Bidashop merkatarien elkarteak Inauterietako IV. Mozorro Lehiaketa antolatu du. Kolorez, musikaz eta dibertimenduz beteriko hitzordua izango da martxoaren 1ean, 11:00etatik 13:00etara, Zabaltza plazan. Lehiaketa hau adin eta modalitate guztietara irekia dago, bakarka, bikoteka edo taldeka parte har daitekeelarik.
Lehiaketan parte hartzeko izen emateak zabalik daude jada. Izen ematea Instagram bidez edo lehiaketa hasi baino ordu erdi lehenago. Hiriko hainbat eragilek osatutako epaimahaiak mozorroaren originaltasuna, karakterizazioa, sormena eta konplexutasuna baloratuko ditu.
Sorpresaz beteriko lehiaketa
Antolatzaileek aurreratu dutenez, sorpresaz beteriko lehiaketa izango da. Gainera, lehiaketa ez ezik, musikaz, animazioaz, dantzaz eta sorpresa ugariz gozatuko dute bertaratzen direnek. Bidashop-etik herritar guztiak gonbidatu dituzte festa honetara batzeko eta Irun alaitasunez, irudimenez eta inauteri-izpirituz betetzeko.



