Ezberdintasunek ez dute zertan beti konnotazio negatiboa izan behar eta Nerea Salvador hori frogatzen saiatzen da. Horretarako, bere bizipenetan eta esperientzietan oinarritzen da. Nerea Salvadorrek arreta defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua ditu eta dislexikoa eta epileptikoa da. Ondorioz, bere ibilbide akademikoa ez da erraza izan eta, horregatik, haur neurodibergenteek zailtasun berberetatik igaro behar izatea saihestu nahi du.
Nola bururatu zitzaizun gai honi buruzko proiektu bat hastea?
Nik ADHNa daukat, hau da, arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua eta dislexikoa naiz. Gainera, epileptikoa ere banaiz, eta, beraz, ezin dut medikazioa hartu ADHNa kontrolatzeko. Nire bizitzan, horrek etengabeko borroka eragin dit ikastetxearekin eta irakasleekin ni ebaluatzeko orduan. Ahalegin handia egin arren, ate asko ixten zizkidatela ikusi dut, eta horrek gainerako pertsonen aukera berberak izateko borrokatu nahi izatea eragin dit. Nire borrokari esker podcast bat egiteko aukera izan dut Angel Martín umorista eta “Por si las voces vuelven” liburuaren egilearekin. Horren ondorioz, guraso asko nirekin harremanetan jarri ziren nik neure azalean bizi izan ditudan egoera berberak bizi izan dituztela kontatzeko. Horrela ulertu nuen ez duela zentzurik XXI. mendean lehen hezkuntzan ikasten jarraitu nahi ez duten haurrak egoteak, txikitatik eskola porrot gisa izendatzen direlako. Hori gerta ez dadin, bideoak egiten saiatzen jarraitzea erabaki dut, podcast berriak sortuz. Nire nahia hitzaldiak ematea da. Ez zait erraza gertatzen gai honi buruzko hitzaldiak egiteko aukera izatea, baina uste dut oso beharrezkoa dela.
“Jende askok eskerrak eman dizkit horretarako gai sentitzen ez den jende askori ahotsa ematea lortu dudalako”
Eduki hau sortzeko, batez ere zure esperientzian oinarritzen zara, ezta?
Haur neurodibergente izatea ez da erraza, sozialki kosta egiten baitzaizu gainerako ikaskideekin bat egitea. Gainera, maila akademikoan oraindik zailagoa da. Edozein gauza ikasteko eta ulertzeko gai banaiz ere, ikasten hastean asko larritzen nau, arreta eskasa baitaukat eta arreta galtzen baitut. Azterketak mundu bat dira niretzat, duela gutxi dislexia diagnostikatu baitidate eta horrek suspentsoak konstante bihurtzen ditu nire bizitzan. Hori dela eta, nirea bezalako kasuak eskola porrot gisa katalogatzen dira askotan; izan ere, adimentsuak garela ikusi arren, ez gara gai ezarritako irizpideak betetzeko. Egoera horren aurrean, jakina, ez gara ondo sentitzen, eta horrek gure autoestimuan eragiten digu, maila sozialean. Nire kasuan, gainera, epilepsiagatik medikatzerik ez nuenez, irakasleek esaten zuten ez zutela zer eginik nirekin, eta uste dut horrek ez lukeela horrela izan behar.
Hezkuntzan behar bereziak dituzten haurrei arreta emateko modua asko aldatu dela ikusi duzu?
Hezkuntzan lan egiten duen edo horretarako prestatzen ari den jendearekin hitz eginda, horrelako kasuak artatzeko programa espezifikoak daudela esan didate. Badakit irakasleak egoera horietara ahal duten moduan egokitzen saiatzen direla, baina, hala ere, informazio asko falta zaiela uste dut. Kontuan izan behar da irakasleek batez beste 20-25 haur artatu behar dituztela. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zait ahalegin ekonomiko handiagoa egitea, irakasle gehiago kontratatzeko eta ikasgeletako ikasle kopurua murrizteko. Garrantzitsua iruditzen zait irakasleak ADHN, Autismoaren Espektroko Nahasmena (AEN), Hizkuntzaren Nahasmendu Espezifikoa edo bestelako nahasmenduak dituzten haurrak artatzeko prestatzea. Gainera, oraindik ere badira horrelako nahasmenduak ukatzen dituztenak, eta horrek are zailagoa bihurtzen du dena.
“Gai honek interes handia sortzen du jende askori eragiten diolako”
Zer harrera izan dute orain arte gai honen inguruan egin dituzun gauzek?
Egin nuen lehenengo gauza Angel Martínen podcast-a izan zen eta horri esker lortu nuen jende askok nire egitasmoaren berri izatea. Jendea, gertatzen dena entzuten duenean, apur bat harritua geratzen da oraindik egoera honetan gaudela jakitean. Gai honek interes handia sortzen du jende askori eragiten diolako. Ondorioz, asko partekatu da gurasoen, irakasleen, logopeden, psikologoen edo eskola orientatzaileen artean. Horrek erakutsi dit eskolan edo osasun mentalean lan egiten duen jende askok nire esperientzia partekatzen duela. Jende askok eskerrak eman dizkit horretarako gai sentitzen ez den jende askori ahotsa ematea lortu dudalako.
Zure asmoa ikastetxeetan gaiaren inguruko hitzaldiak emateko aukera lortzea da, ezta?
Oso zaila da, neska gaztea naizenez eta babesten nauen titulaziorik ez dudanez, baina, hala ere, uste dut nire esperientzia baliagarria izan daitekeela. Txikitatik gustatu izan zait estatuko ikastetxe guztietatik igarotzeko ideia, nire bizipenak partekatzeko eta nahasmenduek nola eragin didaten azaltzeko. Nire ideia errealitatea ikusaraztea da, arazoa izatetik haratago, nahaste horiek alde ona ere badutela ikustea gustatuko litzaidake. Hau da, desberdinak izan arren, guk ere beste bertute eta dohain batzuk ditugu. Garrantzitsua iruditzen zait besteengandik bereizten gaituena lantzea, helburu berberak lortzeko gai ere izan gaitezkeela erakusteko.
Zure ikuspuntutik, nahasmenduek ere badute alde onik?
Azken batean, haur bakoitza mundu bat da eta zure nahasmenduak ez du erabat definitu behar zure izateko era. Adibidez, oro har, ADHN pairatzen dugunok irudimen handiagoa dugu eta oso alaiak gara, eta hori ere gauza onak dira, nahiz eta batzuetan ahaztu egiten zaigun.
Zertan uste duzu lagun dezaketela hitzaldi hauek?
Hitzaldi hauen bidez, haur guztiek ikasteko eskubidea dutela erakutsi nahi dut. Jendeak ulertu behar du haur neurodibergenteak hasieratik eskola porrot gisa katalogatzea akats bat dela. Laguntzarekin eta beharrezko baliabideekin, haur horiek oso urrutira ere irits daitezke. Nahasmendu bat izateak ez du esan nahi gainerakoak bezain azkarra izan ezin zarenik, eta gauza bera gertatzen da goi-mailako gaitasunekin (GMGA). Desberdinak izateak ez du esan nahi baztertu egin behar direnik, eta gainerako haurrak bezala, haiek ere etorkizuna dira.