2024ko Bideko Segurtasun Programaren barruko saioek 4.000 irundar inguru bildu dituzte; gehienak, eskoletako ikasleak. Besteak beste, datu hori eman du Segurtasunerako eta Herritarren Bizikidetzarako ordezkari Iñigo Bergések, Maite Erro eta Txema Ortún bideko agenteekin batera, joan den urteko oroitidazkiari buruzko xehetasunak aurkezterakoan.
Programak Irunen bidean arriskurik handienean daudenengan jarri du arreta; bereziki, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleengan. Planaren barruko ekintzak Mugikortasun segururako hezkuntza: konpetentzien gida-n oinarritu dira, zeina Eusko Jaurlaritzak argitaratu zuen, eta errespetua, bizikidetza eta ardura sustatzen dituzte, besteak beste.
Bergések nabarmendu du “zer-nolako lana egiten duten Bideko Heziketarako agenteek, baliteke-eta herritarrek ondo ez ezagutzea. Bada, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen prestakuntza du ardatz. 2024ko programak inpaktu esanguratsua izan du, parte hartzea masiboa izan baita eta antolatu diren jarduerek parte hartzaileen segurtasuna eta bideko kontzientzia areagotu baitituzte, eta ildo horretatik lanean jarraituko dugu, hiriko mugikortasuna eta segurtasuna hobetzeko”.
7 eta 12 urte arteko haurrek parte hartze handia izan dute programan. Lehen Hezkuntzako ikasleentzako saioetan, agenteak hamaika ikastetxetan izan dira, 3.400 ikasleri baino gehiagori eskola teorikoak eta praktikoak ematen, eta ikasleak Udaltzaingoaren instalazioetan jaso ere egin dute. Gainera, 4. mailako ikasleek, “Auzoan oinez” programan, isun “adiskidetsuak” jarri dizkiete oinezko eta gidari arduragabeei, eta 6. mailakoek kalean zirkulatzen zuten ibilgailuen arteko bizikleta martxak egin dituzte.
Bigarren Hezkuntzan, berriz, 139 ikasleek kalean zirkulatzen zuten ibilgailuen artean bizikletan ibiltzen ikasteko tailerrak eman dituzte. Gainera, heziketa behar bereziak dituzten taldeentzako saio espezifikoak egin dira, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 23 ikaslerekin.
Bestalde, Mendibil Prestakuntzarako Zentroan, 37 lagunek alkohol eta kalamu kontsumoak gidatzean dituen ondorioak landu dituzte; guraso berri bihurtzekoak ziren 145ek, haurrak lotzen ikasteko teknikak; eta 117 adinekok, harrapatuak izateari eta lapurretei aurrea hartzeko bideak.
Saio horien guztien helburua zirkulazio istripuei aurrea hartzea izan da, gazteen artean bereziki, baita mugikortasun ohitura seguruak sustatzea eta alkohol eta droga kontsumoak gidatzean dituen ondorioen gainean kontzientziatzea ere.
Azkenik, Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astean, 200 pertsona bildu ziren Irunen egindako bizikleta martxa herrikoian, eta Udaltzaingoko agente berriek zirkulazio gaiei eta bideko segurtasun gaiei buruzko prestakuntza saioak eman zituzten, eta, Ertzaintzarekin elkarlanean, ostatuetan lapurretei aurrea hartzeko saioetan parte hartu.



