Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoak, FICABek 25 urte bete ditu aurten. Urteurren berezia dela eta, Irungo alkate Cristina Labordak, lehenengo alkateorde eta Kultura ordezkari Nuria Alzagak eta FICABeko zuzendari Aizpea Goenagak, talde politiko guztietako ordezkariez gain, museo eta arkeologia eta ondare zentroak hartu ditu gaur Udaletxeko Areto Nagusian, FICAB Ibiltarian parte hartu izana eskertzeko.
Ekimen horri esker, urte osoan zehar zinema arkeologikoa eta iraganari buruzko ezagutza Irundik haratagoko publikoari hurbilarazten zaizkio, eta proiektu bizia bihurtzen da, data ofizialetatik kanpo ere jardunean jarraitzen duena Oiasso Museoa bereizgarri egiten duen espiritu dibulgatzaileari eutsiz.
Horregatik, alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie museo eta interpretazio zentro nagusiei jaialdiaren ibilbidean emandako laguntzagatik, FICAB Ibiltariak bere ibilbidearekin urte osoan jarraitu ahal izan dezan. Cristina Labordak adierazi duenez, lehiaketa honek gaur egun duen garrantzia badu, hein handi batean Udal honetan jasotzen ditugun profesionalen laguntzari esker da: “Ohore handia da halako garrantzia duten pertsonek jaialdi hau babestea, aurten, gainera, zilarrezko ezteiak ospatzen baititu; izan ere, balio handia ematen diote FICABek urtero erakusten duen kultura-zabalkundeari eta -dibulgazioari”.
Azkenik, Irungo alkateak, Udalaren izenean, opari bat eman die parte hartu duten pertsona guztiei, esker on eta aintzatespen gisa, jaialdi hau bere arloan munduko garrantzitsuenetako bat izateko egindako lanagatik.
Parte hartzaileak
Ekitaldi honetan parte hartu dute Espainiako Arkeologia Museo Nazionaleko zuzendari Isabel Izquierdok, Meridako Erromatar Artearen Museo Nazionaleko zuzendari Trinidad Nogalesek, Gijóngo Museo Arkeologikoetako zuzendari Paloma Garcíak, Bizkaiko Arkeologia Museoko zuzendari Etor Telleriak, BIBAT Arabako Arkeologia Museoko arduradun Jaione Aguirrek eta ICAC Instituto Catalá d’Arqueologia Clàssicako zuzendari Josep Maria Paletek eta Bartzelonako institutu horretako ezagutzaren transferentzia arloko arduradun Marta Flórezek.
FICAB Ibiltaria
25. urteurrenaren harira, jaialdiak jendaurreko aintzatespena egingo die FICAB Ibiltariaren bidez jaialdian hautatutako ikus-entzunezkoen hedapenean lagundu duten erakundeei eta kultura zentroei.Oiasso Museoan hasi eta Irungo Udalean amaitu den lan-jardunaldiaren bidez, foroen eta proposamen-trukeen bidez, erakunde parte-hartzaile horien arteko lankidetza-sare hori sendotzeko etorkizuneko oinarriak ezarri nahi izan dira.
Gainera, ikus-entzunezko formatu berrietara egokitzeak dakarren erronkari buruz hausnartu da, ondare historikoaren aberastasuna zabaltzen jarraitzeko eta komunitate zientifikoaren eta FICABen aberastasun filmografikoa urtez urte aurkitzen duten publikoen arteko loturak sendotzeko.



