Irunen Euskaraldiaren bigarren edizioa antolatzeko lehen urratsak eman dira. Irailaren 20ean Irungo Palmera Montero gunean Herri Batzarra egin ostean, ariketa sozialaren antolaketarako Talde Eragile sortu eta lehen bilera egin du. Hortaz gain, Ariguneen izen-emate epea itxi ostean, ariketan Belarriprest edo Ahobizi gisa izena emateko epea ireki da.
Lide Rekondo Irungo Euskaraldiaren dinamizatzaileak azaldu duenez, lehenengo urratsak entitateekin eman ziren, baina, Euskaraldiaren Batzordearen antolaketa Irunen ariketaren prestaketari ekiteko modua izan da, horrela, hiritarren nahien arabera ariketa sortzeko aukera eskainiz. Dinamizatzaileak azaldu duenez, batzordean jende dezentek parte hartu zuen, Irunen Euskaraldia antolatzeko asmo irmoa erakutsiz.
Hortaz gain, 8 pertsonek talde eragilean parte hartzeko interesa erakutsi zuten. “Gauden egoera gaudela oso zenbaki egokia iruditzen zait lanean hasi ahal izateko” Lide Renkondo Irungo Euskaraldiko dinamizatzaileak azaldu duenez. Talde Eragilearen zereginak honakoak izango dira: Ekimena Irunera egokitzea, hirirako plangintza propioa landu eta gauzatzea, parte hartzaileentzako motibazio eta formazio saioak aurreikusi eta antolatu, komunikazio orokorreko euskarriak herriaren beharretara egokitu edota berriak sortu, herriko izen ematea antolatu, etab.
“Online izen-emateak egitea lehenetsiko dela erabaki da”
Lide Rekondo Irungo Euskaraldiaren dinamizatzaileak
Covid-19ak eragindako osasun krisialdia dela eta hartutako neurriak errespetatzeko talde eragilean aurrez aurre soilik 10 pertsona elkartu ahalko dira. Hortaz gain, taldera batu nahi duen edonori ariketa sozialaren antolaketan parte hartzeko aukera emateko bileretan aurrez aurre parte hartzeko aukeraz gainera, online parte hartzeko tresnak erabilgarri izango ditu taldeak. Horrela, talde eragilea irailaren 24ean lehen bilera egin zuen hurrengo hilabeteetan zehar Irunen egingo den ariketari forma emango dioten lehen erabakiak hartzeko. Talde eragilearen lehen bilerarekin batera, irailaren 24ean norbanakoek Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzeko izen-emate epea ireki zen. Izen-emate prozedurari dagokionez, “online izen-emateak egitea lehenetsiko dela erabaki da”, azaldu du Lide Rekondo Irungo Euskaraldiaren dinamizatzaileak. Horrela, ariketara norbanako gisa batu ahal izateko epea azaroaren 19ra arte luzatuko da eta izen-ematea www.euskaraldia.eus webgunearen bitartez egin beharko da.
Ariketa luzeagoa
Aurreko edizioarekin alderatuta, 2020ko Euskaraldiaren bigarren edizioak bi berritasun nagusi izango ditu. Batetik, Euskaraldiaren bigarren edizioko ariketak iraupen luzeagoa izango du. Hau da, lehen edizioko ariketak 10 eguneko iraupena izan bazuen, aurten Euskaraldiak 15 eguneko iraupena izango du. Izan ere, ariketa azaroaren 20ean hasi eta abenduaren 4ean amaituko da. Horrela, asteburu bakarra izan ordez, ariketak bi asteburu harrapatuko ditu tartean.
Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan
Bestetik, aurreko ediziorako sortutako Belarriprest eta Ahobizi rolez gainera, Ariguneak sortu dira entitateak talde izaera izango duen bigarren ariketa honen partaide egiteko. Ariguneek, alegia euskaraz aritzeko guneek, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Talde hauetako kideek Ahobizi eta Belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute ariguneetan. Hortaz, bi Arigune mota bereiziko dira: Barne-ariguneak eta Kanpo-ariguneak. Barne-ariguneak entitate baten baitan ohiko dinamika duten eta kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten taldeak dira. Kanpo-ariguneak, berriz, entitatean herritarrekiko harreman-espazioetan dauden pertsonek osatzen dute, uneoro Belarriprest edo Ahobizi bat egongo dela bermatuz, hau da, herritarrek uneoro euskaraz artatuak izateko bermea izango dute.
Ariketan Arigune gisa izena emateko epea irailaren 27an amaitu zen. Irunen kasuan, ordura arte 58 entitatek Arigune bezala ariketara batu ziren. Apuntatutako Ariguneen artean mota askotako izaera duten entitateak bereizten dira, hala nola, ikastetxeak, kirol eta kultura elkarteak, enpresak, hedabideak, etab. Izen-emate epe ofiziala itxita egon arren, Irungo Euskaralditik azken deia egin nahi izan diete Irungo entitateei. Oraingoan, aldiz, izena eman nahi dutenek, haiekin zuzenean harremanetan jarri beharko dira irun@euskaraldia.eus posta-elektronikoaren bitartez.
Hurrengo urratsak
Euskaraldiaren bigarren edizioan izena ematen dutenek ariketaren inguruko informazioa jasoko dute datozen aste eta hilabeteetan zehar. Euskaraldiaren antolakuntzak jakinarazi duenez. Euskaraldian parte hartzeko materiala, txapak eta bestelako materiala, azaroan banatuko da hirian horretarako jarriko diren banaketa-puntuetan. Hortaz gain, ariketaren eragina aztertzeko egingo den ikerketan martxan da eta Euskaraldiko parte-hartzaileen laguntza behar beharrezkoa izango da ekimenaren emaitza ezagutzeko, beraz, ikerketako galdetegia erantzutea eskatzen da. Gainera, hirian antolatuko diren prestaketa saioetan parte hartzea gomendatzen da.
Aurten ekimena ikusgarriagoa egiteko kaleak Euskaraldiarekin janzteko helburua dago. Horretarako, etxeetako balkoi eta leihoak “Gehiago, Gehiagorekin, Gehiagotan” lelodun banderatxoekin jantziko dira. Banderatxoak herri batzordearen bidez, Euskaraldiko online dendan edo/eta Eroski saltokietan eskuratu daitezke.