Fran Justoren mutilek garaipenarekin hasi dute denboraldia

Landutako garaipena lortu du Real Uniónek ligako lehen jardunaldian, partida hasi eta berehala markagailuan aurretik jarri den partidan. Taldea ez zen 2. minutura iritsi Alain Oyarzunek hanka aldatuta ateratako falta bat Iván Pérezek sare barrura bidali duenean 1-0ekoa jartzeko. Irundarrek ezin zuten denboraldia hobeto hasi.

Hortik aurrera, Real Unión nagusi izan da lehen berrogeita bost minutuetan, taldea aldagelara abantaila handiagoarekin joan zitekeelako sentsazioarekin. 5. minutuan, Escobarren jokaldia, pasea atzera eta Solísi, atzetik etorrita, gora joan zaio baloia. Alain Oyarzun 18. minutuan saiatu da area kanpotik, baina baloia eskoratuegi joan zaio. Irazustaren atean Carriónek izan du aukerarik argiena 26. minutuan, baina bere jaurtiketa gora joan da. Hurrengo minutuan, irundarren erantzuna, Escobarren jokaldi bikain bati esker. Atezainak gelditu eta Alain Oyarzunen ondorengo jaurtiketa kanpora joan da. Eta beste bat aldageletatik pasa aurretik. 40. minutuan, Córdobak kanpokaldearekin egindako jaurtiketa kanpora joan da gutxigatik.

Atsedenaldiaren ostean aldaketak egin ditu CE Sabadellek eta bigarren zatian nagusi izaten saiatu da, 78. minutuan berdinketa lortu arte Gómezek buruz egindako erremateari esker. Hutsetik hasi behar berriro. Eta Irungo taldeak egin du. Cerdák 2-1ekoa egin du 84. minutuan, denboraldiko lehen hiru puntuak Stadium Galen utzita.

Real Uniónen hurrengo hitzordua asteazken honetan izango da, RFEF Kopako fase autonomikoko finalerdia, Gobelan, 19:30etatik aurrera, Arenasen aurka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude