Irungo Javier Esteban Indart kalea oinezkoentzat izango da etorkizunean. Borja Olazabal Mugikortasun arloko ordezkaria San Miguel auzoan kokatutako kalearen etorkizunaz mintzatu da.
San Migel auzoaren bihotzean kokatutako kale horretan aparkalekuak kentzeko eta zirkulazioa galarazteko erabakia konfinamenduaren ondoren Irunen hartutako neurrietako bat izan zen. Era honetan, hiriko zenbait kaletan oinezkoentzako guneak sustatzea eta pertsonen arteko distantziak mantentzea lagundu nahi zen.
Mugikortasun ordezkariak ziurtatu duenez, “kasu honetan, erabakia arrakastatsua izan da hasiera-hasieratik. Zirkulazioa desbideratzeko irtenbide erraza zen, eta gune seguruagoak izateko eta distantzia handiagoak uzteko lekua aurkitu dute ostalariek. Berehala, jarduketa honek jarraipena izan zezakeela ikusi genuen”.
Neurri hau planteatzeko eskaera alarma egoeraren aurretik ere helarazi zitzaion Udalari, eta hark behin-behinean jarri zuen martxan, hilabete hauetarako. Gerora, San Migueleko merkatari eta ostalariek eta Auzo Elkarteak neurria behin betikoa izatea nahi dutela jakinarazi diote Udalari, idatziz, “bilgune eta kohesio faktore berezi izan dadin; azken batean, auzoa egiteko eta biziberritzeko”.
Oraingoz, Bartolomé de Urdinso eta Zubiaurre kaleetatik autoz sartzeko aukera mugatu egin da bakarrik, baina “proiektu xume baina erakargarri bat egitea da asmoa, kaleari itxura polita emateko eta kaleko altzari berezi batzuk jartzeko, galtzadari akabera berezia emateaz gain. Nolanahi ere, garrantzitsuena egin dugu jadanik: orain oinezkoena da lehen autoena zen tokia”, laburtu du Borja Olazabal Mugikortasuneko ordezkariak.
Badira normaltasun berriaren hasieran probatu ziren eta itxuraz beren horretan utziko diren beste neurri batzuk, hala nola Letxunborroko bidegorria. Borja Olazabalek azaldu duenez, “trafikoak eta oinezko eta txirrindularientzat zabaldutako guneak behin betiko haientzat uzteko irtenbideak aztertzen jarraitzen dugu, baina argi dago paseatzeko ibilbide berri bat irekitzea lortu dugula, seguruagoa, eta autoentzako tokia murrizteak oraingoz ez duela inolako arazorik eragin inguruko zirkulazioan”.