Arribiyur!

Argazkia: Andrearriagako estela, San Telmo Museoan (Iturria: Wikipedia).

Antzinako Erromari buruz dakiguna baino askoz gehiago jakin nahiko genuke. Oiasso bezalako herri bat irudikatzen hasiko bagina, seguruenik garai haietan bertakoak ohituta egongo ziren kanpotarrak “etxeko” bihurtzen, eta inperioa zabaltzen joan zen heinean, mugimendu handiko portua eraiki beharra izango zuten, burdina, zilarra edo bestelako merkataritza jarduerei erantzun ahal izateko.

Eta, seguruenik, Oiasso bezalako herri bizian, emakumeek eguneroko bizitzan garrantzi handia izango zuten, bai. Baina erromatar munduaren eredua jarraituz, emakumeak bigarren mailako gizakiak ziren. Baliteke jatorrizko vascoien ohitura batzuk mantendu izana eta beste batzuk egokituta izatea… baina gauza ziurra da emakumeek ez zutela gizartean gizonek zuten estatus bera. Haien eginkizunak, eskubideak eta aukerak oso baldintzatuta zeuden: bai klase sozialaren arabera, bai ezkontza egoeragatik, edota oro har gizartearen ikuspegi patriarkalak ezartzen zituen baldintzen ondorioz.

Oiassoko emakumeak, Erromatar Inperioko beste emakume askoren antzera, oso gazte ezkontzen zituzten: 12-14 urterekin. Eta beti aitaren, senarraren edo gizon tutore baten menpe egoten ziren.

Protagonismorik ez bazuten ere, sekulako lana egiten zuten eta eguneroko bizitzan funtsezkoak ziren. Egiten zuten lan guztiagatik, bai, baina bereziki, bizitza gogor horietatik ateratzen lagunduko zien ahozko kontakizunen tradizioagatik.

Altxorra litzateke haien ipuinak entzun ahal izatea: amonengandik jasotakoak, edota erreka bazterrean arropa garbitzen ari zirela esaten zituzten istorioak, eta sortzen zituzten sinesmenak entzuteko aukera izatea. Euren errealitatetik ihes egiteko balioko zuten fantasiaz betetako kontakizunak izango ziren.

Badira, nola edo hala, garai haietatik gurera iritsi diren sinesmen horietako batzuk. Esaterako, Andrearriaga edo Andrerregia izeneko baselizaren ondoan agertu zen estela zoragarriaren inguruko kontakizuna. K.a. II. edo I. mendeko estela hau Oiasso eta Oiartzun arteko mugan egon da 2.000 urtetik gora. Metrotik gorako estela horretan, zaldi gainean dagoen zaldunaren irudia ikus daiteke, eta ondoan beste pertsona bat zutik; inskripzio bat ere badu: Valerio Beltesonis. Jatorrizkoaren erreplika Oiasso museoan ikus daiteke.

XIX. mendearen hasieran, Isastik Espainiako Hiztegi Geografiko-Historikoan honako hau aipatzen du: “Andrerregia esaten zaion elizatxoaren aldamenean dago harri bat emakume baten irudikoa, antzinako letrez betea. Eta jendea ohi dago sinesmen osoan, toki berean lurperatuta izan zela Julio Cesarren emaztea.  ‘Andrerregia’ hitzak esan nahi du euskaraz ‘Andre-Erregina’, eta honek garbi adierazten du erregina baten hautsaz estalitako harria dela hau.”

Julio Cesarren emaztea gure artean lurperatua! Ez da kontu makala. Isastik berak beste aipamen batean dioenez, estela honen azpian armak, buztinezko tresnak eta Augustoren irudia zuten txanponak ere bazeuden, eta ingurua harriz betea omen zen.

Bestalde, zaldun horri bi zangoak ikusten zaizkionez, zenbaitek pentsatu izan dute agian zaldi gainean zihoana emakumea zela, eta Valerio izenaren ordez, Valeria izan zitekeela. Auskalo!

Valerio Beltesonisen estelaren inguruan, Barandiaranek beste kontakizun bitxi bat jaso zuen: “Lapurditik zaldiz zetorren emakume batek Anderregiko Ama Birjinaren eskuetan zintzilik zegoen arrosarioa hartu zuen. Lapurdira itzultzen hasi bezain pronto, pertsonaia misteriotsu bat agertu zitzaion eta ostutako arrosarioa Ama Birjinari itzultzeko agindu zion. Emakumeak dena ukatu zuen eta ‘arribiyur!’ esanez zin egin zuen: esandakoa gezurra bazen, harri bihurtzea eskatu zuen. Eta, hain zuzen ere, harri bihurtu zen: Anderregiko oroitarria da.”

Seguruenik garai hartako hainbat kontakizun iritsi dira gurera, emakumeei buruzko istorioak, urteen poderioz aldatzen joan direnak, eta harria altxatuko bagenu…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude