Udalak garapenerako lankidetza proiektuetarako emango dituen diru-laguntzak aurkeztu ditu gaur. Guztira, aurrekontua milioi erdi euro baino gehiagokoa da. Bi diru-laguntza motaren bidez banatuko dira: diru-laguntza izendunak eta deialdi ireki bidez. Bide batez, Gobernuz Kanpoko Erakundeen Azoka aurkeztu da ere: igande honetan izango da, hilak 28, Colón ibilbidean, 11:00etatik 13:30era.
Gaur goizean diru-laguntza hauek aurkezteko prentsaurrekoa eman da udaletxean. Bertan parte hartu dute Irungo Udaleko Giza Eskubideetarako, Memoria Demokratikorako eta Lankidetzarako ordezkari Gorka Álvarezek, María Serranok, Erika Gómezek eta Trini Férnandezekin batera, Behar Bidasoa, Chiapas Enea eta Tadamum elkarteko ordezkariak, hurrenez hurren.
Aurten guztira, Irungo Udalak 504.721,00 euro banatuko ditu, bi diru-laguntza motaren bidez. Batetik, 283.766,00 euro emango dizkie Euskal Fondoari eta Behar Bidasoa, Denok Osasunaren Alde, Proyde-Proega, Tadamum eta Taupadak elkarteei, diru-laguntza izendunen bidez. Bestetik, 220.955,00 euro deialdi ireki bidez banatuko ditu. 21 eskaera aurkeztu dira deialdira, herrialde pobretuetan emakumeak ahalduntzeko eta genero ekitatea sustatzeko, antolakundeak sendotzeko, elkarlan estruktural eta eraldatzailean aritzeko eta giza eskubideak babesteko proiektu eta prozesuei bultzada emateko, eta, behin teknikariek baremoak ezarrita, hamasei aukeratu dira.
Hain zuzen ere, elkarte hauek dira deialdi ireki bidezko dirulaguntzak jasoko dituztenak: Derandein Fundazioa, TAU Fundazioa, Gipuzkoako Óscar Romero Solidaritza Batzordea, Emigrados Sin Fronteras, Chiapas Enea, Manos Unidas, Adeco, Haurralde Fundazioa, Agua de Coco Fundazioa, Garabide, Enraíza Derechos, BLB, FISC Fundazioa, Nazioarteko Elkartasuna, Asociación Jorge Adolfo Freytter Romero eta ICLI Ingeniería para la Cooperación. Elkarte horiek guztiek Kolonbian, Bolivian, El Salvadorren, Guatemalan, Senegalen, Madagaskarren, Mexikon eta Kenyan lan egingo dute.
Álvarezek “erakunde horiek giza eskubideak babestu eta sustatzeko egiten duten lana” nabarmendu du. “Irungo Udala haiekin elkarlanean aritzera konprometituta dago, egoerarik okerrenean dauden herrialdeetan laguntzeko. Gainera, Arloak antolatu duen azokari esker, haien lana ezagutzeko aukera izango dugu, beste errealitate batzuk ikusteko eta munduko beste leku batzuetan zer-nolako zailtasunak dituzten jabetzeko aukera”, erantsi du.
GGKE Azoka
Izan ere, urtero bezala, igande honetan, hilak 28, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Azoka egingo da, Colón ibilbidean, 11:00etatik 13:30era, hiriko eta beste udalerri batzuetako 17 elkartek garapenerako lankidetzaren, giza eskubideen defentsaren eta garapenerako heziketaren esparruan egiten duten lana ezagutarazteko.
Erakundeek hainbat jarduera proposatuko dituzte: beren proiektuei buruzko informazioa emateko argazki eta panel erakusketa bat, txokolate dastaketa, txapak fabrikatzeko tailer bat, bidezko merkataritzako produktuen salmenta, haurrentzako jolasak, laguntza jasotzen duten herrialdeetako emakumeek egindako eskulanen salmenta, kamiseta eta kirol jertseena, eta laguntza jasotzen duten herrialdeetako bertako proiektuen inguruko proiekzioak.



