Igande honetan Sagarfestek natura, sagardoa, pintxoak eta bertako kultura uztartuko ditu

Igande honetan, maiatzaren 18a,  Sagarfest izeneko ekitaldia antolatuko du berriro. Sagarrek proiektuaren barnean Oihana Recaldek antolatuko festa da, etapa berri baten hasiera ospatzeko. Ekitaldia goizeko 10:00etan hasiko da, Irungo Meaka auzoan, Borda Txiki tabernatik eskuinera doan bigarren bidean, sagastirako sarreran. Antolatzaileak aurreratu duenez, natura, sagardoa, pintxoak eta bertako kultura izango dira festa honetako protagonistak.

Festa honen bitartez ingurumena babestea, euskal kultura sustatzea eta lehen sektorea ezagutaraztea bilatzen da. Horretarako, bertaratuen esperientzia aberastuko duten hainbat jarduera antolatuko dira. Ekitaldia goizeko 10:00etan hasiko da sagastiko sarreran. 11:00etan Meakako sagasti berriaren inaugurazioa egingo da, bisita eta guzti. 11:30ean Irungo naturan barrena ibilbide laburra egingo dute, 20 minutu ingurukoa, Ola sagardotegira iristeko. Ibilbidea musikaz lagunduta egingo da, Auntxa Trikitixa eskolari esker. 12:00etan Ola sagardotegian sagardoa edo zukua eta pintxoa dastatzeko aukera egongo da, 13:30ak arte, orduan amaituko da ekitaldia eta. Bertako artisauek ere beren tokia izango dute, beren produktuak eskaintzeko, baina eskudirutan ordaintzeko aukera egongo da soilik artisauen postuetan. Hala ere, Oihana Recaldek aurreratu duenez sorpresa gehiago ere izango dira, bertsolariak eta txikientzako ekintza dibertigarriak barne.

Sagarfestez gozatzeko sarrerak

Ekitaldiaz gozatzeko sarrera erostea beharrezkoa izango da, plazak mugatuak dira eta. Sarrerak 10 euroan eskuratu daitezke esteka honetan.

Antolakuntzatik jaialdiaz gozatzeko hainbat ohar eman dira. Batetik, oinetako eta arropa erosoak janztea gomendatzen da. Bestetik, garraio publikoa erabiliz edo oinez hurbiltzea komeni dela azaldu dute, izan ere, ez dago aparkalekurik, ezta motorrak, bizikletak edo patineteak aparkatzeko lekurik ere ez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude