Torradaz mozorrotutako ogia

Bazen behin ogi barra luze eta xume bat. Bazekien bere bizitza laburra izango zela, horregatik erabaki zuen zerbait berezia egingo zuela.

torrada0097

Goizero bezala, okinak labetik atera zituen egin berriak zituen ogiak. Horien artean zegoen gure laguna. Beste barra guztiekin batera erakusleihoan jarri eta hor egon ziren eroslearen zain.
Goiza aurrera joan ahala, ez zuen inork gure ogi laguna erosten. Penaz zegoen, bazirudielako ezingo zuela pen-tsatua zuen ideia aurrera eraman. Baina arratsaldeko zazpietan lortu zuen okinak barra hau saltzea. Emakume gazte bat zen, 30 urte ingurukoa eta ogia erosita zuzenean joan zen etxera.
Emakumeak afaria prestatzen zuen bitartean, gure ogiak hitz egokiak bilatu zituen emakumearekin harremanetan jartzeko. Ogia moztera joan zenean, hala esan zion gure lagunak: “Mesedez, inauterietan gaudela baliatuta, ez jan ohikoa den eran, torradaz mozorrotu nahi dut gaur”. Emakumeak ezin sinetsita begiratu zion ogiari, baina bere asmoak betez, gure ogi laguna torradaz mozorrotu eta inauterietan ohikoa den gozo honekin gozatzea erabaki zuen.
XV. mendetik bizitzak gozatzen
XV. mendean aurkitzen dugu torraden lehenengo aipamena, eta dirudienez, haurdun egondako emakumeen errekuperazio prozesurako erabiltzen ziren. Lehenengo errezetak 1607. urtean Domingo Hernandez de Macerasen “Libro de Cozina” delakoan agertu zen, eta bigarren aipamen bat 1611n argitaratutako Francisco Martinez Motiñoren “Arte de cozina, pasteleria, vizcocheria y conserveria”.
Ogiaz haratago
Hasiera batean ohikoa izaten zen torradak ogiarekin soilik egitea, baina azken aldian, era askotako torradak aurkitzen ditugu gure jatetxeetan; hala nola, briotxearekin, kurasanarekin edo moldezko ogiarekin eginikoak. Nire aitak aipatzen du torradak egiteko osagairik onena gaur egun toki askotan aurkitzen ditugun aurrez erretako baguetteak direla.
Nik gaurkoan ez dizuet errezetarik emango, asko daudelako eta oso ugariak direlako. Gaurkoan gonbitea, gure okindegi eta gozotegietan, inauteriak gertu ditugula baliatuz, aurkituko ditugun torradak erosi eta horiekin gozatzea. Gu mozorrotzen garen bezala, ogiak ere mozorrotu nahi izaten duelako inauterietan.
Gozatu torradekin, gozatu inauteriekin, gozatu gastronomiarekin, gozatu sukaldaritzarekin eta gozatu bizitzarekin. On egin!
Oraitz Garcia
gastrofesta.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude