Urtero martxoaren 8an ospatzen den Emakumeen Nazioarteko Eguna berdintasunaren defentsarako data seinalatu bihurtu da. Horretarako, Irungo Udalak antolatutako ekintzez gain, hiriko emakume elkarteek eta elkarte feministek prestatutakoek data biribildu dute. Hala ere, ekintzak ez dira martxoaren 8ra mugatu, hilabete osoan emakumeak indartu eta beren eskubideak aldarrikatzeko ekitaldiak aurrera eraman dira eta, argi utziz aldarrikapenak ez direla soilik martxoaren 8ra mugatzen.
Ekintzak hilabete osoan zehar egin badira ere, martxoaren 8an bertan egindakoek oihartzun berezia izan dute. Eguna eguerdiko 12:00etan hasi zen San Juan plazan egindako elkarretaratzearekin. Hurrengo ekintzak laster irekitzekoa den Irungo Emakumeen Etxearekin izan dute lotura. Esaterako, eguerdiko 13:00etan Emakumeen Etxeari buruzko solasaldi bat egin zen Istillaga plazan, Virginia Imazen Clowndorioak ikuskizunaren aurretik.
Arratsaldean aldiz, Irungo Gaztelekuetan Krea muralak margotu zituzten. Urtero moduan, M8 Asanblada Feminista Bidasoak manifestazioa deitu zuen arratsalderako, ibilbidean zehar eskualdeko zutabe ezberdinak lotu zituena. Mobilizazioa arratsaldeko 17:30ean abiatu zen Hondarribitik eta 19:00ak aldera Colón pasealekua eta Iparralde hiribidearen arteko bidegurutzean bi zutabeak elkartu ziren eta Nafarroa hiribidean behera egin zuten Irungo Emakumeen Etxea kokatuko den Istillaga plazaraino iritsi arte. Bertan Penkoletas Sisters taldeak show feminista bat eskaini zuen.
Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, antolatzaileak egindako ekintzak bezain askotarikoak izan dira. Hain zuzen ere, jardueren programan beraien aletxoa jarri dute Argoiak, Gaurko Andreak Berdintasunaren Alde, Bidasoaldeko Elkarte Feministak, Uxoa, Irungo Udala, Irungo Emakumeen Etxea, M8 Asanblada eta Parean elkarteek. Ekimenak falta ez diren arren, oraindik bide luzea dago egiteko berdintasuna eta beste hainbat aldarrikapen errealitate bihurtzeko, baina, zalantzarik gabe, bidea errazagoa izango da lagunartean eginez gero.