Irungo Udalak galdutako edo abandonatutako etxeko animaliak jasotzeko eta zaintzeko zerbitzuaren kontratu berria lehiaketara atera du, 664.153,56 euroko zenbatekoarekin. Zifra hori aurreko kontratuarena halako hiru da ia, orduan 279.099,86 euro bideratu baitziren lan horietara.
Azken hiru urteetan, 174 animalia jaso dira urtean batez beste (163 2022an, 209 2023an eta 149 2024an), eta horrek agerian uzten du zeinen beharrezkoa eta garrantzitsua den Udalak ematen duen zerbitzua, hiriko maskotak zaintzeko eta babesteko.
Zerbitzuaren xedea
Horrela, zerbitzuaren xedea da animaliak zaintzea enpresa esleipendunaren instalazioetan, denbora mugarik gabe, elikagaiak eta albaitaritza-zerbitzuak barne. Gainera, enpresa arduratuko da animaliak behin betiko adopzioan eman arteko izapide guztiez, eta ordura arteko zaintzaz. Adopzioak lortzeko, enpresa esleipendunak animalien berri ematen du beren bitarteko propioen bidez eta webguneko atarien bidez, eta animaliak bisitatzen uzten die interesa dutenei eta animaliak babesteko elkarteei.
Kontratazio honen bidez bi zerbitzu eskainiko dira: alde batetik, etxeko animaliak kaletik jaso, txakurtegira eraman eta zaintzeko lanak, 15 egunez gehienez ere, eta jabeek tarifak ordaintzeko betebeharrarekin, animalia berreskuratzean; eta bestetik, adopzioan emateko animaliak zaintzeko zerbitzua, denbora-mugarik gabe, norbaitek animalia adopzioan hartu arte.



