Bihartik martxoaren 11ra arte eman beharko da izena Irrisarri Land-eko udalekuetan parte hartzeko

Irungo Udalak IrriSarri Landeko udaleluak proposatzen ditu 2024ko udararako. Horietan parte hartu nahi dutenek matxoaren 1etik, ostiraletik, martxoaren 11a baino lehen egin beharko dute izen ematea. Udaleku eskaintza 8 eta 16 urte bitarteko gazteei zeuzenduta dago. Guztira, 300 toki eskainiko dira, gehienez ere 50 parte hartzaileko sei txandatan.

Sergio Javier Gazteria arloko ordezkariak azaldu duenez, “Udaleku hauek oso erakargarriak dira gazteentzat eta arrakasta handia dute”. Gazteria Arloak udan eskaintzen duen programak familien beharrei erantzuten die, egun batzuetan abentura handiak bizitzea eta lagun berriak egitea proposatzen die gazte irundarrei, dibertitzeko helburuarekin. “Horregatik, urtero-urtero, ilusio handiz lan egiten dugu antolaketan, badakigulako gogo handia dagoela eta ahaztezinak gertatuko zaizkiela“, azaldu du ordezkariak.

Horrela, urtero moduan, Irungo Udalak hirian erroldatutako 8 urtetik 16 urtera bitarteko gaztetxoentzako udaleku programa bat antolatzen du. Udalekuak IrriSarri Land abentura parkean egingo dira, Igantzin. Parte-hartzaileek askotariko ekintzak egingo dituzte: zaldi gaineko paseoak, tirolinak eta mendi bueltak, besteak beste, naturarekin eta abenturarekin harremanetan. Aurten, guztira, 300 toki eskainiko dira, gehienez ere 50 parte hartzaileko sei txandatan, eta, txanda bakoitzean, toki bat behar bereziak dituzten edo instituzioen esku dauden haurrentzat gordeko da. Txanda guztiak euskaraz izango dira.

Interesdunek Udalaren webgunean eman dezakete izena , www.irun.org/sac helbidean, baita autozerbitzu terminaletan ere. Fitxa bakoitzean, hiru anai-arrebak, lagunek-eta ere eman ahalko dute izena; betiere, txanda bererako izena ematen badute eta adin talde berekoak badira.

Hona hemen aurtengo txandak:

  • txanda uztailaren 2tik 8ra bitartean izango da, 8-10 urtekoentzat (2014., 2015. eta 2016. urteetan jaiotakoentzat)
  • txanda uztailaren 8tik 14ra bitartean izango da, 11-13 urtekoentzat (2011., 2012. eta 2013. urteetan jaiotakoentzat)
  • txanda uztailaren 14tik 20ra bitartean izango da, 8-10 urtekoentzat (2014., 2015. eta 2016. urteetan jaiotakoentzat)
  • txanda uztailaren 20tik 26ra bitartean izango da, 11-13 urtekoentzat (2011., 2012. eta 2013. urteetan jaiotakoentzat)
  • txanda uztailaren 26tik abuztuaren 1era bitartean izango da, 14-16 urtekoentzat (2008., 2009. eta 2010. urteetan jaiotakoentzat)
  • txanda abuztuaren 1etik 7ra bitartean izango da, 11-13 urtekoentzat (2011., 2012. eta 2013. urteetan jaiotakoentzat)

Esan bezala, txanda bakoitzean 50 toki eskainiko dira guztira, eta toki bat behar bereziak dituzten edo instituzioen esku dauden haurrentzat gordeko da.

Zozketa eta hurrengo datak

Aurkezten diren eskaeren artean zozketa eginez erabakiko da nork parte hartuko duten udalekuetan. Zozketarako onartutako eta baztertutako eskatzaileen behin-behineko zerrenda martxoaren 14an eta 15ean kontsultatu ahalko da, www.irun.org helbidean, 010 eta 943 505 152 telefonoetan eta Udalaren autozerbitzu terminaletan, eta, bi egun horietan, egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahalko dituzte interesdunek. Zozketa martxoaren 20an egingo da, 10:00etan, jendaurrean. Adin tarte bakoitzeko zozketa bat egingo da: bat 8-10 urtekoen txandetarako, beste bat 11-13 urtekoen txandetarako eta beste bat 14-16 urtekoen txandarako. Emaitzak martxoaren 26tik aurrera kontsultatu ahalko dira, Udalaren webgunean, 010 eta 943505152 telefonoetara deituta eta Udalaren autozerbitzu terminaletan.

Azkenik, apirilaren 10etik 19ra bitartekoa izango da behin betiko izena emateko epea. Behin prozesua bukatuta, bilera bat egingo da udalekuetara joango direnen gurasoekin, programaren informazio guztia emateko.

AbenturaERO

Aurten, IrriSarri Land parkeko udaleku programaz gain, 2013tik 2016ra bitartean jaiotakoek AbenturaERO udaleku irekiak izango dituzte aukeran. Astebetez, astelehenetik larunbatera bitartean, goizez, eta ostiral gauean, parte hartzaileek eskalada, stand up paddlea, surfa, abentura parke batera bisita… egin ahalko dituzte.

Hiru txanda eskainiko dira, eta hogei toki txanda bakoitzean. Izena emateko epea apirilaren 22tik maiatzaren 2ra bitartekoa izango da, bi egun horiek barne.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude