Maskoten zainketa egokia laguntzeko eta jabeen ardurez ohartarazteko ekintzak indartu ditu Irungo Udalak

Udaltzaingoko ordezkari Cristina Labordak asteazken honetan azaldu ditu azken hilabeteetan gizalegea sustatzeko abiarazi diren kanpainen berritasunak. Zehazki, animalien babesa aipatu du, funtsean txakurren jabeek dituzten bi ardurari buruz: jabeek txakurrak zaintzeko duten betebeharra, eta txakurren kakak lurretik jaso eta zaborretara botatzeko obligazioa. Gainera, berritasun batzuk izan dira adopzioan emateari dagokionez.

«Gizalegearen aldeko gainerako kanpainekin batera, urtarriletik, iragarri genuen bezala, agente zibikoen taldeak berriz ere nabarmendu ditu txakur-jabeek bide publikoan dituzten betebeharrak. Garrantzitsua da kontzientziatzeko mezu hori errepikatzea, beste ekimen batzuekin batera, hala nola txakurrentzako parkeak  berritzea edo animalien eskubideak aldarrikatzea, eta herritarren beharrak edo erreklamazioak bateragarri egiten saiatzea, bizikidetzaren alde» azaldu du Cristina Laborda ordezkariak.

Ordezkariak aipatutako berritasun bat da nezeserrena. Plastikozkoak dira, eta uhalari lotuta eramateko daude pentsatuta. Agente zibikoak egun hauetan hasiko dira horiek banatzen. «Osagarri sinple honen asmoa da txakur-jabeek kakak jasotzeko poltsak gordetzeko leku bat izatea, beharrezkoa denean erabili eta zaborretara botatzeko. Opari txiki hau oso praktikoa iruditzen zaigu: oso erraza da gainean eramatea eta, horrela, ez zaizkigu poltsak ahaztuko txakurra paseatzera eramaten dugunean».

Bigarren aukera, «agian, ez da horren ezaguna, baina animaliak adopzioan eskaintzen ditugu, azken urteotan indartu dugun animaliak jasotzeko eta txakurtegian gordetzeko zerbitzuaren barruan. Orain, Udalaren webgunea berritu dugula aprobetxatuta, adopzioaren berri emateko espazio bat txertatu dugu Udaltzaingoaren atalean, herritarrek errazago ikusteko. Elkarte animalisten eskaera bat zen eta, horrela, adopzioaren aukera irisgarriagoa izango da orain, eta interesa izan dezakeen ororen esku dago» gaineratu du Cristina Labordak.

Ordezkariak azaldu duenez, maskota bat jaso eta Udalaren txakurtegira eramaten den bakoitzean, adopzioan emateko moduan badago, Udalaren webgunean agertuko da. «Azken urteotan baliabide ekonomiko gehiago bideratu ditugu txakurrak behar bezainbeste denbora egon ahal izan daitezen Udalaren txakurtegian. Praktikan jartzen ari garen neurri bat da sakrifikatu behar ez izatea helburuarekin».

Gogoan izan behar ditugu maskoten jabeen betebeharrak: txakur guztiak erroldatuta egon behar dira, eta identifikatzeko mikrotxip bat eraman behar dute. Sistema horrek aukera ematen du animalia galtzen denean aurkitzeko, eta lapurtzeko arriskua murrizten du. Irunen 7.500 txakur daude erroldatuta gutxi gora behera. Pertsonak ibiltzen diren leku publikoetan (bide publikoak, parkeak eta lorategiak) lotuta joan behar dira. Txakur-kakak jasotzeko poltsei dagokienez, Udalak gogorarazten du horiek jasotzeko 62 paper-ontzi berezi daudela.

Udalaren webgunean badago «ohiko galderak» izeneko atal bat, bai eta aholku batzuk ere, txakurren zainketei eta jabeen ardurei buruzko zalantzak argitzeko.

Txakurrentzako hiru parke

Txakurrentzako aisialdirako eremuei dagokienez, Cristina Labordak gogoratu duenez, «azken urteotan parke berri batzuk ireki eta berritu ditugu, azkena Gain Gainean parkea. 2017an handitu zen, erabiltzaileen eskariei erantzunda, eta duela urtebete sarbideak hobetu genituen eta jolaserako elementu gehiago instalatu genituen, 50.000 euro inguruko inbertsioa eginda, aurrekontu parte-hartzaileen esparruan eginiko eskaera baten ondorioz». Gain Gaineko parke horretaz gain, antzeko instalazioak daude Osinbiribilen eta Puianan.

Azkenik, etorkizunera begira, Cristina Labordak ordenantza berri baten proposamena lantzeko helburua aipatu du, datozen hilabeteetarako. Elkarteekin hartutako konpromiso bat da, eta helburua da urratsak egiten jarraitzea animalia horien babesa handitzeko gure hirian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude