eragile guztien esku-hartzeaz gure eskualdeak merezi duen Ospitalea izan dezagun”. Izan ere, eskakizun horiek argi geratu ziren otsailaren 19an Irungo kaleetan.

Osasun Bidasoa plataformak otsailaren 26ko eguerdian Donostiako Boulevardean egindako manifestazioarekin bat egin zuen. Izan ere, Bidasoa Ospitaleko arazoek deialdi horretan salatutako lehen mailako arretaren egoera larria eta ospitaleko arretaren gainkargarekin bat egiten dutela ulertuta hartu da erabakia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude