Kirol aretoak bete ditu Zumbak, ariketa fisikoa egiteko modu dibertigarria delakoan
Gaur egun kiroldegietan eta gimnasioetan arrakasta gehien duen jardueretako bat da Zumba. Hamarnaka lagun biltzen dira egunero klase bakoitzean, ariketa fisikoa egiteko, eta batez ere, ondo pasatzeko asmoz. “Oso entretenigarria da, ez zara konturatzen kirola egiten ari zarenik”, baieztatu du Arantxa Reyk. Zumba instruktorea da Irunen, eta gimnasio eta elkarte ezberdinetan ematen ditu klaseak. Goizeko txanda amaituta, kafea hartzeko gelditzen da, astean behin, hiriko beste zenbait irakaslerekin. Zumbaren inguruko familia osatu dute jada.
2000ko hamarkadaren hasieran sortu zen Zumba, Kolonbian. Aerobic ariketak eta dantza pausoak uztartzen dituen jarduera da, eta Latinoamerikako erritmoak erabiltzen ditu: cumbia, salsa, merengea, batxata, reggaeton-a etab. Alberto “Beto” Pérez dantzariak asmatu zuen, ustekabean. Aerobic klase bat eman beharra zuen, baina musika ahaztu zitzaion. Autoan salsa eta merenge kaseteak besterik ez zituen, eta horiekin inprobisatu zuen aerobic klasea. Ikaragarri gustatu zitzaien, berari eta ikasleei. Hori dela eta, kasualitatezko asmakuntza horrekin aurrera egitea erabaki zuen. Ameriketako Estatu Batuetara, Miamira jo zuen hura hedatzeko asmoz. Alberto Perlman eta Alberto Aghion ezagutu zituen han, eta haien babes ekonomikoarekin, Zumba irakasteko lehen DVDak grabatu zituen.
Datuak:
180 herrialde
200.000 lokal
15 milioi zale
Zumbaren arrakasta ikusita, Zumba Fintess LCC enpresa sortu zuten 2006an. Konpainiaren marka erregistratua da Zumba, eta haren inguruko negozio errentagarria kudeatzen du. Gaur egun, 180 herrialdetako 200.000 lokaletan ematen dituzte Zumba klaseak. Hamabost milioi lagun inguru ere izan daitezke praktikatzen dutenak. Leku guzti horietara, abiadura eta intentsitate ezberdinetan heldu da. “Espainiako Estatuan, hego-ekialdean zabaldu zen lehenengo. Iparraldera askoz beranduago iritsi da”, azaldu du Evelyn González txiletarrak. Zumba klaseak ematen ditu Irunen, baina baita Gipuzkoako beste zenbait herritan ere. ZIN titulazioa du (Zumba Instructor Network), eta Zumba saioak zuzentzeko deiak jasotzen ditu, hain da handia jardueraren arrakasta.
Markaren jabe den enpresak banatzen du ZIN titulazioa, eta ezinbesteko baldintza da Zumba izena erabiliz klaseak emateko. Titulazioa edukitzeko, derrigorrezkoa da hasierako formazio ofiziala jasotzea. Ondoren, hilero 40 euro inguruko kuota ordaindu eta ezaguerak berritzeko formazio espezifikoetara joan beharra dago. Zumba Fintess oinarrizko espezialitatea da, lehen formazioa jaso duten irakasleek eskaini dezaketena. Beste asko ere badaude, baina horietan aritzeko espezializatu beharra dago: Zumba Kids (haurrentzat), Zumba Gold (adinekoentzat, edo mugikortasun arazoak dituztenentzat), Aqua Zumba, Zumba Step, Zumba Toning etab. Bestalde, DVD, bideojoko eta arropa ofizialak saltzen ditu enpresak. “Negozioa da”, onartu du Caridad Ángel irakasleak. Hala ere, bere inguruan “instrusismo” asko dagoela salatu du, eta formazioa jaso gabe eta dagokion kuota ordaindu gabe Zumba klaseak eskaintzen dituen jendea kritikatu du.
“Klaseak ezin du lineala izan, gorabeherak behar ditu”
Arantxa Rey
“Monitorea gainean egoten da, ikaslea animatzen saiatzen da”
Caridad Ángel
Aukera anitza eskaintzen du Zumbak
Formazio berdina jasotzen duten arren, Zumba irakasle bakoitzak bere estiloa du, eta zeharo aldatu dezake saioaren izaera. Caridad Ángelek berretsi du: “Ikasleak ohitu egiten dira, eta gero kostatzen zaie beste irakasle batekin aritzea”. Ordu bateko saioak izaten dira. Beroketa batekin hasten dira, eta gero hamabi-hamalau koreografia egiten dituzte, erritmo eta intentsitate ezberdinetan. “Klaseak ezin du lineala izan, gorabeherak behar ditu”, azaldu du Arantxa Reyk. Bukatzeko, luzaketak egiten dituzte, beste edozein kirol jardueratan bezala. Irakaslearen jarrera aktiboa izaten dela azpimarratu du Caridad Ángelek: “Monitorea gainean egoten da, ikaslea motibatzen saiatzen da”.
Zumba adin guztietako jendearentzat egokia izan daitekeela nabarmendu dute irakasleek. “Modalitate asko daude, eta bakoitzak komeni zaiona hautatu behar du”, zehaztu du Evelyn Gonzálezek. Arantxa Rey kideak bost urte daramatza Zumba klaseak ematen, eta gizonezko bakar bat izan du bere saioetan. Zumbaren sortzailea gizonezkoa da, eta irakasle asko ere bai. Klaseetara joaten direnen artean, berriz, emakumezkoak dira nagusi. “Mutil asko lotsagatik ez dira animatzen, edo ezjakintasunagatik ere bai”, adierazi du Mónica Martínezek. Gizonezkoei onura berberak ekartzen ahal dizkiela nabarmendu du: “Arlo fisikoaz gainera, psikologiari dagokionez oso-oso ona da. Antsietatea, edo depresioa duen jendeari primeran datorkio”.
Kiroldegietan, gimnasioetan edo bestelako elkarteetan eskaintzen dituzten Zumba klaseez gainera, ekitaldi ezberdinetan egiten dituzte Zumba saioak. Gero eta gehiago eskatzen dizkiete, auzoetako jaietan, ikastetxeetako jaialdietan edo urtebetetze festetan, esaterako. Zumbathon izeneko bizpahiru orduko saioak ere egin izan dituzte, ekimen solidarioen alde, gehienetan. DJ batek jartzen du musika, eta monitoreak txandaka igotzen dira eszenatokira, behean egoten diren parte hartzaileen mugimenduak zuzentzeko. Horrelako ekitaldietan ezagutu dute elkar inguruko Zumba irakasle askok. Harreman estua egin dutela baieztatu dute, eta elkarri laguntzen ahalegintzen direla. Batek ezin duenean klasea eman, lagunak ordezkatzen duela azaldu dute, adibidez. “Ordutegiagatik, edo gertutasunagatik ikasle bati nire klasea komeni ez zaionean, lagun batena gomendatzen diot”, aipatu du Evelyn Martínezek. Zumba irakasleen gremio txikia sortu dute, beraz. Nana Bo, Nani Enrique, Manuel Rentero eta gainerako kideak ez dituzte ahaztu nahi izan.