Don Jabugo taberna: 10 urte baino gehiago bezeroak asebetetzen

Hiriaren erdigunean, Don Jabugo Irungo Zabaltza plazan kokatutako tabernetako bat da. Ostatuaren izenak berak adierazten duenez, produktu iberikoen eskaintzarengatik ezberdintzen da. 2023ko urriaren 18an 10 urte bete ziren tabernaren aro berria hasi zenetik. Ordutik, Eneko Mitxelenaren ardurapean, Don Jabugoko lantaldeak bere onena ematen du bertatik igarotzen diren bezero guztiak asebetetzeko.

Nola hasi zinen ostalaritzan lanean?

Kasualitatez gertatu zen. Egia da nire lehen lanak ostalaritzarekin lotuta egon zirela, baina gero elektrizitate ikasketak egin nituen. Horiek amaituta, hainbat enpresetako saltzailea izan nintzen urte askotan. Nire azken komertzial lanean Coca Colarentzat lan egin nuen, eta, horregatik, Irungo hainbat establezimendu bisitatzeaz arduratzen nintzen. Hain zuzen ere, horrela sortu zen taberna hau hartzeko aukera.

Zer oroitzapen dituzu tabernaren hasierako urte haietaz?

Guztiz desberdina da zure taberna izatea edo bertan besteen kontura lan egitea, eta horretaz ez zara konturatzen ardura hori hartzen duzun arte. Hasieran gogorra izan zen. Gogoan dut 9:00etan irekitzen genuela eta egun osoan zehar hemen egon ohi ginela, itxiera ordura arte. Jainkoari esker, 10 urte geroago gauzak aldatu egin dira, eta aukera dugu tabernatik kanpo ere bizitza egiteko. Orain beste modu batera egiten dugu lan, baina, egia esan, oso pozik gaude honaino iritsi garelako.

“Gu beti saiatzen gara laguntzeko asmoz emandako iritziak kontuan hartzen, horiek ematen baitizute hobetzeko aukera”

Zuena bezalako taberna batentzat garrantzitsua al da bezero leialak izatea?

Bai, noski. Egia da nik taberna hartu nuenean jada martxan zegoela. Gu hasi ginenean, uste dut lehendik zituen bezeroak mantentzea lortu genuela. Horretaz gain, zerbait gehiago egiteko eta jende berria erakartzeko gai ere izan ginela uste dut. Hala ere, ezinezkoa da beti mundu guztiaren gustukoa izatea, nahiz eta ahalegin handia egin, baina horretan saiatzen gara behintzat.

Esan duzunez, ez du erraza izan behar mundu guztiari beti gustatzea, ezta?

Hain zuzen ere, baina zailtasunak zailtasun, aurrera egitea lortu dugu, eta hala izatea espero dugu beste urte askoan. Egia da ez dela erraza, askotan jendeak, normala den bezala, epaitzen zaituelako. Leku batera bazkaltzera zoazenean, normala da hobeto edo okerrago jan izanaren sentsazioa izatea. Egia da, bai, gaur egun sare sozialetan ia kobratu egin beharko litzatekeela iritzia emateagatik; izan ere, kritika batzuk konstruktiboak baino gehiago, kalte egitea dute helburu bakarra. Gu beti saiatzen gara laguntzeko asmoz emandako iritziak kontuan hartzen, horiek ematen baitizute hobetzeko aukera. Horrela egin dugu hamar urte hauetan, eta etorkizunean ere horrela izatea nahi dugu.

Zeintzuk dira Don Jabugo tabernaren bereizgarriak?

Izenak berak adierazten duen bezala, beti saiatzen gara produktu iberikoen eskaintzarengatik bereizten. Nola ez, gure produktu izarra urdaiazpikoa da. Hala ere, beti saiatzen gara gauza berriak egiten edo gauza berriak probatzen. Horretarako, kanpora goazenean, gauza berriak bilatzen saiatzen gara eta, gustatuz gero, gure eskaintzan sartzen ditugu. Horrela, jendeak taberna guztietan beti gauza bera aurki ez dezan saiatzen gara.

Zuen kasuan, tabernaren kokapena ere garrantzitsua dela esango zenuke?

Bai, izan ere, taberna erdigunean dagoenez, jendea hiria bisitatzera etortzen denean, errazagoa da hemendik pasatzea. Bestalde, Zabaltza Plaza aurrean dugunez, oso ingurune atsegina da, eta haurrak jolasean ari diren bitartean gurasoek tabernan zerbait lasai hartu dezakete.

Bertan lanean hasi zinetenetik, asko aldatu al da Irungo ostalaritza?

Bai, egia da azken 10 urte hauetan aldaketa nabarmenak gertatu direla gure sektorean. Gehienak pandemiaren ondoren etorri dira. Ordutik 4 urte igaro diren arren, jendeak oraindik nahiago du tabernaren kanpoaldean geratu, eta, beraz, terraza izatea funtsezko bihurtu da edozein ostalaritza establezimendurentzat. Gure kasuan gainera terraza bikaina daukagu eta horrek asko laguntzen digu. Gainerakoan, aldaketetara egokitzen saiatu gara beti, ahal izan dugun hobekien.

Zer da bezeroek gehien eskatzen dutena?

Zaila da galdera horri erantzutea. Gure karta ez da batere konplexua, plater konbinatuak, hanburgesak, errazioak eta abar eskaintzen baititugu. Jakina, urdaiazpikoa da gehien eskatzen den produktuetako bat. Guk prestatutako lakoi errea ere asko eskatzen da. Ideia hemendik kanpo ikusi genuen, eta hona ekarrita jendeari asko gustatzen zaiola ikusi dugu.

Urteko garaiaren arabera, asko aldatzen al da eskatutako produktu mota?

Bai. Azkenean, guretzat negua nahiko garai gogorra da, guk gehien lan egiten dugun unea udan izaten baita. Egia da bisitarien eta turisten bisitak asko laguntzen digutela. Horregatik, negutik udara aldaketa nabaritzen dugu, bai kontsumo motan, bai lan mailan.

Nola ospatu zenuten tabernaren 10. urteurrena?

Taberna ireki genuenean nik Gauerdi izeneko txarangan tronpeta jotzen nuen. Inaugurazioaren egunaz geroztik behar izan dudan guztietan tabernaren inguruan giroa sortzen lagundu didate. 10. urteurrena ospatzeko, bazkari bat egitea bururatu zitzaidan, urte hauetan tabernatik igaro diren eta gaur egun harreman ona dudan jende guztiarekin batera ospatzeko. Noski, txarangako kideak ere gonbidatu nituen. Bazkaria Kateako elkarte batean egin genuen eta 44 lagun elkartu ginen. Eguerdian Txaranga Poteoa egin genuen auzoan zehar, eta bazkalostean berandu egin zitzaigun, oso gustura egon baikinen.

“Etorkizunari begira, taberna eraberritzeko asmoa dut, estetika pixka bat aldatzeko, baina burua galdu gabe”

10 urteren ondoren, nola begiratzen du Don Jabugok etorkizunera?

Nik uste dut orain arte jarraitu dugun lerroa ez dela txarra izan. Gainera, uste dut 10 urte betetzera iritsi izanak asko esaten duela gure lanaz. Etorkizunari begira, taberna eraberritzeko asmoa dut, estetika pixka bat aldatzeko, baina burua galdu gabe. Argi daukat mesoi moduko taberna izaten jarraitzea nahi dudala, baina agian estilo modernoago batekin. Lokala pixka bat zahartuta geratu da eta uste dut iritsi dela aire aldaketa bat egiteko momentua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude