Ekimenak ohiko ibilbidea aldatuko du jaiengatik eta Juana Mari Erro aukeratu dute aurtengo kantinera
2026ko San Pedro eta San Martzial jaietako programaren barnean, ekintza berezi bat antolatu da ekainaren 25erako, osteguna. Goizeko 10:00etan, adineko pertsonak aktibatzeko eta jai giroaz gozatzeko, Sanpedro eta Sanmartzialetako Ttipi Ttapa ibilaldia abiatuko da. Ekimena bereziki 60 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago eta Luis Mariano zentro sozialetik hasiko du bere ibilbidea. Nagusilan elkarteak antolatutako jarduera honek Irungo Udalaren laguntza jaso du beste behin ere.
Ttipi Ttapa egitasmoa urte osoan zehar martxan dagoen ekimena da, eta berez astearte zein ostegun goizetan elkartzen dira leku berean ibilaldia egiteko. Normalean Kaneta porturaino joan-etorria egiten badute ere, Sanmartzialetako ekintza berezia denez, ibilbidea erabat aldatuko dute. Horrela, parte-hartzaileak Colón pasealekutik eta Irungo erdialdetik ibiliko dira hiriko jaiak erdigunean bertan ospatzeko.
Egun horretan, ohiko kirol-txandala albo batera utziko dute eta arropa zuri-gorriak soinean dituztela aterako dira kalera. Gainera, urteroko ohiturari jarraituz, sanmartzialetako edizio honetan taldeko kantinera bat aukeratu dute ibilbidea buru izateko. Aurtengo kantinera Juana Mari Erro izango da, bere garaian, talde honen bultzatzaile nagusietako bat izan zena.
Herritarrek parte hartzeko
Gemma Erroren hitzetan: “Ibiltzea oso ona da, baina taldean eta giro onean egiten bada are gehiago”. Juana Mariren ahizpa den Gemma Errok irundar guztiak animatu nahi izan ditu ekainaren 25eko hitzordu berezi honetan parte hartzera, osasuna eta elkarbizitza jai giroan uztartzeko aukera bikaina baita.



