Urte bukaera gerturatu ahala, Eguberrietarako plana itxuratzen doa. Ostiral honetan, Irungo alkate Cristina Labordak eta lehenengo alkateorde eta Hiri Bultzadako ordezkari Nuria Alzagak, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezekin batera, Irungo aurtengo eguberrietako kanpaina ezagutarazi dute: aurtengo leloa, “Gabonetan, hator, hator Irunera”. Udal eta foru ordezkariekin batera, Tomás Maeztu, Muganeko ordezkari gisa, eta José María Lumbreras, BidaShop-eko ordezkari gisa izan dira prentsaurrekoan.
Alkateak nabarmendu duenez, “beste urte batez, Irungo urte osoko plan nagusietako baten atarian gaude. Hilabeteetan, gogor lan egin dugu, eguberrietan ahalik eta egitarau onen eta anbiziotsuena ekartzeko, irundarrei ez ezik, urtez urte egun berezi hauetan gure planaz gozatzera etortzen diren bisitariei ere. Azken batean, eguberri hauetarako aukerarik onena Irun da”.
“Egun hauetan hiria dinamizatzeko, azken urteetan bezala, jarduera egitarau potente bat prestatu dugu, Irungo elkarteen laguntzarekin. Izan ere, hauxe da gure helburuetako bat: bertako talentuaren balioa erakustea eta etxekoekin lan egitea. Nolanahi ere, gure xedea bada hiriko ekonomia sustatu eta suspertzea ere, eta, horregatik, egitarauaren barruko erakargarri nagusiak ingurune komertzialetan antolatu ditugu, hala nola Zabaltza plazaren eta Luis Mariano lorategien inguruan”, erantsi du Labordak.
Domínguezen esanetan, “gaur egun, Gipuzkoan, turismoaren industria goraldian dago, eta, hori dela eta, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak horrelako ekimenak babesten ditu, gipuzkoarrei eguberrietan askotariko planez gozatzeko aukera emateko ez ezik, garatzen ari garen estrategia turistikoan sakontzeko; alegia, bisitari fluxuak urte osoan eta lurralde osoan banatzeko eta, horrela, turismoaren industriak sortzen dituen etekinak lurralde osoko familia gehiagorengana iristeko. Beraz, eguberri hauetan garraio publikoaren konexio bikainak aprobetxatu eta Irunera etortzera gonbidatzen ditut gipuzkoarrak eta bisitatzen gaituzten guztiak, hamaika plan izango baitute aukeran”.
Azken urteetan, eguberrietako eskaintzak garrantzi handia hartu du Irunen, eta ezinbestekoa bihurtu da bertakoentzat, baita erakargarri turistikoa bisitarientzat: bai lurraldekoentzat, bai ingurukoentzat; hau da, nafarrentzat zein Iparraldekoentzat.
Ezin huts eginezko hitzorduak
Abenduaren 4an, asteazkenarekin, 18:30ean, eguberrietako argiak pizteko ekitaldia egingo da, San Juan plazan: Irungo alkatea bera eta El Pilar ikastetxeko ikasleak arduratuko dira hiri osoko argi eta apaingarriak pizteko botoia sakatzeaz, eta Mateo Vergarak aurkeztuko du ekitaldia.
Arratsalde horretan bertan, 17:30etik, Pablo Méndez Performances konpainia prestigiotsua kalejiran ibiliko da, eta Udal Kontserbatorioko haurren abesbatzak gabon kanta herrikoien kontzertu bat emango du. Gainera, aurten, gonbidatu berezi bat etorriko da: Giselak, Operación Triunfo telebista saioko abeslari ezagunak, kontzertu bat emango du, San Juan plazan bertan, arratsaldea girotzeko.
Aurtengo eguberrietan, 300 apaingarri baino gehiago izango dira; aipagarrienak, hiru dimentsioko figura itzelak Pio XII plazan, San Migelen edota Sarjiako parkean jarriko direnak. Erdialdeko kaleetan, argiak abenduaren 4tik urtarrilaren 6ra bitartean egongo dira piztuta, egunero, 17:30etik 02:00etara, eta, auzoetan, 23:00etara. Gabon gauean eta Gabon zaharrean, berriz, 08:00etara arte egongo dira piztuta.
Ohikoa denez, LED argiei esker nagusiki, efizientzia energetikoa sustatuko da, eta elektrizitate gutxiago kontsumituko; alegia, gutxiago kutsatzen duen sistema bat hautatu da mikrobonbilletarako, argi harietarako, lanparetarako…
Bestalde, tripakada handien bezperetan gaudela kontuan izanda, Ficobak abenduaren 6tik 8ra bitartean BeVeggie jaialdi beganoaren seigarren ediziora etortzera gonbidatzen ditu herritarrak, erakustokietan elikagai % 100 begetalak eta beganoentzako egokiak diren produktu eta zerbitzuak (kosmetikoak, moda, habitata, ostalaritza eta turismoa…) ezagutzera.
Izotzezko pistak
Eguberri hauetan ere izotz sintetikozko pistak jarriko dira Irungo zenbait tokitan, eta, horrela, aurten ere, izotzezko bi pista instalatuko dira. Nagusia erdialdean egongo da, Luis Mariano lorategietan, abenduaren 13tik urtarrilaren 6ra arte: Espainiako izotzezko pistarik handiena, 800 m2 ingurukoa eta zirkuitu formatukoa, berdingabea.
Bestea Sarjia parkean egongo da, eta patinatzeko 160 m2-ko pista batek eta tirolina batek osatuko dute. Gainera, ondoan, haurrentzat instalatuko diren beste atrakzio batzuk izango ditu, hala nola eguberrietako herrixka, elementu argidunak, haurrentzako jarduera karpa bat eta ludoteka zerbitzu bat.
Azkenik, nabarmentzekoa da Antzaran plazan kokatuko den txirrista erraldoia, aurten nobedade bat izango baita gainera: bi curling pista, adin guztietako launa kideko taldeentzat.
Izotzezko pistak zein txirrista abenduaren 13tik urtarrilaren 6ra arte egongo dira irekita, ordu beretan:
- Abenduaren 13an, 17:00etatik 20:00etara
- Abenduaren 14an eta 15ean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara
- Abenduaren 16, 17, 18, 19 eta 20an, 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 20:00etara
- Abenduaren 21, 22, 23 eta 24an, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara
- Abenduaren 25ean, itxita
- Abenduaren 26, 27, 28, 29 eta 30ean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara
- Abenduaren 31n, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara
- Urtarrilaren 1ean, 17:00etatik 20:00etara
- Urtarrilaren 2 eta 3an, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara
- Urtarrilaren 4an, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara
- Urtarrilaren 5ean eta 6an, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara
Abenduaren 16tik 20ra, ikastetxeek erabili ahalko dituzte pistak eta txirrista, aldez aurretik erreserba egiten badute betiere.
Prezioak honako hauek izango dira:
- Izotz sintetikozko pistak
- 13 urtetik beherakoak: 2,5 €
- 13 urtetik beherakoentzako bost sarrerako bonua: 10 €
- 13 urtetik gorakoak: 4 €
- 13 urtetik beherakoentzako bost sarrerako bonua: 16 €
- Izotz sintetikozko txirrista
- Tarifa bakarra: 1,5 €
- Bost sarrerako bonua: 6 €
- Haurrentzako tirolina
- Tarifa bakarra: 1 €
- Bost sarrerako bonua: 4 €
- Curling pista
- Tarifa bakarra: 2 €
- Bost sarrerako bonua: 8 €
Eguberrietako azoka
Erreferentziazko beste gune bat, berriz ere, bertako merkatarien eta artisauen eguberrietako azoka izango da: hiriko hogei merkatari eta artisau baino gehiago Zabaltza plazan jarriko dira, egurrezko txaboletan, jende gehiagorengana iristeko eta egun horietan hirira etortzen diren bisitari ugariei beren produktuak ezagutarazteko. Besteak beste, artisau hauek bilduko dira: 4eta2, Amaren, made.chu, Petit Meraki, Gure Galtzerdia, O Más Cinturones, Ittoitta, Babalore, Jamel, Le Muguet, Olifer Cerámica, Piki’s Nature, Aurreratu Elkartea, Beliz, Antonio Anuncibay eta esther.de.donosti.
Azoka abenduaren 13tik urtarrilaren 5era egongo da zabalik, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik, 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara.
Animazio gehiago kaleetan
Azken urteetan, kaleko ikuskizunek eta animazioak garrantzi handia hartu dute. Hori dela eta, iaz, egitarauaren alderdi hori sendotzea erabaki zuen Udalak, eta, aurten, berriro ere, haren alde egingo du, hiriko erdialdeko kalerik komertzialetan bereziki, jende gehiago espero baitu han.
Horrela, txarangak, kalejirak, ongintzako kontzertuak, abesbatzen emanaldiak, tailerrak, zinema egokitua, ludoteka, gaming gune bat, magia gala bat eta beste asko izango dira.
Eguberrien inguruko erakusketak
- Jaiotza eta Olentzero erakusketa, Amaia KZko erakusketa aretoan, abenduaren 13tik urtarrilaren 5era, asteartetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara eta igandeetan 11:30etik 13:30era, abenduaren 24, 25 eta 31n eta urtarrilaren 1ean izan ezik
- Adorazioaren misterioa irudikatzen duen jaiotza, Ermita karrikako iturrian, abenduaren 13tik urtarrilaren 7ra
- Trenen maketen erakusketa, Palmera-Montero Gunean, abenduaren 20tik urtarrilaren 4ra, abenduaren 24, 25 eta 31n eta urtarrilaren 1ean izan ezik, 18:00etatik 20:00etara