Apirilaren 15ean, asteartearekin, iluntzeko 20:00etan, Betiko Ametsa abesbatzak Aste Santuko ohiko kontzertua eskainiko du Irungo Juncal parrokian. Fernando Echepare Gómezen zuzendaritzapean, abesbatzak Otaño, Urteaga, Aulestia, Arregi, Pelosi, Kodaly eta Haendelen obrak bilduko dituen errepertorioa eskainiko du. Sarrera doakoa izango da.
Halaber, igandean, hilak 20, Ametsa Kultur Elkarteko abesbatzetako kideek parrokian bertan ospatuko den Pazko mezan parte hartuko dute.
Hurrengo hitzorduak
Maiatzean eta ekainean zehar beste hainbat emanaldi eskainiko ditu Irungo abesbatzak, ikasturtearen bukaera ekitaldiz beterikoa izango baita.
Maiatzaren 9an, Ametsa abesbatzak kontzertua eskainiko du Erdiguneko Auzo Elkartean, egun bat geroago Lizarran (Nafarroa) eskainiko duen kontzertuaren aurretik.
Betiko Ametsak, bestalde, Betharramgo parrokiako mezan parte hartuko du maiatzaren 18an, eta 27an auzoko Caser zentroan.
Azkenik, Txiki abesbatzak itxiko du hilabetea, maiatzaren 28an, Amaia Kultur Zentroan eskainiko dituen kontzertu pedagogikoen eskutik. Hiriko ikastetxeei zuzenduta, haur eta gazteei elkartean garatzen den musika jarduera erakusteko aitzakia ezin hobea izango dira horiek, baita ahots berriak etortzera gonbidatzeko ere.
Baina oraindik aurtengo ikasturtea amaiturik ez da izango, eta San Martzial jaiak heldu baino lehen, Ametsa Elkarteko taldeek emanaldi asko eskainiko dituzte. Betiko Ametsaren kontzertuei ekingo diete, ekainaren 7an Junkaleko parrokian, Zaporeak elkartearekin elkarlanean, eta 17an Zabalgunean, Caritasekin lankidetzan. Halaber, Ametsa Abesbatzak eta Txiki abesbatzak ekainaren 15ean Amaia Kultur Etxeko festen aurreko kontzertuan eskainiko dute opera bat eta ekainaren 22an Ahetzen (Lapurdi) egingo dute azkeneko emanaldia.



