Ion Martinez “Txiki”-k azaroaren 18an, larunbatean, “Euskaldunen jatorria, historia eta irria” euskarazko bakarrizketa egingo du Kabigorrin. Emanaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da. Hogei urteko bidearen ondoren, ezer ez zegoen tokian bidea egiten saiatu ondoren, euskarazko komedia loralditxoa bizitzen ari denean, erretiratu egingo da.
“Euskaldunen jatorria, historia eta irria” izena du Ion Martinez “Txiki”-k azken birarako prestatu duen bakarrizketak. Big bangetik gaur arte, euskaldunen historian barnako bidaia proposatzen du, euskaldunaren garapena umoretik.
Imitazioak ere egiten ditu; Oteiza, Xalbador, Evaristo, Laboa, Maurizia eta Lujanbio. «Niretzat oso garrantzitsuak diren pertsonak dira, ikonoak. Miresten ditudan pertsonak dira denak. Azken antzezlan hau oso pertsonala dela uste dut; nire burutazioak, garrantzia daukaten balioak, ideiak, pertsonak… nire maitasun eta gorroto guztiak ikusten dira azken lan honetan».