Adriana Marquiegui dantzan bizi da, balletarekiko duen zaletasunak mugituta. 15 urterekin, ballet-eskola ospetsuetako ikastaroetan eta lehiaketa garrantzitsuetan parte hartu du, emaitza handiekin. Orain dela bi hilabete, ordea, lotailu gurutzatuaren hausturak bidean eten bat egitera behartu du. Dena den, Adriana Marquieguik argi du lesioak ez dizkiola bere ametsak zapuztuko eta lanean gogor jarraituko duela, egunen batean balleteko dantzari profesional bihurtzeko ametsa bete ahal izateko.
Noiz eta nola hasi zinen ballet eskolak jasotzen?
Ba ni txikitatik hasi nintzen, bost urterekin edo. Hamar urte daramatzat dantzan eta arrebarengatik hasi nintzen, berak hasi nahi zuelako eta nik dena berak bezala egiten nuelako. Orduan berarengatik hasi nintzen eta maitemindu egin nintzen. Beti, hasieratik jakin nuen hau niretzat zela. Ez dakit zergatik. Bat-batean oso gogoko nuen zerbaitetan bihurtu zen eta grina horrek oso urrutira eraman nau.
“Nire kasuan, nik egunero gogo handia dut dantzarako, eta horrek lanean jarraitzen laguntzen dit”
Eta zure pasioa garatzeko, nola trebatu zara orain arte?
Ba hasieratik Amaia Leizaren eskolak jasotzen hasi nintzen eta orain Basque Ballerinan dantzatzen dut berarekin. Irakasle bikaina iruditzen zait. Gauza asko erakutsi dizkigu, ez bakarrik balletarekin loturikoak, baizik eta bizitzarenak oro har. Ezin dut gehiago eskertu erakutsi digun guztia.
Horretarako, zure prestakuntza hemendik kanpo ere zabaltzen jarraitu duzu, ezta?
Bai, egia esan. Zorte handia izan dut Londresko Royal Ballet Schoolera zazpi aldiz joan ahal izan naizelako. Eta gero, urte batzuk geroago, udako 3 ikastaro egin ditut Parisko L’École de Danse de L’opéra eskolan. Gainera, aurten ere bertako udako ikastaroan parte hartzeko gonbidatu naute berriro.
Lorpen horiei esker, ate asko irekiko zitzaizkizun, noski.
Bai, eta ez hori bakarrik, joan garen eta parte hartu dugun lehiaketa guztietarako sarbidea eman dit. Gauza batek bestera eramaten zaitu eta, azkenean, horrekin guztiarekin asko ikasten da, eta oso urrutira iristen zara.
Balleteko dantzari ona izateko, txikitatik dantzatzen ikastea beharrezkoa dela uste duzu?
Tira, bai, egia esan, bai, batez ere neska izanda, puntetan ondo lan egiteko teknika perfektua behar duzulako eta akatsik ez egiteko.
Balleta esan ohi den bezain sakrifikatua dela esango zenuke?
Ea, bai, jendeak uste du oso sakrifikatua dela, eta hala da egunero ordu asko direlako, baina azkenean gustatzen zaizun zerbait bada, askoz errazagoa da dena. Nire kasuan, nik egunero gogo handia dut dantzarako, eta horrek lanean jarraitzen laguntzen dit.
Zer gustatzen zaizu gehien balletetik?
Egia esan, ez dakit, dena esango nizuke. Dantzatzen dudan bitartean naizen bezalakoa sentitzen naiz. Balletak badu zerbait berezia, hegan egingo banu bezala sentiarazten nauena. Ez dakit nola azaldu.
“Orain egunerokoan zentratzen saiatzen ari naiz, pixkanaka eta ondo errekuperatzen saiatzeko”
Orain arte, zein izan da zure lorpenik handiena edo gehien gozatu duzun esperientzia, eta zergatik?
Beno, egia esan, egin ditudan ikastaro guztiak harrigarriak izan dira. Prix de Lausanneren Europako eta nazioarterako aurre-hautaketan parte hartu dut. Bestetik, sarbide zuzena lortu nuen Royal Ballet Schooleko 2025eko udako ikastarorako. 2025eko Bartzelonako YAGPean finalista izan nintzen ere. Gainera, duela hilabete batzuk Parisko lehiaketan egon ginen eta zerbait harrigarria lortu genuen. Finalerako sailkatzeaz gainera, senior mailako 12. sailkatua izan nintzen eta hirugarren saria lortu nuen binako pausoan Jurgi Errandonearekin. Lorpen horri esker Estatu Batuetako Tampako YAGP 25eko munduko finalean parte hartzeko gonbidapena jaso genuen.
Horra iristeko, nolakoa da balleteko dantzari baten errutina?
Egunero izaten ditugu ballet eskolak eta nik astero 24 eta 30 ordu artean entseatzen dut. Horrez gain, batez ere ikasturte hasieran sarbide probak egiten ditugu, udako ikastaroetan parte hartzeko asmoz. Eta orain dantzaren hilabetea prestatzen ari gara, adibidez, Kontxako barra edo eskolen erakusketa bezalako ekitaldiekin. Gero, Basque Ballerinaren galan jarriko dugu arreta, eta ikastaroetan parte hartzeko ahaleginean jarraituko dugu, bai eta lortu ditugun gauza guztietarako prestatzen ere.
Lesioak dira horren guztiaren alderik negatiboena. Hain zuzen ere, orain egoera horretan zaude. Zer moduz doa zure susperraldia?
Ba duela bi hilabete lotailu gurutzatua hautsi nuen dantzan. Hasieran ez nekien hautsia nuenik, eta Bartzelonan lehiatu nintzen. Nire lesioaren berri izan bezain laster ebakuntza egin zidaten. Argi nuen berriro inoiz baino indartsuago itzuliko nintzela, eta horretan jarri nuen arreta, lesiotik suspertu eta dantzatzen jarraitzeko.
Berriro dantzan hasten zarenean, zer helburu dituzu 2025erako?
Orain egunerokoan zentratzen saiatzen ari naiz, pixkanaka eta ondo errekuperatzen saiatzeko. Horretarako belauna lantzen saiatzen naiz, ahalik eta azkarren ondo egon nadin. Apurka-apurka, errekuperazioa nola doan ikusi beharko da.
Balletari dagokionez, zer amets geratzen zaizkizu betetzeko?
Beno, tira, amets handiak egin daitezke, eta nik gustura dantzatuko nuke konpainia handi batean. Hala ere, orain etorkizun hurbilean pentsatzen ari naiz, eta amets handi horiek lortzeko ahal dudan guztia hobetzen saiatzen.
Etorkizunean ikusten al duzu zeure burua balletean profesionalki aritzen?
Bai, gustatuko litzaidake eta txikitatik argi neukan. Beti esan nion Amaiari dantzaria izan nahi nuela. Oso gogorra izan arren, ahal dudan guztia egingo dut hori lortzeko.



