Apaizak obeto!

XVI. mende hasieratik urtero euskaldun anitz bidaiatu izan ziren Kanadako lurraldeetara. Garai horietan Kanadako zonaldeari euskaldunek ternua edo terranova deitzen zioten. Hor izan zen Giovanni Caboto-k 1497ko espedizioan bakailaoa topatu zuen lekua.  Hortik aurrera, lur hotz eta arriskutsu hauetan, Kain-en lurraldea deitua, urtero hainbat herri europarrek infernu hotz hori bisitatzen zuten. Hauen artean, portugesak, normandiarrak, bretoiak, ingelesak, frantsesak, lapurtarrak eta espainiarrak, euskaldunak zirenak nagusiki. Negua gogorregia zen bizirauteko. Horregatik euskal itsasontziak udaberria hastean bakarrik abiatzen ziren bidaian, eta negua heldu baino lehen, itsasoa izoztu aurretik, bueltatzen ziren.

Ternuako bidaietan elkartruke berezi bat izan zen iparraldeko indigenekin. Bereziki, Mi’kmaq, Montagnais eta Algonquinoen tribuekin ezarri zuten euskaldunek kontaktu sendo bat. Arraroa bada ere, 1530eko hamarkada goiztiar batetik, Jacques de Cartier bretoia heldu zenerako 1534an, jadanik, euskaldunek elkartruke anitz izan zituzten natiboekin, objektu zein kultura bitartez. Hauetatik gauza berezi bat sortu zen, eta hau bi hizkuntzen arteko nahasitako hizkuntz bitarteko bat izan zen, hizkuntzalaritzan “pidgin” esaten zaiona. Honen adibide goiztiarrak Esteban Garibaik jaso zituen, Arrasatearrak, 1571an honakoa esanez natiboen inguruan: “… Gipuzkoako probintziako eta Bizcayako jaurerriko marinelak eta euskaldunen herrietakoak urtero berriki aurkitutako lurraldera [Ternuara] doaz arrantzara eta ehizara, eskualde hartako basatiek beren kantauriar hizkera ikasi zutelarik, nahiz eta elkartrukea motza izan, hain iraupen labur horretan, non hemengo jendearekin urtean behin bakarrik izaten duten hiru hilabete baino gutxiagoko epea. Eta arrazoiz eta antolakuntza gabe jende hori ikasteko gai bada, are eta errazago ikasi ahalko dute gure mundu zaharreko bizitza errespetagarriko jendeek.”

Baleazaleen eta bakailao arrantzaleen bidaiak gero eta maiztasun handiagoz kostaldera heldu ahala, urtero kanadiar eta euskaldunen artean hizkuntza sakonago bat sortu zen, adiskidetasun batekin batera. 1603an, misiolari frantses batek, Tadusak herrian bizi zena, Montagnais herriko amerindiarrek “ania” hitza Montagnaisek frantsesak agurtzeko bakarrik erabiltzen zutela ikusi zuen, ordea, haien artean “nichtais” hitza erabiltzen zutela konturatu zen. Lescarbot-ek 1612an kanadiar hizkuntzekin batera euskara indigenen hizkuntzekin nahasita erabiltzen zela jaso zuen. 1616an jesuiten misiolari batek Port Royaleko (Gaur egungo Eskozia Berria) amerindiarrek “adesquidex” hitza frantsesak agurtzeko erabiltzen zutela idatzi zuen. 1625ean, Lezoko Lope Martinez  Isastik euskaldunek indigenekin zeukaten harreman estuaz idatzi zuen:“…Ternua bezain urrutiko eskualdean, basoko mendizaleek euskal marinelekin komunikatzen ikasi dute, urtero bakailao arrainagatik joaten baitira, eta, besteak beste, euskaldunek euskeraz galdetzen dietenean: -Nola zaude? -indigenen erantzuna; -Apaizac obeto!- izaten da. Graziaz, jakin gabe zer zen elizgizon bat, entzun izanagatik baizik. Gureekin hitz egin eta elkartrukean aritzen dira, ibaietako arrainari etekina ateraz, han ez duten ogi bizkotxoagatik eta sagardoagatik trukatuz…”. Beste Kanadako hainbat hitzek euskal jatorri bat dute, oreinak bezala, altzeei deitzeko erabiltzen zutena, edo Ochelaga-ko herria, adibidez. Huroiek Montrealgo hiriari honela deitzen zioten eta baliteke euskal jatorriko hitza izatea amaierako “laga”.

Baina hizkeraz aparte, euskaldunen presentziak txalupak, europar objektuak eta eragin kultural txiki bat utzi zuen ipar Amerikako indigenen artean. Inuiten herriarekin harremana biolentoagoa izan bazen ere, hegoalde eta mendebaldeko amerindiarrekin badirudi oso maiz izan zituztela objektuen elkartrukeak. Famatua izan zen Huroien herrixka batean kanadiar arkeologoek topatu zuten burdinazko pieza batek sortu zuen algara. Burdina ez zen indigena Huroien herriak erabiltzen zuen materiala XVI. mendean, eta Ontario lakutik hurbil topatu zen, “Mantle” izeneko aztarnategian. Aztarna hau europar munduaren kontaktuaren aztarnen artean ezagutzen diren adibide zaharrenetarikoa bihurtu zen. Hauetaz aparte XVII. mendean frantsesak zein Ingelesak amerindiarrekin topatu zirenean, hauetako batzuek euskaldunen txalupak erabiltzen zituzten. Hauek ur azpian babesten zituzten, hurrengo udan erabiliak izateko, gorderik, Manu Izaguirrek kontatzen zuen bezala. Askotan elkartrukean ere lortu ahal zituzten. Hala ere, europarrak harriturik geratu ziren batzuetan amerindiarrak europar txalupetan bidaiatzen zirelako. Baliteke harritzekoa izatea euskaldunen historiaren parte hau, baina amerindiar herriekin elkartruke sendo bat eta errespetuzko bat izan zen Ternuan.

Beñat Eguiluz Miranda

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude