Mende laurdena bete du Antxeta Irratiak mugaren bi aldeetako errealitatea euskaraz kontatzen

Mende laurdena bete du Antxeta Irratiak mugaren bi aldeetako errealitatea euskaraz kontatzen. Urteurrena baliatuz, begirada atzera bota, proiektuaren sorreran arakatu eta berriki FM hutsetik mundu multimediara izandako jauzia eta irrati komunitario gisa dituzten erronkak, adimen artifiziala tarteko, azaldu dizkigute. Urteurren berezia otsailaren 26an Ficobako auditorioan ospatuko dute, irratiaren inguruan dabiltzan eta ibili diren guztiak ekitaldira gonbidatuz. Agus Hernan, Antxeta Irratiko lehendakaria dena, eta Aitziber Zapirain, Antxeta Irratiko koordinatzailea, ariketa horretan murgildu dira Bidasoa ibaiaren bazterreko biztanleen eskura informazioa jartzen duen komunikabidearen eguneroko jarduna nolakoa den azaltzeko.

Nola gogoratzen dituzue Antxeta Irratiaren hasierako urteak?

Agus: Galdera hori historia egiteko eta dinosaurio batentzako ariketa interesgarria da. Garai horretan nik Gure Irratian lan egiten nuen, bertako zuzendaria nintzen eta. Betidanik Behe Bidasoarekiko kezka nuen buruan, bertako euskararen egoerarengatik. Frantziako irrati elkarteentzako sistema ikusita proiektu iraunkor bat martxan jartzeko aukera ikusi genuen, hegoaldean oraindik ez zegoelako batere garatua horrelako sistema garantista bat; orain bai, ordea. Horrela, proiektua duela 25 urte abiatu genuen Hendaiako erdialdean, “Boulevard du Général de Gaulle” karrikan, nahiz eta gaur egun ez gauden bertan. Bi urte geroago krisi sakon bat bizi izan genuen diru arazoengatik, horrelako proiektuak ekonomikoki oso ahulak direlako. Egoera hori gainditu genuen eta 25 urte geroago hemen jarraitzen dugu, 8 pertsonek osatutako lantaldearekin, egunero 24 orduz eta gaur egun jada multimedia proiektu batekin.

Antxeta irratian, bateratze eta hizkuntzaren garapen horretan, ekarpen handia egin dugu

Agus Hernan, Antxeta Irratiko lehendakaria

Sorrerako eta gaur egungo testuinguruaren artean alde handia egongo da, ezta?

Aitziber: 25 urteko ibilbidearen ostean, gaur egungo Antxetak ez du zerikusirik iraganeko harekin. Garai batean FM bidezko irrati soila zen, garai hartan irrati guztiak horrelakoak zirelako. Azken 5 urteetan, Euskal Herriko komunikabide askok euskarri ezberdinetan aritzeko jauzia eman dugu; guztiok ez, ez baitago denon eskura. Beraz, hasieratik gaudenok edo azken 5 urteetan hasi diren lankideek bi errealitate oso ezberdin ezagutu ditugu.

Agus: Nik ere testuinguru soziolinguistikoa gehituko nuke. Duela 25 urte Hendaia, Irun eta Hondarribiko kontestu soziolinguistikoa bestelakoa zen. Egun, arazo berriak daude,  euskararen erabilera orokorra eta gaztetxoen erabilera. Dena den, egia da egungo testuingurua erabilera mesedegarriagoa dela. Bestetik, testuinguru politikoa ere bada aipatzekoa, orduan Bidasoa-Txingudi Mugaz-gaindiko partzuergoa sortzen hasi zelako eta ondorioz, gaur egun Behe Bidasoko lurraldea kohesionatua dago eta lankidetza gehiago daude. Antxeta irratian, bateratze eta hizkuntzaren garapen horretan, ekarpen handia egin dugu.

Hain zuzen ere, horrelako proiektu bat zerotik abiatzeak zailtasun ugari izango zituen.

Agus: Abentura bat izan zen, hori egia da. Egia da, Gure Irratiaren esperientzia eta babesa genuela eta hasieran oso lagungarria izan zen guretzat Hendaian frekuentzia lortzeko. Gero, Irunen, Beran edo Lesakan emisioak egin ahal izateko frekuentzia lortzeko saltoa eman behar izan genuen, mugikortasun aldetik, eskualde hauen artean bizi eta lan egiten duen jende asko dagoelako. Konplexua izan da eta tartean aldaketak izan diren arren, nabarmentzekoa da lanera sartu zen bigarren ekipotik, hau da, duela 20 urte lanean hasitakoetatik, oraindik bertan jarraitzen dutela Koldo Nausia, Aitziber Zapirain eta Aitor Errazkinek. Horrek argi erakusten du ekipoa iraunkortzeko gai izan ginela. Horrelako proiektu ahuletan ohikoa izaten da jendea etengabe aldatzea. Elementu esanguratsua da hori niretzat, horien ostean ere bai baitago erreleboa.

Abentura bat izan zen, hori egia da

Agus Hernan, Antxeta Irratiko lehendakaria

Antxetaren bereizgarrietako bat irrati komunitarioa izatea da, ezta?

Agus: Jendeak agian buruan izango du duela 30 urte inguruko irrati libreen kontzeptua, 1968ko maiatzaren inguruan Frantzian sortutakoa. Hau da, balio aurrerakoietan oinarrituriko proiektu bezala sortu ginen.

Aitziber: Antxetak 10 urte bete zituenean, konturatu ginen gauza asko modu inkontzientean egiten zirela, paperean jarri gabe norekin, zegatik edo zertarako. Orduan ohartu ginen bagenuela komunitate trinkotu bat. Orain 8 langile garen arren, azken 5 urteetako goraldia izan da hau, lehenago beti 3 edo 4 baikinen soilik. Ondorioz, guretzat kolaboratzaileak oinarrizkoak izan dira beti, haiek gabe beste edozein irrati pribatu bezalakoak izango ginen, oinarrian elkarte bat garen arren. Komunitatea irratiko langile kopurua baina handiagoa izateko beharra ikusi dugu beti eta,  25 urte eta gero, komunitate hori trinkotzea da gure erronka. Denbora honetan komunitatearen beharrak eta erronkak aldatu egin dira.

“25 urteko ibilbidearen ostean, gaur egungo Antxetak ez du zerikusirik iraganeko harekin”

Aitziber Zapirain, Antxeta Irratiko koordinatzailea

Gure komunitatea 4 edo 5 hankek definitzen dute. Lehena, euskararen normalizazio prozesuan eragile aktiboak izatea. Gaur egun ohitu gara, nahiz eta guztiz ez bete, Bidasoaldearen alde honetan euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatuak izatera, iparraldean oraindik egoera ez ofizial batean jarraitzen duen bitartean. Antxeta hasi zenean ez zegoen euskara teknikaririk ere eta prentsa ohar guztiak gaztelera hutsean jasotzen ziren. Ordezkari instituzionalek ere ia ez zuten euskaraz hitz egiten eta egitekotan gurekin aparte egiten zuten, euskal komunikabideok beti itxaron egin behar izaten genuelarik. Beraz, euskal hiztunen komunitatea Antxetaren parte da. Duela zenbait urtetik irrati komunitario feminista bezala izendatu genuen proiektua, komunikazio eredua feminista ez bada, bazterrean uzten dituelako hainbat giza talde edo pertsona. Horrez gainera, 15 bat urte daramatzagu memoria historikoaren berreskurapenean lanean, bai ikuspuntu lokaletik zein Euskal Herria nazio bezala hartuta. Gainontzean, euskara hutsean lan egin arren, gure entzulea gizarte eredu inklusibo baterantz bideratzen saiatzen gara. Mugaz gaindiko testuinguru batean bizi garelako bertan eta gainera, ez dira garai errazak, giza eskubideak egunero urratzen direlako, beraz, badugu zer esan horien alde egiten dugunok. Azkenik, eskualdea saretzea da gure beste helburuetako bat eta bidasotarrak gure bailaran arrotz ez sentitzea lortu dugula uste dut.

25 urte hauetan, zeintzuk izan dira irratiaren ibilbidea markatu duten mugarri nagusiak?

Agus: Horrelakoetan pentsatzerakoan, elementu negatiboak etorri ohi zaizkigu burura. Adibidez, Aste Santuko igande batean lokalean uholdea jasan genuenekoa. Sekulako kolpea izan zen guretzat, noski, Aitziberren lehen lanegunean. Baina hori ez da garrantzitsuena. Gertakaririk garrantzitsuenak aipatu beharko banitu, hauek aipatuko nituzke: lokalaren inaugurazioa eta hasiera, gaur egungo ekipo berria, lanean sartu diren azken neskak, eta gainera, azpimarratzekoa dena, gehienak neskak eta Lesaka eta Beratik etorriak direla, eta azkenik, azken 5 urteetan multimediara emandako saltoa. Orain Antxeta Media bezala definitu gaitezke: webgunearekin, bideogintza edo podcastekin, sare sozialetan eguneroko edukia, estudio berriak Irunen eta Hendaian edo digitalizazioa. Orain bi estudio ditugu: bata, Hendaiako Sokoako zonalde industrialean dagoen estudio zentrala eta, bestea, Irungo zentroan dugun estudio digital berria.

Hasieran ekitaldi guztietara joateko beharra ikusten genuen, hor ginela erakutsi behar genuelako, besteek gazteleraz egiten zuten hori euskaraz egin zitekeela erakusteko”

Aitziber Zapirain, Antxeta Irratiko koordinatzailea

Testuinguruarekin batera, lan egiteko modua nabarmen aldatu da kazetarientzat ere, ezta?

Aitziber: Bereziki gure kasuan, azken 5 urteetan eraldatu da nagusiki. Nik beti entzun diet irratian, Agus eta lankideei, aurrerapen teknologikoak ez direla gure etsaia; horiei zukua ateratzeko modua aurkitu besterik ez dugu egin behar. Gu garai batean mikrofonoa jartzeaz bakarrik arduratu behar ginen, orain ordea, audioaren grabaketaz gain, argazkia eta bideoa ere sortu behar ditugu. Lantaldea ostegunero biltzen da datorren astera begirako jarduna identifikatzeko; baina ez guztia, egun batetik bestera aldatzen direlako gauzak. Bertan erabakitzen dugu zer landu nahi dugun, nola eta zein iturrirekin. Gure eskualdean beti izan da komunikabide lokal ugari, baina gu izan ginen irratia euskaraz egiten lehenak. Hasieran ekitaldi guztietara joateko beharra ikusten genuen, hor ginela erakutsi behar genuelako, besteek gazteleraz egiten zuten hori euskaraz egin zitekeela erakusteko. Bestetik, euskal komunitateari erakutsi behar izan genion, informazioa euskaraz ere jaso zezakeela, ohitura aldaketa handia baitago horren atzean. Gure eraldaketa bereziki nabarmena izan da azken 5 urteetan.  

“Orain gure erronka handienetako bat da adimen artifiziala eta gu hartzailearentzat informazio iturri fidagarria izatea”

Aitziber Zapirain, Antxeta Irratiko koordinatzailea

Agus: Lan fluxuaren antolaketan izandako aldaketa oso adierazgarria da. Lehen goizaren hasieran egunean zehar landu beharreko gaiak identifikatzen genituen, 12:00etako informatiboan pentsatuz. Orain informatibo hori beste tresna bat bezala ikusten dugu soilik, lehentasuna informazioa sare sozialetan lehenbailehen argitaratzea baita. Askotan, guk argitaratutako informazio bat albiste nazional bihurtu dela ikusi dugu, mugaren inguruko gertakariekin loturik batez ere. Orokorrean, eskualdeko panorama komunikatiboa aldatu dela esango nuke, baina ez hainbeste, agian. Duela 25 urte ikusten nituen komunikabideek hor jarraitzen dute, nahiz eta gehienak erdaldunak izan. Esan dezakegu Antxeta erreferente bat dela agente sozial, ekonomiko, politiko eta sindikalentzat. Hori guztia egindako lanari esker lortu dugu, hasieran ez baitzekiten ezta existitzen ginenik ere.

Teknologien bilakaerak etorkizunerako erronka berriak planteatuko dizkizue, noski.

Aitziber: Bai. Adimen artifizialaren gaiak bete-betean harrapatzen gaitu, gaur telefono mugikor bat duen edonor kazetaria izan daitekeela dirudielako. Aro honetan, komunikabideak informazio iturri fidagarri gisa identifikatzea funtsezkoa izango da, egiazkotasuna bermatzen duen tresna bezala. Guk, kazetari bezala, informazio bilaketan edo informazioaren eraikuntzan adimen artifizialaren erabilera txertatu behar dugu. Beste aldera begiratuz gero, olatuak harrapatuko gaituelako. Gure jarduna euskaraz izanda eta gure txikitasunetik, askotan zaila zaigu horrelako erronka handiei eustea. Zorionez, Euskal Herrian badugu Berria bezalako zerbait, guretzat aitzindaria dena, ekintza horiek maila lokalera eramateko orduan eredu bikaina dena. Beraz, orain gure erronka handienetako bat da adimen artifiziala eta gu hartzailearentzat informazio iturri fidagarria izatea.

25 urte hauek ospatzeko ekitaldi berezirik antolatuko duzue?

Aitziber: Antxetan 4 urte inguru daramatzagu urtean zehar hainbat ekitaldi antolatzen beste eragileekin batera. Erritmo horretan konturatzen gara jendea nekez iristen dela nahiko lukeen konpromiso guztietara, lana, etxea edo kontziliazioa dela eta. 10. eta 15. urteurrenak guretzat oso trinkoak eta intentsuak izan ziren, urte osoan zehar ekintzak antolatzeko apustua egin genuelako. 20. urteurrenak pandemia erdian eta Hendaiako estudio berrien lekualdaketan harrapatu gintuen. Beraz, oraingo honetarako pentsatzen ari gara festa bakarra antolatzea, etxeko kutsuarekin. Ficoban izango da, otsailaren 26an, arratsaldeko 19:00etan. Gure inguruan ari direnei, kolaboratzaileei eta instituzioei bertaratzeko gonbidapena egingo diegu. Hain zuzen ere, 25 urte hauetan antxetaren bueltan 25 urte hauetan ibili dena gonbidatua dago ekitalditxora, ez baitugu inor kanpoan utzi nahi, hau da, irratian kolaboratzeaz gain, irratia entzun edo maite dutenak ere.

“Nire hitza itxaropena litzateke; mundu aldakor eta konplexu batean bizi gara, baina baita orain dela 25 urte ere”

Agus Hernan, Antxeta Irratiko lehendakaria

Azkenik, zein mezu bidaliko zeniekete zuen entzuleei urteurren honen harira?

Agus: Gaur egun Antxeta Irratia bere historiako 25 urteetako unerik onenean dago, bai bere taldearen sendotasunagatik, multimedia proiektuan duen ilusioagatik, bai Irunen eta Euskal Herrian duen erreferentziagatik. Nire hitza itxaropena litzateke; mundu aldakor eta konplexu batean bizi gara, baina baita orain dela 25 urte ere. Nire ustez, itxaropena dago bai euskararentzat, bai Euskal Herriaren eraikuntzan ere, bertan Behe Bidasoa eskualdeak rol garrantzitsu bat jokatzen baitu. Bestetik, beldurrik ez izateko esango nieke, datozen aldaketa guztien aurrean jarrera prebentiboa hartu ohi dugulako. Antxetako taldean, ordea, kontrakoa hartu dugu eta aldaketa guzti horiei aprobetxatzeko jarreraz helduko diegulako, aurretik erronka garrantzitsuak ditugula badakigu eta. Gazteengana iristea lortu behar dugu, hizkuntza ohiturak aldatu eta euskara transmititzeko, eta irrati komunitario gisa ditugun balioak, gaur egun gure herrian sustraituak dauden balioak, zabaltzeko.

 

Antxeta Irratia

Antxeta Irratia 2001ean jaio zen, Behe Bidasoa euskaraz uhin bidez komunikatzeko asmoz. Hedabide komunitarioa da eta bere jarduna jendarte feminista, inklusibo eta euskalduna eraikitzera bideratzen du. 25 urteko ibilbidearen ostean, mugaren bi aldeak euskaraz batzen dituen erreferentziazko proiektu komunikatibo bilakatu da. Antxeta Irratiak egoitza nagusia Hendaian duen arren, orain gutxi Irungo Eliza karrikan estudio digital berria estreinatu dute.

Gaur egun, Agus Hernan elkarteko lehendakaria izanik, Aimar Lopezek, Lizar Elexpuruk, Paola Oscozek, Ekhiñe Zapiainek, Koldo Nausiak, Aitor Errazkinek, Ines Fernandezek eta Aitziber Zapirainek osatzen dute Antxeta Irratiko lantaldea.

Elkarrizketa osoa ikusgai duzue Txingudi Online webgunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude