Bertako familiek eta migranteek elkarrekin bazkalduko dute, Bizilagunak ekimenean
Martindozenea gaztelekuan ere bazkaria antolatu dute, azaroaren 19an
Hiri berdinetan bizi gara. Eraikin berdinetan, askotan. Baina ez dugu elkar ezagutzen. Bizimodu paralelo horiek elkargune bat izan dezaten, Bizilagunak ekimena antolatu du SOS Arrazakeriak elkarteak, zazpigarren aldiz. Irunen, udaleko Gizarte Ongizatea arloaren eta Adiskidetuak Kulturarteko Elkartearen babesarekin izango da, azaroaren 19an. Elkarrekin bazkaltzeko bilduko dira bertako familiak eta migranteenak, bietako baten etxean.
Iaz 235 bazkari antolatu zituzten Euskal Autonomia Erkidegoan, 587 familiarekin. Aurten, 250 bazkari dituzte helburu. Irunen, hamabost bazkari inguru izango dira, 30 familiarekin. Izena eman duten familiak elkartzeko, irizpide ezberdinak kontuan hartzen dituztela azaldu du Gerardo Carrere SOS Arrazakeriak elkarteko kideak: “Zaletasunak, afinitateak, familiako kideen kopurua, menderatzen dituzten hizkuntzak etab”. Bazkari bakoitza antolatzeko, dinamizatzaile bana aritzen da. Aurten, Jon Aranguren ariko da lan horretan. Azaldu du, formazio baliagarria jaso duela: “Batzuetan, konturatu gabe, arrazistak diren estereotipoak erabiltzen ditugu, barneratuta ditugulako”.
“Ezjakintasunetik hitz egiten dugu batzuetan, jendearen errealitateak ezagutu gabe”
Rocío Calderón, Adiskidetuak elkarteko kidea
Estereotipo eta aurreiritzi guzti horiek apurtzea da, hain zuzen ere, ekimenaren helburu nagusietako bat. “Konturatzen zara askoz gehiago direla batzen gaituzten gauzak, banatzen gaituztenak baino”, baieztatu du Sergio Corchón Gizarte Ongizatea arloko ordezkariak. Zenbait aldiz parte hartu du zinegotziak, eta balorazio baikorra egin du: “Oinarrizko kezka berdinak ditugu, eta erraza izaten da enpatizatzea. Abiapuntu bikaina da hori, estereotipoak alde batera uzteko”. Alde bietakoak izaten dira aurreiritziak. Rocío Calderón Adiskidetuak elkarteko kide kolonbiarrak aitortu du: “Ezjakintasunetik hitz egiten dugu batzuetan, jendearen errealitateak ezagutu gabe. Mahai baten inguruan esertzea, bakoitzaren egoera eta zirkunstantziak ezagutzeko modua da”. Latinoamerikarrak dira, hain zuzen ere, Irungo familia migranteetako asko, magrebtarrekin eta Ekialdeko Europako herrialdeetakoekin batera.
“Euskal Herrian, kuadrillak itxiak dira, eta ez dugu irekitzeko joera handirik”
Alba Aranguren, parte hartzailea
Gastronomiak jendea biltzeko gaitasun handia du Euskal Herrian. Askotan, elkarteak izaten dira topagune. Bizilagunak ekimenean, aldiz, garrantzia ematen diote etxeetan biltzeari. “Giro intimoagoa sortzen da”, adierazi du Carrerek. Ados dago Alba Aranguren. Iaz parte hartu zuen lehen aldiz, senideekin, harrera familia gisa: “Beste estereotipo bat izango da, baina uste dut neurri batean egia dela, euskaldunak oso itxiak garela. Gazteetan, batez ere, ikusten da. Kuadrillak itxiak dira, eta ez dugu irekitzeko joera handirik, normalean”. Etxean hartu zuten familian, beste neska gazte bat zegoen, eta berarekin hitz egitea oso “interesgarria” izan zela adierazi du Arangurenek: “Horregatik, familiako seme-alaba gazteak ere gonbidatu nahi nituzke parte hartzera”.
Martindozenea Gaztelekuko langilea da Alba Aranguren. Bertan, Bizilagunak ekimenarekin bat egingo dute aurten, azaroaren 19an bertan. Bertako gazteen eta migranteen arteko bazkaria antolatu dute. Harreman iraunkorragoak sor daitezke elkar ezagutza horretatik. Rocío Calderonek baieztatu du bere kasuan hala izan dela: “Gerora gehiagotan gelditu izan gara, bazkaltzeko, edo kafe bat hartzeko, eta giro lasaiean hitz egiteko”.
Salaketaren beharra azpimarratu dute
Jabier Muguruzak ere iaz parte hartu zuen lehen aldiz. Joan-etorriko esperientzia izan zela azaldu du: “Haien etxera gonbidatu gintuzten ondoren. Hura ere, esperientzia ederra izan zen, gurean pixka bat kikilduta egon zirelako. Haienean, berriz, beste modu batean ikusi nituen, askeago”. Nolanahi ere, Muguruzak ez du ahaztu iazko esperientziak alde iluna ere izan zuela: “Gurean izan genuen familiako semea atxilotu zuten, aireportuan. Ez dut uste bakarrak izango ginenik, ez da kasualitatea”. Izan ere, elkarguneak eraikitzeko aukera emateaz gainera, migranteek bizi dituzten zenbait errealitate gogor ezagutzeko ere balio dezake Bizilagunak ekimenak. “Salaketa ere garrantzitsua da”, azpimarratu du Muguruzak.
“Atxiloketa bat bizi izan genuen iaz. Ez da kasualitatea izango”
Jabier Muguruza, parte hartzailea
Gerardo Carrere SOS Arrazakeriak elkarteko kideak gogorarazi du Atzerritartasun Legeak migranteei bakarrik eragiten diela. Zenbait adibide eman ditu: “Egoera irregularrean dagoen jendeak urte beteko lan kontratua behar izaten du egoera erregularizatzeko. Gainera, erregulartasun egoera hori bera oso hauskorra da, erraz galdu dezakete, lan kontratua amaitzean, esaterako”. Baina legeez gainera, bizilagunen mesfidantzek ere eragiten dietela nabarmendu du: “Zailtasun handiak dituzte etxebizitza edo lana lortzeko. Etxebizitzen jabeek pentsatzen dute migranteak ez direla fidatzekoak, eta ez dizkiete alokatzen. Lanarekin, berdin. Aisialdi guneetan ere bai, diskoteka batzuetan, adibidez”. Guzti horiek gainditzeko, aukera aproposa eskaintzen du Bizilagunak ekimenak.