Apirilak data seinalatua du irakurleentzat, apirilaren 23an Liburu Eguna ospatzen baita. Udal Liburutegia irakurzalea den ororentzat tenplua izan daiteke, deskubritzeke dauden altxorrez betea. Aurten, gainera, urteurren berezia ospatzen dute bertan, 25 urte betetzen baitira Liburuaren Egunean irakurketa publikoak antolatzen hasi zirenetik. Ez da aurten ospatuko den bakarra izango, urrian 10 urte beteko baitira liburutegia Ikust Alaiatik CBA gunera lekualdatu zutenetik. Iñaki Ceberio liburuzaina bilakaeraren lekuko leiala izan da, bertan 3 hamarkada baino gehiago lanean eman ondoren.
Nola hasi zen liburutegiarekiko duzun lotura?
Orain dela ia 36 urte ailegatu nintzen Irungo Liburutegira, ezustean gainera. Ni zerrenda batean nengoen eta baja bat sortu zen, eta horrela hasi nintzen. Handik aurrera ibilbidea luzea izan da, baina harrezkeroztik hemen nago.
“Orain dela ia 36 urte ailegatu nintzen Irungo Liburutegira, ezustean gainera”
Irungo Udal Liburutegian hainbeste urte lanean eman ondoren, liburutegiaren hazkundearen eta bilakaeraren lekuko zuzena izan zara. Asko aldatu dira gauzak ordutik?
Bai, gauzak asko aldatu dira. Esaterako, liburutegia hasieran Ikust Alaian zegoen. Are gehiago, hasiera-hasieran liburutegiak eraikineko lehenengo solairua hartzen zuen bakarrik. Gero, pixkanaka-pixkanaka, eraikinaren goiko pisuetara igotzen joan ginen, espazio gehiago hartuz. Beraz, urteen joanarekin gauzak aldatzen joan dira aurrekontuaren eta beharren arabera.
“Ikust Alaia txiki geratu zen eta, egia da hemen leku gehiago dagoela, nahiz eta behar dugun leku guztia ez dugun”
Hori da. Gaur egun Udal Liburutegia Carlos Blanco Aguinaga (CBA) espazioan dago. Kokapen aldaketa horrek izan al du eraginik liburutegiaren bilkaeran?
Bai. Liburutegiaren kokapen aldaketarekin batera galdu egin dira Ikust Alaiak zeuzkan ezaugarriak. Ostera, espazio berri honek, beste hainbat gauza on ditu. Izan ere, Ikust Alaia txiki geratu zen eta, egia da hemen leku gehiago dagoela, nahiz eta behar dugun leku guztia ez dugun. Liburutegi batek behar duen espazio guztia izatea ez da inoiz gertatuko. Beraz, espazio aldaketa horretara egokitzeko denbora asko behar izan dugu, jada 10 urte baitaramatzagu. Oraindik gauzak lekuz aldatzen ari gara eta dena hobeto antolatzeko lekuak bilatzen ari gara. Beraz, uste dut inoiz ez dugula bukatuko horrekin.
“Beraz, urteen joanarekin gauzak aldatzen joan dira aurrekontuaren eta beharren arabera”
Hain zuzen ere, liburutegiak kudeatzen dituen funtsak asko eta asko dira. Zehazki, zenbat liburu dituzue?
Ba 90.000 liburu inguru ditugu. 2024. urteko liburutegiaren memorian jaso dugunez, liburutegiaren funtsa 122.307 dokumentukoa da, formatu ezberdinetan. Gehienak, 82.203, liburuak dira, baina ikus-entzunezko dokumentuek, elektronikoek, soinudunek, argitalpen seriatuek eta beste dokumentu batzuek ere osatzen dute. Funtsen hizkuntzaren arabera, 93.900 gaztelerazkoak dira, 18.430 euskarazkoak eta 9.977 beste hizkuntzetan daude. Iaz 4.016 dokumentu berri erantsi ziren liburutegiaren funtsera, biztanle bakoitzeko erosketen gastua 0,62€ izan zelarik. Bisitei dagokienez, 158.360 bisita jaso zituen liburutegiak 2024an, aurreko urtean baino % 10,68 gehiago eta urtearen amaieran bazkideen kopurua 34.659koa izan zen, aurreko urtean baino % 1,21 gehiago.
Eta liburutegiko erabiltzaileei dagokienez, profil anitzetakoak dira edo, kontrakoan, oso profil jakin batekoak?
Askotariko jendea etortzen da liburutegira. Egia da haur asko etortzen direla, gurasoekin etorri ohi direnak. Horretaz gain, heldu asko ere etortzen dira eta bertan ikastera datozen ikasleak ere ugariak dira, batez ere, unibertsitateko ikasleak. Baina bai, ohikoa denez, liburutegian jende desberdin asko elkartzen da. Egia da liburutegi berri honetara aurreko liburutegia erabiltzen ez zuen jende asko etortzen hasi zela. Beraz, kokapena horrelako gauzetan lagungarria suertatzen da, bai. Lehen Kale Nagusia igo behar zen eta orain berriz, plazan bertan dagoenez, eskailerak bakarrik jaistea denez, jende gehiago animatzen da. Itxurak ere asko egiten du. Alde batetik, Ikust Alaiak itxura kutunagoa zuen eta oso publiko jakin bat erakartzen zuen, baina bertan gauzak oso neurri txikian egiteko aukera zegoen. Hemen, CBAn, beste aukera batzuk daude eta jendea gustura dagoela nabaritzen da.
“Gaur egun oraindik jende gehienak paperean argitaratutako gauzak irakurtzen jarraitzen du”
Irakurketa ohiturei dagokienez, teknologia berriek horietan eragin dutela nabaritu duzue?
Ba ez pentsa eragina izugarria ere izan denik. Noski, eragina izan du, bai, eta horregatik, gu hori bideratzen ahalegintzen gara. Izan ere, liburutegiak badauzka horrelako aukerak ere. Euskadiko liburutegi sarearen bidez liburuak mailegatzen ditugu. Gaur egun oraindik jende gehienak paperean argitaratutako gauzak irakurtzen jarraitzen du. Jendeari liburua batez ere paperean gustatzen zaio. Liburu elektronikoak oso onak diren gauza asko dauzka. Adibidez, letren neurria handitzeko aukera edo hitzak markatzeko aukera. Paperak oraindik beste kutsu bat izaten jarraitzen du, eta beraz, liburutegitik gehien mailegatzen ditugunak liburuak dira.
Eta mailegatutako liburuei dagokienez, modak edo urteko garaiak eragiten al dute eskatutako liburu motan?
Beno, badakizu publizitateak eragin handia daukala. Esaterako, liburu batek sari bat jasotzen badu, adibidez, Nobel saria, Planeta saria edo Euskadi Literatur Saria, jendeak gehiago eskatzen ditu idazle horren liburuak. Era berean, aldizkari batean liburu baten erreferentzia agertzen denean ere nabaritzen da. Baina tira, beti ahalegintzen gara gauza berriak edo interesgarriak iruditzen zaizkigun gauzak erosten. Liburutegiaren sarreran mahaiak jartzen ditugu, jendeak berriak zeintzuk diren ikus dezan. Erosketa horiek astero-astero egiten ditugu.
“Zerbait berezia prestatu nahi dugu, orain dela 25 urte hasi ginelako Liburuaren Egunean irakurketa publiko hau antolatzen”
Liburutegi batean liburuak aipatzea ezinbestekoa da. Baina, horretaz gain, CBA liburutegiaren barnean liburuetatik harago doazen hainbat ekintza egiten dira.
Bai, liburutegiak liburuak gordetzeko espazioa baino zerbait gehiago dira, azken batean, liburutegiak gune kulturalak dira. Beti horrela izan da. Guk tailerrak, erakusketak eta antzeko bestelako ekintzak antolatzen ditugu beti. Izan ere, astero haurrentzako ipuin kontaketak izaten ditugu eta helduentzat, berriz, hilero. Horretaz gain, liburutegian literatur tailerrak eta hitzaldiak antolatzen ditugu. Hau da, denetatik.
Apirila hilabete berezia da irakurleentzat, hain zuzen ere, apirilaren 23an liburuaren eguna ospatzen delako. Eguna ospatzeko ekintza bereziak antolatzen hasi zarete?
Aurten gauza bat gertatzen zaigu, Liburuaren Eguna pazko astea dela, eta beraz, oporrak daude tartean. Ondorioz, ikasleak liburutegira erakartzeko zailagoa izango da. Beti egin ohi dugun bezala irakurketa publiko bat egingo dugu. Oraindik ez dakigu zein idazle etorriko den edo ez den euskal literatura ordezkatuz, liburua aukeratu gabe dago eta. Hala ere, beti egiten dugun bezala, aurten ere irakurketa egingo dugu. Era berean, zerbait berezia prestatu nahi dugu, orain dela 25 urte hasi ginelako Liburuaren Egunean irakurketa publiko hau antolatzen.
Liburuz inguraturik lan egiten duzu. Askok imajinatuko dute irakurzalea zarela, baina ez dakit hori benetan horrela den.
Beno, egia da irakurtzen dudala, baina konturatu naiz batez ere behar ditudan gauzak irakurtzen ditudala. Hau da, nik egiten dudana literatura profesionala dela esango nuke. Egia da, ondorioz, asko irakurtzen duzula. Nire kasuan, liburutegien munduan zein gauza egiten ari diren jakin behar dut, hau da, gauza berriak nondik nora doazen. Beraz, askotan nire eskuetara gauza asko iristen dira eta irakurri behar izaten ditut, iristen zaidan guztia irakurtzea ezinezkoa bada ere. Denetarik irakurtzen dut, aldizkariak, liburuak, egunkariak eta diskoak ere entzun behar izaten ditut. Hortaz, denetarik irakurri behar duzu, baina ez duzu astirik dena irakurtzeko.
Liburu bat gomendatu beharko bazenu, zein aipatuko zenuke eta zergatik?
Ez naiz eremu horretan sartuko. Zeren eta bakoitzaren gustuak ezberdinak dira.
“Nik uste dut Irunen oinarrizkoa den gauza bat behar dela, hau da, Irungo Liburutegien Sarea”
Etorkizunera begira, zeintzuk dira Irungo Udal Liburutegiaren erronkak?
Nik uste dut Irunen oinarrizkoa den gauza bat behar dela, hau da, Irungo Liburutegien Sarea. Irun oso hiri zabala da, luzea eta orain ere zabala. Bertan auzo asko daude. Beraz, legeak ezartzen duena betez, liburutegi sarea sortzea beharrezkoa da, bertan hirian dauden liburutegi guztiak bilduko dituena. Liburutegi bat ez da soilik 30.000 liburu baino gehiago biltzen dituen gela bat bakarrik. Liburutegietan zeregin hori menperatzen duten profesionalak egon behar dira eta hori unibertsitatean ikasten da. Liburutegi batean lan egiteak jendeak uste duena baina gauza zailagoak eta inportanteagoak eskatzen ditu. Bitarte horretan, gogoratu aurten 10 urte betetzen direla Udal Liburutegia CBA espaziora aldatu zenetik eta 25 urte betetzen direla Liburutegiaren Egunean Irakurketa Publikoak egiten hasi ginenetik.
Iñaki Ceberio Castro
Iñaki Ceberio Castro historian lizentziatua da eta Irungo Udal Liburutegiko Liburuzaina da egun. 1988ko uztailaren 29an hasi zen orduan Irungo liburutegia zen Ikust Alaian lanean. Ordezkapen bat eginez hasi zen bertan lanean, orduan liburuzainaren postua existitzen ez zenean. 1992an, berriz, Liburuzain postua sortu zen.
Elkarrizketa osoaren videoa Txingudi Onlinen ikusgai.