
Txingudi Ikastolako DBHko 4. mailako ikasleek Estoniako ikasleekin elkartruke bat egiteko aukera izan dute Erasmus+ programari esker. Martxoaren 14tik 21era Tallinen egon ziren bisitan. Maiatzaren 5etik 11ra berriz, Estoniako ikasleak etxean izan dituzte, han bizitako esperientzia bisitariei itzultzeko. Mare Izagirre eta Irune Fernandez ikasleek gurekin partekatu nahi izan dute han bizitako esperientzia.
Nola jakin zenuten aurten elkartrukea egiteko aukera izango zenutela?
Mare: Berez, iazko ikasturtean jakin genuen aurten elkartrukea egiteko aukera izango genuela. Ikasturte honetarako hautazkoak aukeratu behar zirenean, Erasmus+ programaren bidez elkartruke batean parte hartzeko aukera egongo zela azaldu ziguten. Hasieran ez zen ziurra zein izango zen elkartrukerako guri egokitutako herrialdea, Estoniaz gain, Alemaniara joateko aukeraz ere hitz egin zigutelako. Ikasturte honen hasieran baieztatu ziguten Estoniara joango ginela.
Estonia egokitu zitzaizuela jakin zenutenean, zer pentsatu zenuten?
Irune: Ba, egia esan, inpresio oso ona izan nuen. Azkenean, proiektu honen helburua da beste herrialde bateko pertsonekin zure herrialdea eta kultura partekatzea.
“Bidaia egin aurreko hilabeteetan gure lurraldea eta kultura beste herrialdeko pertsona bati nola aurkeztuko geniokeen prestatu dugu”
Mare Izagirre, Txingudi Ikastolako ikaslea
Elkartrukea egin aurretik, ikastolan nolako lanketa egin duzue proiektuaren inguruan?
Mare: Bidaia egin aurreko hilabeteetan gure lurraldea eta kultura beste herrialdeko pertsona bati nola aurkeztuko geniokeen prestatu dugu. Europar Batasunak finantziatutako egitasmoa denez, proiektu ezberdinak egin ditugu aurkezpenak prestatzeko, adibidez, Euskadiko historia edo gure hizkuntza, euskara, aurkezteko.
Estonian egon zineten bitartean, nolakoa izan zen esperientzia?
Irune: Ni hegazkinean jada oso urduri nengoen. Azken batean, ezagutzen ez duzun pertsona baten familiaren etxera zoaz. Aste osoko esperientzia aldiz, sekulakoa izan zen. Haien eskolan egon ginen klaseak jasotzen; turismoa egiteko aukera ere izan genuen, esaterako, itsasontzi museo bat bisitatu genuen.
Mare: Hori da, oso ondo pasa dugu. Ez da ohiko bidaia bat non hotel batera zoazen; familia baten etxera zoaz eta pertsona horien bizitzetan sartzen zara bete-betean. Beraz, bidaiatzeko oso modu ezberdina da.
“Ez da ohiko bidaia bat non hotel batera zoazen; familia baten etxera zoaz eta pertsona horien bizitzetan sartzen zara bete-betean”
Irune Fernandez, Txingudi Ikastolako ikaslea
Nola egokitu zineten zuen elkartrukeko kidearen etxera eta bizimodura?
Irune: Ondo, nahiz eta nahiko ohitura ezberdinak dituzten. Etxera sartu bezain laster kaleko zapatak kentzen dituzte, baita eskolan edo beste edozein toki itxitan ere.
Disfrutatzeaz gain, bidaiak zerbait ikasteko balio izan dizue?
Irune: Ba bai. Gure kideek eskolak zituztenean haiekin egon gara ikasgelan. Klaseak estonieraz ziren, beraz, esaten zutena jarraitzea nahiko zaila egin zaigu. Dena den, beraien egunerokotasuna nolakoa den ikusi ahal izan dugu. Adibidez, otorduak modu desberdinean egiten dituzte. Guk hemen hamaiketakoa jateko ohitura dugu goiz erdialdera. Haiek aldiz, goizeko 10:30ean jada lehen eta bigarren platera jaten ari dira.
Mare: Irakasteko modua ere asko aldatzen da. Esaterako, ikastolan gure klaseek 55 minutuko iraupena dute. Estonian berriz, 45 minutuko klaseak dituzte, eta tartean beti 10 minutuko atsedenaldia egiten dute. Bestetik, eskolaren barruan denda bat zuten, beraz, hori ere nahiko ezberdina zen.
Hizkuntzaren aldetik, elkarren artean ingelesez aritzeko zailtasunak izan dituzue?
Mare eta Irune: Ez, arazorik gabe moldatu gara ingelesez.
Bertara iritsi aurretik, zuen elkartrukeko bikotearekin hitz egiteko aukera izan duzue?
Irune: Hara joan aurretik gutun batzuk trukatu genituen. Horrela, aurrez aurre ezagutu aurretik elkarren berri izan genuen eta bakoitzak zer gustu eta zaletasun dituen kontatu genion elkarri. Hau da, aurkezpen eskutitz gisakoak izan ziren.
Gerora, kontrako esperientzia bizi izan duzue, hau da, haiek etxean hartzearena.
Mare: Nik uste beste herrialdean zaudenean gehiago disfrutatzen duzula, hona datozenean zure ardurapean daude eta. Beraz, uneoro galdezka ibili behar zara ea zer behar duten edo egin nahi duten. Imajinatzen dut haientzat ere hona etortzeko esperientzia oso ezberdina izan behar dela gu han egon ginenekoarekin alderatuta.
Bisitariak zuen etxean edukita, izan al duzue gauza berriak ikasteko aukerarik?
Irune: Bai, adibidez, Abadia jauregia bisitatzera joan ginen eta, egia esan, ni ez nintzen inoiz bertan egona. Asko gustatu zitzaidan, paisaia oso polita baitu inguruan. Era berean, gauza berriak ere egin genituen, esaterako, surfa probatu genuen eta Albaolan izan ginen. Azken batean, gauza berri hauek lurralde hau ezagutzen ez duten pertsonekin deskubritzea berezia izan da.
Zuen etxeetan nola moldatu dira estoniarrekin?
Mare: Egia da etxera norbait berria datorrenean etxeko guztiak egoerara egokitu behar direla. Gure kasuan, etxeko beste senideren baten logelara joan behar izan gara lotara gure gela uzteko. Azkenean, guri eman dizkiguten erosotasun guztiak eman nahi izan dizkiegu gure etxean egon direnean. Hala ere, oso esperientzia polita da, familiarekin oso harreman ona sortzen delako eta gauza asko partekatu daitezkeelako. Dena dela, nekatuta bukatzen duzu, gauzak ondo joatea nahi duzulako eta horregatik arduratzen zarelako.
Esperientzia guztitik, zer izan da gehien gustatu zaizuena?
Irune: Beste kultura bat barrutik ezagutzeko aukera izatea. Egun batzuez beste pertsona baten lekuan jarri gara eta hori esperientzia errepikaezina da, bizitzan behin bakarrik bizitzen den horietakoa.
Mare: Nire ustez bidaiatzea beti da aberasgarria, beste herrialdeak eta ohiturak ezagutzeko aukera ematen dizulako. Elkartrukeak beste kultura hori sakonago ezagutzeko aukera eman digu. Kontrakoa iruditu dezakeen arren, ohiturak asko aldatzen dira leku batetik bestera. Gainera, Estonia ez da bereziki oso famatua den herrialde bat, eta beraz, agian bestela inoiz ez genukeen herrialde hori ezagutuko.
Horrela beraz, beste ikasleei ere gomendatuko zeniekete esperientzia hori bizitzea, ezta?
Irune: Bai, zalantzarik gabe gomendatuko nieke, bereziki, oso irekiak ez diren pertsonei. Izan ere, horri esker lagun berriak egin ditzakezu, beste batzuen lekuan jartzen ikasten duzu eta.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



