Irailaren 20an Bidasoa ibaiaren bazterrak arte garaikidez beteko dira Ribera Azokarekin

Irailaren 20an, larunbatean, Santiagoko bidegorriaren inguruan arte garaikidearen topaleku izango da  Ribera Azoka dela eta. Goizeko 11:00etatik aurrera hainbat ekintza egingo dira: mural baten erakusketa, dantza eta paseo bat. Era berean, Ribera beken azken edizioa irabazi duten proiektuen emaitzen aurrerapen bat aurkeztuko dira.

Ribera azokak memoria historikoaz, muga kontzeptuaz eta Bidasoa ibaiaz hausnartzera gonbidatzen du, arte garaikidearen eta diziplina artistikoen bidez, eta aurtengoa zortzigarren edizioa du.

Irungo Udaleko Kulturako ordezkari Nuria Alzaga Santiagoko bidegorriaren inguruan izan da gaur, Ane Gómez artistarekin batera, Ribera azoka aurkezten, izan erre, bidegorriko biaduktuko sarreran mural bat sortzeaz arduratuko da Gómez.

Alzagak adierazi duenez, “irailean, arte garaikidearekiko urteroko hitzordua dugu: Ribera azoka; lurraldean parekorik ez duen topaketa bat, askotariko diziplinen bidez bertako talentu artistikoaren balioa aldarrikatzen duena eta memoria, muga kontzeptua eta Bidasoa ibaia lotzen dituena”.

Irundarrek edizio honetan aukeran izango dituzten proposamen artistikoen artean badira mural baten erakusketa, dantza eta paseo bat. Era berean, Ribera beken azken edizioa irabazi duten proiektuen emaitzen aurrerapen bat aurkeztuko dira.

‘Sustraiak’ murala

Santiagoko bidegorriko biaduktuko sarreran, ‘Sustraiak’ mural berri bat margotuko da, mendia, ibaia eta migrazioa izango dituena protagonistatzat, eta, esan bezala, Ane Gómez artista arduratuko da sorkuntzaz. Gómez astelehenean hasi zen lanean, eta gure inguruko artista ezagunak ditu inspirazio iturri; besteak beste, Bienabe Artia eta Gaspar Montes Iturrioz. Horrela, eskualdeko paisaia mitikoak islatuko ditu bere muralean, hala nola San Martzial mendia.

Artista pintura klasikoan eta arte grafikoetan trebatu zen, eta, besteak beste, Espainian, Kolonbian eta Japonian jarri ditu ikusgai bere lanak. Era berean, espazio komertzial eta kulturaletarako proiektu aipagarrietan kolaboratu du.

Ribera bekak

Azokaren esparruan, azken edizioa irabazi duten proiektuen emaitzen aurrerapen bat aurkeztuko da. Maiatzean iragarri zenez, aurten, proiektu hauek izan dira bekadunakTravés, Ageda Blasco Eguía eta Izaro Ieregi Gonzálezena, eta Puente Avenida. Memoria histórica sobre sobre el Bidasoa, Rubén Ávila eta Maria José Noain Maurarena.

Ribera beken helburua Bidasoa ibaiari, memoria historikoari eta muga kontzeptuari buruzko ikerketa eta ekintza proiektu bat garatzea da. Proiektuek badute ezaugarri bat: tandem formatuan lantzen dira, profil desberdinak konbinatuta, artearen esparrukoa bata eta ikerketaren esparrukoa bestea. Halaber, badute berezitasun bat: ikerlanaren emaitza artistikoa da.

Través proiektuaren autoreek dokumentuen bidez azalduko dute beren proiektua; Puente Avenida. Memoria histórica sobre el Bidasoa proiektuarenek, berriz, argazkien bidez.

Paseo bat historian barrena

12:00etatik aurrera, ‘Goroldiorik Ez’ paseoa egingo da, inguruko emakumeen historia ezagutarazteko, skate parkearen ondotik abiatuta.

Dantza garaikidea

13:00etatik aurrera, Lokke konpainiak Doppelgänger ikuskizuna emango du, ikusleak doblea denaren eta denboraren eraldaketaz hausnartzera bultzatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude