CheChelos biolontxelo-jotzaile argentinar bikotea Irunera etorriko da urriaren 27, 28 eta 29an. Master class, kontzertuak eta hitzaldi batek gure hirira egingo duen bisita osatuko dute. Bisita Madril, Bartzelona, Paris, Brusela eta Toulouse hirietan egingo dituzten egonaldien barruan kokatzen da, Europako biraren barruan.
Bertako kideak, Ramiro Zárate eta Mauro Sarachian, Irunera etorriko dira kontserbatorioko hari-orkestrako kideei master class saioak emateko. Ondoren, ekitaldiz eta emanaldiz beteriko asteburua izango dute aurretik. Larunbatean, hilaren 28an, 12:30ean, Zugarramurdin arituko dira eta 19:00etan, Argentinako folkloreari buruzko hitzaldia eskainiko dute Ametsa Abesbatza Kultur Elkartearen lokaletan. Ekintza “Ametsaren Dirdirak” jardueraren barruan egongo da. Sarrera doakoa izango da, lekua bete arte.
Azkenik, igandean, hilaren 29an, eguerdiko 12.00etan eta musika kontserbatorioan, Irungo egonaldiari amaiera emango diote kontzertu batekin. Kontzertu horretan, besteak beste, zentroko hari-orkestrarekin landutako bi pieza joko dituzte.
CheChelos
CheChelos biolontxelo-bikote argentinarra da, eta folklore-errepertorio instrumentala eta kantatua jorratzen du, abesti propioekin, Argentinako herri-kantutegiko klasikoen jatorrizko moldaketekin eta folklorista gazteen konposizioekin. CheChelos 2015ean sortu zen. 2016an ofizialki debutatu zuten eta 2017an bere lehen diskoa grabatu zuten. Bi urte geroago, Atlantikoa zeharkatu zuen bere musika Europan ezagutzera emateko, eta hara itzuliko da orain agenda beteta.



