Irunek Haur eta Nerabeen Eskubideen Eguna ospatzeko ekintzak antolatu ditu. “Piztu haurren eskubideen alde” lelopean, aurten haur eta nerabeentzat ingurune digital segurua aldarrikatzeko ekintzak antolatu dira. Horrela, azaroaren 20tik 23ra egun honen ospakizunarekin loturiko ekintzak egingo dira hirian.
Azaroaren 20an ospatzen da Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna. Irungo Udaleko Gazteria Arloak, GazteARTEan-ek, UNICEFekin elkarlanean, haur eta nerabeentzako eta haien senideentzako egitarau oparo bat prestatu du. Ekimenak haur eta nerabeentzat ingurune digital segurua eraikitzea aldarrikatuko du, eta, horretarako, egitarau oparo bat eskainiko du: Pablo Soler psikologo, idazle eta dibulgatzailearen hitzaldi bat eta jarduera ludikoak.
Ekintzen egitaraua
Azaroaren 20an, Pablo Solerre “Mugak eta pantailak” hitzaldia emango du, arratsaldeko 17:30ean. Pablo Soler psikologo, idazle eta dibulgatzaileak haur eta nerabeei teknologia modu osasungarrian erabiltzen laguntzeko hitzaldi bat emango du, familiak eta hezitzaileak gogoan, “Pantailak: mugak, zaintzeko. Ados jarriz eta errespetuz laguntzea” izenburukoa. Zehazki, Solerrek mugei, arauei, arriskuen prebentzioari eta etxean zein eskolan aplika daitezkeen egiazko alternatibei eta baliabide praktikoei buruz jardungo du. Hitzaldira joan nahi dutenek izena eman behar dute, Udalaren webgunean.
Azaroaren 21ean, eskultura tailerra egingo da CBA Kultura eta Sormen Zentroan, 18:00etik 19:30era. Jon Benet ‘Jonbismo’ artista irundarrak tailer bat eskainiko du gaur egun CBAn ikusgai dagoen ‘Reencuentro’ erakusketarekin lotuta. Erakusketan inspiratutako eskultura bat egingo da tailerrean. Parte hartu nahi duten familiek udalaren webgunean eman beharko dute izena.
Azaroaren 22an, IrekiART espazioak, CBAN, Haurrentzako Kontukantari antzerkia hartuko du. Arratsaldeko 17:00etan izango da LaEnanaNaranja konpainiaren eskutik, euskarazko hamar abesti ezagun hartu, eta beste erritmo batzuekin kantatuko ditu: Txiki txikia eta Txan txibiri, besteak beste, reggae, rap eta blues doinuetan. Sarrera doan izango da.
Zabaltza plaza jolasleku
Azkenik, azaroaren 23an, jolasak Irun hartuko du 11:00etatik 13:45era. Irungo Udalak antolatuta, Txikis del Bidasoa eta Irun eta Hondarribiari lotutako beste erakunde batzuekin lankidetzan, familiek jolas eta tailerrez gozatu ahal izango dute Zabaltza plazan, Igandero programaren esparruan. Betiko jolasak, Santiagoko Deabruak kultur elkartearen eta Emhan espazioaren eskutik; klera eskuetan sortzeko jolasak, Aitor Espieren eskutik, eta mugimendu jolasak, HS2 surf zentroaren eta Txiki Festen eskutik; irakurketa, Parean elkartearen eskutik; eta ingurune naturalari balioa emateko jarduerak, Ekoetxearen eta Txinzerren eskutik.
Jolasen ondoren, 13:00etan, haurrentzako antzerkia hasiko da: Plaza. Sentimendu baten istorioa, La Pez konpainiaren berezko ezaugarriak biltzen dituen proposamen bat (lengoaien nahasketa, gertutasuna eta inprobisazioa), 2024an Euskadiko ikuskizunik onenarentzako saria irabazi zuena.
Gaztelekuak eta haur txokoak
Irungo gaztelekuek ere parte hartuko dute ekimenean, eta nerabeak teknologien erabilera arduratsuari buruz sentsibilizatzeko jarduera berezi batzuk eskainiko dituzte, azaroaren 20an bertan. Haur txokoek, berriz, muralak sortu, eta, hilaren 23an, Zabaltza plazan jarriko dituzte.
Irun, haurren hiri laguna
Irun haurren hiri laguna da, UNICEFek 2021ean ofizialki izendatu zuenez. Proiektuaren helburua haur eta nerabeentzako politikak garatzeko, etengabe hobetzeko eta berritzeko bultzada ematea da.



