Asier Alcalde irundarra, Urteko Sukaldari lehiaketako finalera

Asierrek menu oso landua aurkeztu zuen eta onenen artean sailkatzeko abagunea zuela igarri zuen, “baina irabaztea beste gauza bat da”. Urteko Sukaldari Lehiaketako
finalerdia irabazi du Santiagon, eta apirilean Espainiako finalean izango du hitzordua.
Bidasoarren arrakasta erabatekoa izan da, Felix Manso irundarrak bigarren saria
ekarri baitu.

asier eta felixHondarribia03

Urteko Sukaldari Lehiaketako iparraldeko kanporaketan parte hartu nahi zuten ehunka sukaldariek menu bana aurkeztu zuten, baina zortzi baino ez zuten aukeratu. “Plater goxoak, politak eta zaporetsuak landu nituen. Nik uste dut zaporea eta teknika erabakigarriak izan zirela”. Horixe Laia Erretegiko Asier Alcalde Larrañaga sukaldari gaztearen aburuz garaipenaren gakoa.
Ardatzak horiek izaki, irudimena borborka izatea ere ezinbestekoa da epaimahaia limurtzeko. “Irudimena da, hain zuzen, nire dohain nagusietako bat”. Sormen preziatua baliatuz, honako menun hau prestatu zuen: Lupia ketua ozpinez ondutako barazkiekin, datilak eta beren pil-pila; Euskal Txerrikizko raviole eztitsua neguko barazki-muinez, eta arabarba konfitatua berbena limoiusainezko izozkiarekin eta kiwizko, sandiazko eta piper arrosezko ikutuekin. “Postre hau perfume bat da, Emperatriz, Dolce & Gabbanarena. Perfume bat jateko aukera eman nahi nuen”, dio Asierrek.
Asierren garaipena ez da Urteko Sukaldari Lehiaketak eman duen berri on bakarra, Gaztelumendi-Antxoneko xefa bigarren sailkatu baita. “Pozgarria izan da bion lehenengo postuetan geratzea. Horrek esan nahi du Bidasoan maila handia dagoela”.

asier1C1348
Bartzelona
Finalean punta-puntako lau sukaldarirekin buruz buru arituko da: Joaquín Baeza, Adrián Bosch, Albert Ortiz eta Chema Soler.
“Hamasei euroko menu bat aurkeztu behar da. Ezin dut ezer aurreratu; oso zaporetsua izango dela besterik ez”. Irabazteko aukerarik bai? “Nik baietz esango nuke”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude