1.560 pertsona inguruk gozatu zuten FICABeko aurrez aurreko proiekzioez

Bidasoako Zinema Arkeologikoaren Nazioarteko Jaialdiak (FICAB) arrakasta handiz itxi zuen bere hogeita laugarren edizioa. Jaialdia azaroaren 11tik 16ra egin zen, eta giro ezin hobea izan zuen. 1. 560 pertsona inguruk gozatu zuten aurrez aurreko proiekzioez Ocine Mendibil zinemetan eta Donostiako Aquariumean. Jaialdiak, iazko zifrak gainditzeaz gain (1.195 pertsona zenbatu ziren), azken sei urteetako zifrarik onenak lortu ditu. Online bistaratzeek ere gora egin dute; aurten, 490 pertsonak gozatu zuten online proiekzioez, iaz baino % 30 gehiagok, orduan 366 parte-hartzaile izan baitziren online. Zifra historiko horiek jaialdiaren goranzko joera islatzen dute.

Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kultura ordezkariak albistea ospatu zuen, eta gogorarazi zuen luxuzko programazio batean datzala edizio honen arrakasta, “balio arkeologiko handiko” filmak eraman baitira pantailetara.

Ia hogeita bost urte ditu zinemaldiak, eta Kultura ordezkariak adierazi duenez, “urte hauetan guztietan aukera izan dugu FICABek programatutako tituluen eta ikusle-kopuruetan lor dezakeen benetako dimentsioaren pultsua hartzeko. Orain, hogeita bosgarren edizioari begira, zifra horiek egonkortzeko eta publikoarentzako esperientzia hobetzeko lanean jarraitzeko erronkari aurre egin behar diogu”.

Edizio honetan, Antonio Pizzo FICABeko presidenteak eta Itziar Vergara, Vanesa Fernandez, Mattin Aiestaran eta Mertxe Urteaga epaimahaikideek osatutako Epaimahaiaren Sari Nagusia Phillipe Aractingik zuzendutako “Liban, Les Secrets du Royaume De Byblos” zintari egokitu zaio, “bere kalitateagatik eta mailagatik, bai gidoi aldetik bai narrazio aldetik, eta baita edukiarekin batera doazen irudiengatik ere”, adierazi zuen epaimahaiak. Gainera, epaimahaiak zuzendariaren eta bere taldearen “ausardia” nabarmendu zuen, Libanon aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuenetariko bat dokumentatzeagatik, gaur egun “egoera politiko konplikatua” bizi duen herrialdea baita. Film horrek berak Arkeolan saria jaso zuen Zientzia Zabalkundean, “Alemanian egindako indusketa zahar bati buruzko kontakizun garrantzitsu bat berreraikitzea ahalbidetu duen ikerketa sakonagatik”.

Christian Stiefenhoferrek zuzendutako “Tierra X – Das Grab DDer Schamanin” filmak EITBren Saria jaso zuen –genero ikuspegia sustatzea aintzat hartzen duen saria–, “Errelatu historikoaren eraldaketari egindako ekarpenagatik, emakumearen figura eta antzinako zibilizazioetan egindako ekarpena balioan jarri baititu”.

Hezkuntza Saileko saria Stelios Apostolopoulus-ek zuzendutako “Diving in Aegean History” zintak jaso zuen, izan ere, “Greziako Kasos uhartearen inguruko hainbat garai historikotako aztarnen indusketa-lanak modu didaktikoan ezagutzeko aukera eman du”.

Aitor Baztarrika Ocak zuzendutako “Jesus Carrera: el rojo de Hondarribia” filmak Publikoaren Sari Berezia jaso zuen, 10etik 9,67 puntu lortuta. Antolatzaileek adierazi dutenez, aurten ikusleek positiboki baloratu dituzte film guztiak, eta horrek “jaialdiaren maila altua berresten du”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude