Boluntariotza gaztetzeko beharrean arreta jarriko du Balioen Loratzea ekimenak

Balioen Loratzea ekimenaren beste edizio bat antolatu du udalak apirilaren 29rako, astelehenerako. Adineko eta gazteen arteko IV. topaketa foroa arratsaldeko 17:00etan hasiko da Palmera Montero gunean. Aurtengo leloa “Boluntarioen arteko loturak” izango da, eta helburua, boluntariotzaren erronka nagusietako bati heltzea: belaunaldien arteko erreleboari.

Elkartasunaren eta Belaunaldien arteko Elkarlanaren Europako Egunaren esparruan, Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko Arloak Balioen Loratzea ekimenaren beste edizio bat antolatu du.Gizarte Ongizate arloko ordezkariarekin batera, Josi Roig ere bertan izan da, ekimena kudeatzeaz arduratzen den Bat Bi ta Hiru enpresako ordezkari gisa.

Gizarte Ongizateko ordezkari Nuria Alzagak eman du ekitaldiaren xehetasunen berri. Gizarte Ongizateko ordezkariak adierazi duenez, hasieratik, Balioen Loratzea ekimenaren helburu nagusia belaunaldien artean balioak transmititzea izan da, hala nola enpatia, elkartasuna, errespetua, tolerantzia, pazientzia, ardura eta justizia. “Bada, oraingoan, gazteak boluntariotzara erakarri beharra nabarmendu nahi dugu, horrelako lanarekiko konpromisoaren onurak hobekien transmiti ditzaketenen laguntzarekin”, azaldu du Nuria Alzagak. Gizarteko Ongizateko ordezkariak adierazi duenez, bi belaunaldiek zein gizarteak “etekin handia” atera dezakete foro honetan sustatzen diren harremanetatik.

Irungo adinekoen elkarteek eta gazte boluntarioak dituzten elkarteek landuko dute boluntariotzaren esparruko belaunaldien arteko erreleboa, hala nola Gurutze Gorriak, Atzegik eta Tantaka-Tecnunek. Gainera, Gizaldeko boluntarioen dinamizatzaile Ander Larreak, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Partaidetzako teknikari Aitor Calvok eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Hezkuntzako teknikari Ander Bargosek parte hartuko dute topaketan.

Bat Bi ta Hiru arituko da dinamizatzaile. Lehenbizi, hirugarren sektoreko adinekoek eta gazteek beren lekukotasuna emango dute, eta, gero, belaunaldien arteko erreleboari helduko diote. Besteak beste, boluntario izateko arrazoiez, motibazioaz eta etorkizunaz jardungo dute, baita boluntario izateak pertsona bakoitzari dakarzkion onurez ere, eta, ideiak sortu ahala, storytelling edo infografia batean jasoko dira

Omenaldia Lucía Garbayori

Dinamikaren ondoren, 18:00ak aldera, Lucia Garbayo omenduko da, Irungo alkate  Cristina Labordarekin.  Garbayo 50 urte baino gehiago ibili da boluntario lanetan, Pio Baroja BHIko Ikasleen Gurasoen Elkartean, Odol Emaileak elkartean, Irungo Hiritar Foroan eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Adinekoen Kontseiluan besteak beste. Garbayok bere bizitzan egindako boluntario lanaren gaineko bideo bat emango da. Foroaren ondoren, lunch bat eskainiko zaie parte hartzaileei, esperientzia eta iritzi trukea giro informalagoan egiteko.

Gaian interesa duen orok parte hartu ahalko du ekitaldian, 943 505 368 telefono zenbakira deituta edo cooperación@irun.org helbide elektronikora idatzita.

Hamaika balio sustatzeko

Balioen Loratzea ekimenaren lehenengo edizioa COVID-19aren ondoriozko krisi sanitarioaren testuinguruan egin zen, 2021ean, eta, orduan, nabarmendu zen zer garrantzitsua den adinekoen balio tradizionalak belaunaldi gazteei transmititzea.

Hurrengo edizioan, belaunaldien arteko topaketaren leloa “Bakea zure begiradapean” izan zen, eta funtsezko balioak hartu ziren ardatz, hala nola justizia, elkarlana eta pertsonen eta herrien arteko elkartasuna, oinarrizko zutabeak diren aldetik elkarrekin bakean bizitzeko, gatazkak konpontzeko eta bakearen aldeko kultura mantentzeko.

Azkenik, joan den urteko edizioan, “Elkartasunaren balioa” lelopean, Irun hiri solidarioa dela erakutsi zen, pertsona eta erakundeen elkartasun lana ezagutarazi eta bateratuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude