Asier Etxepare Alarde Tradizionaleko jeneral karguan estreinatuko da aurten

Argazkia: Estudio Gover.

Asier Etxepare Izak inoiz ez bezala biziko ditu 2024ko Sanmartzialak. Alarde Tradizionaleko buru izendatua izan ostean, aurtengo alardean jeneral kargua betetzea egokitu zaio. Dena den, ardurak gozamenarekin bateratzeko gai izango dela uste du. Asier Etxeparek Alarde Tradizionaleko jeneral izateko prestaketa guztiak martxan dituela azaldu du. 

2023ko urriaren 31n izendatu zintuzten Alarde Tradizionaleko jeneral. Egokitutako kargua barneratzeko denbora nahikoa izan duzu jada?

Denbora nahikoa bai, baina pixkanaka noa. Izan ere, tartean egin beharreko gauza asko daude. Zer egin behar dudan badakidan arren, uste dut oraindik ez dudala nire burua imajinatzen kargu hori betetzen. Baina San Pedro eta San Martzial egunak iristen hasten diren heinean, uste dut orduan jada bai kontzienteagoa izango naizela.

Izendatua izan aurretik, imajinatu al zenuen inoiz zure burua jeneral moduan?

Ez, inoiz ez. Inondik inora ere.

Argazkia: Asier Etxepare Infanteriako Komandante lanetan. Iturria: Alarde Tradizionala.

Honaino iritsi arte zein izan da alardearen barnean egin duzun ibilbidea?

Gaztetxoa nintzenean hasi nintzen alardean desfilatzen. 1989an nire lehengusina kantinera atera zen. Goizean ez nuen desfilatu, baina bazkarian lehengusu pare bat berotu egin ginen eta aitonaren etxean eskopeta batzuk lortu genituen. Hori izan zen desfilatu nuen lehen urtea, Santiagon. Gero redoblearekin desfilatu nuen. Mikel Agesta kapitainak urte batez arazo bat izan zuen eta alferez izendatu ninduen. Edorta Uruñuelaren agintaldian berriz, tenientea izan nintzen hiru urtez.

Satur Ibargoyen jeneralak Infanteriako Laguntzaile izendatu ninduen eta Iñaki Arruabarrenarekin kargu berean jarraitu nuen. Paco Carrillo jeneralak Komandante izateko aukera eman zidan. 2020an etxean arazo larri bat izan genuen etxeko txikiarekin eta zalditik jaistea erabaki nuen. Beraz, bi urtez Santiagon eskopeta bezala desfilatu dut. Eta urrian, denok dakizuen bezala, jenerala izateko aukeratu ninduten.

“Baina San Pedro eta San Martzial egunak iristen hasten diren heinean, uste dut orduan jada bai kontzienteagoa izango naizela

Ardura handia denez, urduritasun berezirik eragiten dizu?

San Pedro Eta San Martzial Egunek ez didate hainbesteko urduritasunik sortzen. Bai ordea urtean zehar egiteko dagoen lan mordoak eta egin beharreko gestio guztiek. Horretaz gain, Agintarien Batzordea eta Alardearen Batzordea gestionatzea zaila da. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiot Rubén Fraileri, Komandante bezala lan bikaina egiten ari da eta. Era berean, gainontzeko laguntzaileen lana eskertu nahiko nuke, beraien laguntza ezinbestekoa baita.

Ekaina hurbildu ahala, eginbeharren zerrenda asko luzatu da?

Lan karga handiena azarotik aurrera izan genuen, aurten eskopeten asuntoarekin lan pilo bat egin behar izan dugulako. Orain kapitainei tokatzen zaie orain arte egindako lan hori borobiltzea, baina dena oso bideratua dago jada, gaur egun oraindik egin beharreko gauzak badauden arren, baina ez dute hainbesteko garrantzirik.

Zaldi gainean ibiliko zaren lehen urtea izango ez denez, lasaitasuna ematen dizu horrek?

Nire zaldia kendu nuen arren, zaldian ibiltzen eta klaseak ematen jarraitu dut. Beraz, horrek ez nau gehiegi kezkatzen. Oraindik ez dakit ezta zein zaldi aterako dudan, baina ez nago urduri.

“Nik uste kostako zaidala nire konpainia izan denari, Santiagori, banderatxoa jartzea”

Zeregin guztien erdian, nola doaz jeneral izateko prestaketa lanak?

Jeneral jantzia oraindik ez dut guztiz amaitua, azken xehetasunak falta zaizkio, baina jada martxan dago. Dagoeneko hainbat jantzi froga egin ditut, azken gauzatxoak amaitzea baino ez da geratzen, beraz, laster jaso ahal izatea espero dut. Bikornioa ere martxan dago. Maiatzerako prest izan behar dut, hortaz, dagoeneko maiatzean gaudenez,  hemendik gutxira jaso ahal izatea espero dut.

Argazkia: Asier Etxepare aurreko Jeneralaren eskutik Aginte Makila jaso ostean.

Aurretik dituzun momentu berezien artean, San Pedro eguna nola imajinatzen duzu?

Beste urteekin alderatuta, aurtengo San Pedro eguna oso desberdina izango da. Uste dut San Pedro eguna Irunen oso egun polita dela. Eguna goiz hasten da, munizioaren eta banderatxoen banaketarekin. Gero, Meza Nagusira joaten gara eta Zalditeriako kideekin hamaiketakoa egiteko ohitura dugu. Horren ostean, etxera korrika joan eta janzteko momentua iritsiko da. Uste dut laguntzaileak etxera nire bila etortzen direnean oso une polita izango dela. San Pedro eguna oso berezia iruditu zait beti eta urtero hala bizitzen dut. Urtero bada leku edo pertsonaren bat hunkitzen zaituena. Noski, nik ere badut niretzat lekurik kuttunena dena, Santiago. Beraz, aurten momentu hori iristen denean, imajinatzen dut hori oso une zirraragarria izango dela. Nik uste kostako zaidala nire konpainia izan denari, Santiagori, banderatxoa jartzea.

“San Pedro eguna bezala, badira urtero bereziak diren momentu asko”

San Martzial egunean pentsatuz, badago ilusio bereziz espero duzun beste momenturik?

San Pedro eguna bezala, badira urtero bereziak diren momentu asko. Adibidez, goizean Joloarekin elizara jaistea, kanpaiek jotzen duten bitartean, oso momentu ederra da. Gainera, hor egongo diren lagun batzuk ditut eta polita izango da, noski. Bestetik, San Martzial mendian botoa berritzeko unean ere beti hunkitu izan naiz. Azkenean eguneko momentu jakin horretan pertsona asko etortzen zaizkit burura, eta beraz, hori ere oso momentu berezia da. Noski, familia ikusten dudanean, batez ere emaztea eta alabak, ederra izango da.

San Martzial eguna amaitu arren, egitekoak ez dira hor amaitzen. 2024ko alardearen balantzea egiteko unea izango da, ezta?

Bai, behin alardea amaituta, urtero balorazio bilera bat egiten da. Akatsik izan ote den eta zergatik gertatu diren aztertzen da bilkura horretan, hobetu daitezkeen gauzak hobetzen saiatzeko. Niri dagokidanez, ikusiko dugu ea nolako papera bete dudan. Autokritika egin behar bada, egingo dut; bai, noski.

Ardura guztien erdian jaiez disfrutatzea lortuko duzula uste duzu?

Nik uste dut baietz. Gauza asko dira egin beharrekoak, bai, baina baita politak ere, eta nik uste lortuko dudala ondo pasatzea.

Zer eskatzen diezu 2024ko Sanmartzialei?

Eguraldi ona. Baina, batez ere, herriak gozatzea eta dena ondo joan dadila, lasai ederrean eta arazorik gabe.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude