Hilabete batzuk pasatu dira Erroibide klubak denboraldi berriari ekin zionetik. Behin taldeak osatuta, jokaldiak findu eta denboraldiko helburuak betetzeko bidean daude saskibaloi kluba osatzen duten taldeak. Ana Iturria Klubeko lehendakariaz gainera, Ander Sada eta Iratz Udaeta, senior taldeetako jokalariek ere denboraldiaren hasieraren errepasoan parte hartu dute.
Nola hasi duzue 2024-2025 denboraldia klubean?
Ana: Aurtengo denboraldiaren hasiera oso ona izan da. Aurten nesken senior taldea batu dugu gure taldeetara, 11 jokalarirekin. Horretaz gain, eskolako kirolariak ere badauzkagu, oraindik entrenatzen dabiltzanak, baina lehiatzen hasteko desiratzen daudenak. Guztira, ia 200 neska-mutiko dauzkagu orain gure klubean.
“Guztira, ia 200 neska-mutiko dauzkagu orain gure klubean”
Ana Iturria, Erroibide klubeko lehendakaria
Horietako batzuk jada lehian dabiltza, eskolakoak izan ezik, ezta?
Ana: Hori da, denak federatuak egon arren, baita neska-mutiko txikienak ere. Uste dut hilabete honetan hasiko direla txikienak partiduekin. Gure helburua jokalari guztiek saskibaloian jokatuz ondo pasatzea da eta elkarrekin ondo egotea, beraz, hori lortu dugula esango nuke.
Etorkizuna bermatzeko, harrobiari garrantzi handia ematen diozue, lehendik ere adierazi izan duzuenez.
Ana: Hain zuzen ere, seniorrak aurretik infantilak izan dira, Ander bezala. Beraz, ordezkapen hori gertatzea gauza naturala izan behar du, entrenatzaileak ere behar ditugulako eta gaur egun zaila da boluntarioak lortzea. Bere denbora eskaintzeko prest dagoen jendea topatzen dugunean, hori konpentsatzen saiatu behar dugu behintzat. Horregatik, garrantzi handia ematen diogu klubeko kirolariek elkar erakusteari eta laguntzeari, nahiz eta, noski, guk gainbegiratu.
Hainbeste jokalari izanda, nola antolatzen dituzue entrenamenduak?
Ana: Sergio, klubeko koordinatzailea, talde eta entrenamenduen antolaketaz arduratzen da.
Senior mailako emakumeen kasuan, zenbat jokalari zarete aurten?
Iratz: Gure taldean 11 gara, baina egia da hau gure lehen urtea dela, iaz ez baitzegoen emakume talderik, beraz, hasieratik hasi behar izan dugu. Hortaz, helburu zehatzik gabe hasi gara, ez baikinen gure artean ezagutzen. Orain arte gure artean gustura ibili gara eta emaitzek ere lagundu digute. Bigarren fasean hasi gara, beraz, ezin gara kexatu.
Talde berria sortzeak zailtasun handiak dituen arren, nola moldatu zarete taldea ondo bideratzeko?
Iratz: Saskibaloian elkarlana eta elkar ulertzea garrantzitsua da eta egia da hasierak ez direla errazak. Pixkanaka lan egin dugu bakoitzak nola jolasten duen jakin arte, beraz, gure arteko elkartasuna lortzeko lan egin dugu. Hori ere emaitzetan islatu da, taldea hobeto dagoela erakutsiz.
“Atakea defentsa baino gehiago landu behar dugula uste dut”
Iratz Udaeta, Erroibideko senior jokalaria
Behin hori lortuta, denboraldirako beste helbururik finkatu duzue?
Iratz: Hasieratik, noski, ahalik eta maila altuenera iristea zen gure helburua. Oraintxe hirugarrenak gara, beraz, esan dezakegu gure helburua betetzen ari garela. Orain arte bezala jarraitu nahi dugu, goiko aldean, bigarren fasean lehiakorrak izateko. Badakigu bigarren fasea askoz zailagoa izango dela eta bertan ikusiko dugu gure lanketa ona izan den edo ez.
Helburu horiek lortzeko, bada bereziki hobetu edo landu beharreko zerbait?
Iratz: Atakea defentsa baino gehiago landu behar dugula uste dut. Horretarako, gure arteko elkarlana sustatu behar dugu, elkar ulertzeko.
Senior mailako gizonen kasuan, nola hasi duzue zuek denboraldia?
Ander: Beno, hasiera gutxi gorabeherakoa izan da. Beraz, aurten gure helburua maila mantentzea izango da. Taldean oso jokalari ezberdinak dauzkagu, oso gazteak eta baita bertan urte asko daramatzagunak ere. Hala eta guztiz, gutxi gara, aurten 8 baikara bakarrik. Behar bezala borrokatuz gero, mailari eustea lortuko dugula uste dugu.
Zuen kasuan ere elkarlaguntza funtsezkoa izango da taldea orekatzeko, ezta?
Ander: Bai, bestela erabat kaotikoa izango litzateke. Gure entrenatzaileak gurekin batera jokatzen du, beraz, ez da erraza eta hor jokalari beteranoek paper garrantzitsua dugu. Jakitun gara urte osoan zehar berari lagundu beharko diogula, elkarlana ezinezkoa izango baita bestela. Gazteekin ere hitz egina dugu, honetan urte gehiago eramateagatik ez garela beraiek baino hobeak, eta hori ia egunero aipatzen dugun kontua da.
Beraz, jokalari gehiago beharko dituzue senior mailetan?
Ander: Gure kasuan, Erroibidek 3 talde ditu senior mailan eta denboraldi hasieran erabaki genuen talde hauek mailaren arabera banatzea. Zortziko talde hau sortu genuen pareko mailako jokalariak ginelakoan, beraz, horregatik 8 gara eta ez gehiago. Hala ere, bigarren taldeko jokalariek ere gurekin entrenatu ohi dute, badaezpada. Horretaz gain, horietako jokalari bat edo bik ia partidu guztietan entrenatu ohi dute gurekin.
“Behar bezala borrokatuz gero, mailari eustea lortuko dugula uste dugu”
Ander Sada, Erroibideko senior jokalaria
Nola joan dira orain arteko partiduak?
Ander: Denboraldia nahiko galduta hasi genuen, batez ere lehen bi edo hiru partiduetan. Elkarrizketa asko izan ostean, uste dut gure estiloa aurkitu genuela. Gure nortasuna aurkituta, hor goaz eta orain falta zaiguna egonkortzea da. Talde bezala gure intentsitatea aurkitu behar dugula uste dut. Defentsa aldetik nahiko ondo gaude, baina neskei gertatzen zaien bezala, erasoan dugu arazo handiena. Pixkanaka, ordea, gure bidea aurkitzen ari gara. Hala ere, oraindik lan handia dugu aurretik.
Denboraldia bukatu aurretik, zer landu nahiko zenukete?
Ander: Erasoan gure identitatea aurkitzea lortzen badugu, oso pozik egongo nintzateke.
Iratz: Guk ere antzeko zerbait bilatzen dugu. Eraso kontuak gehiago landu behar ditugu, gero eta akats gutxiago egiteko. Horrela, taldeak asko hobetuko lukeela uste dut eta aurrerapauso handia emango genukeela.
Ana: Guretzako pozgarriena izango litzateke talde eta taldekide guztiak ondo izatea. Nahiz eta emaitzak garrantzitsuak izan, guretzat inportanteena da denok elkarrekin kirol honetaz disfrutatzea. Hori da gure helburu nagusia eta horregatik lanean jarraituko dugu.
Elkarrizketaren bideoa ikusgai duzue Txingudi Onlinen.



